2019an

Eusko Jaurlaritzak 811.800 euro bideratu zituen literaturarekin lotutako 49 proiektuetara

Lakuak eskainitako dirulaguntzei esker 477 liburu berri argitaratu ahal izango dira, besteak beste

09.01.2020 | 12:43
Liburutegi baten artxibozko irudia.

GASTEIZ. Amaitu berria den urtean, Eusko Jaurlaritzak 811.800 euro bideratu zituen literaturarekin eta liburugintzarekin lotutako 49 proiektuetara. Horrela, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 477 liburu argitaratzen lagunduko du. Euskadi Literatura Sariei dagokionez, 126.000 euro bideratu zituen, zazpi irabazleetako bakoitzari 18.000 euroko ordainsaria emateko.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak sei dirulaguntza lerro jartzen ditu abian urtero, hiru deialdiren bidez, literatura eta liburuen argitalpena laguntzeko. Lehenik eta behin, Eusko Jaurlaritzak urtero jartzen du abian 'Kultur Sormena' bultzatzeko dirulaguntza deialdia, kultur sektore ezberdinak hartzen dituena eta zazpi modalitate dituena. Horietako bi literaturarekin lotuta daude: 'Gazteei zuzendutako euskarazko literatura testuak sortzea' eta 'Euskarazko ipuinak eta eleberri laburrak sortzea'. Modalitate horietako lehenengoaren bidez, 8.000 euroko bost dirulaguntza eman ziren 2019an (40.000 euro guztira), eta, besteak beste, Yolanda Arrietaren eta Oihana Iguaranen azken lanak diruz lagundu ziren. Era berean, euskarazko ipuin eta eleberri laburrak sortzen laguntzeko modalitatearen bidez, beste bost lan lagundu ziren (8.000 euro bakoitzak; 40.000 euro guztira). Atal horretan John Andueza edo Nerea Loiola izan ziren onuradunetako batzuk.

Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak dirulaguntza deialdi bat du, batik bat argitaletxeei zuzenduta, euskarazko zein gaztelaniazko literatura-ekoizpen editoriala sustatzeko. Euskarazko ediziorako laguntzen bidez, 1.406 eta 173.234 euro arteko 18 dirulaguntza eman ziren (guztira, 511.800 euro). Dirulaguntza handienak Elkar, Pamiela eta Erein argitaletxeentzat izan ziren. Bestalde, gaztelaniazko ediziorako dirulaguntzen modalitatearen bidez, 2019an guztira 14 dirulaguntza eman ziren, 393 eta 50.286 euro artekoak (guztira, 115.000 euro). Astisendo Grupo Editorial, Elkar eta Erein izan ziren onuradun nagusiak. Guztira, deialdi honetako bi modalitateen bidez dirulaguntzaren bat jaso duten argitaletxe horiek 477 liburu argitaratu edo argitaratuko dituzte (317 euskaraz eta 160 gaztelaniaz).

Hirugarrenik, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 2017an jarri zuen abian 'Irudi Sorkuntza' sustatzeko dirulaguntza deialdia, bi modalitate dituena: 'Komikiak eta eleberri grafikoak' eta 'Album ilustratuak'. Komikiak sortzeko modalitatearen bidez, 15.000 euroko lau laguntza eman ziren (60.000 euro, guztira), eta Higinia Garay, Alejandro Macho, Iñaki Martiarena eta Iñaki Martinezen azken proiektuak lagundu ziren. Era berean, album ilustratuak egiteko modalitatearen bidez, hiru proiektu lagundu ziren, bakoitzarentzat 15.000 euroko dirulaguntza emanez; Itziar Aranburu, Ane Arzelus eta Eider Eibar izan ziren laguntza horien onuradunak.

Halaber, hiru deialdi eta sei modalitate horiez gain, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak literaturarekin eta liburugintzarekin lotutako beste hainbat proiektu babesten ditu. Euskadi Literatura Sariak antolatzen ditu, editore eta idazle elkarte nagusientzako dirulaguntza izendunak ematen ditu eta Durangoko Azoka ere diruz laguntzen du. Azkenik, jaialdiak antolatzeko dirulaguntza deialdiak literatura ardatz duten zenbait jaialdi laguntzen ditu.