Bilbo. Gasteizko udalak turismo web-orriak irudia berritu du erakargarriagoa egiteko eta interneten duen kokapena hobetzeko. Norbaitek Googlen 'Vitoria-Gasteiz' hitz gako gisa sartzen duenean, orri hori izaten da zerrendako lehenetako bat da orain web-orri berria.

Norbaitek interneteko bilatzaileetan "Vitoria-Gasteiz" hitz gako gisa sartzen duenean, Arabako hiriburuko web atariaren barruko turismoari buruzko atala izan ohi da zerrendako lehenetako bat. Orain, hiriaren erakusleiho birtualak irudi berritua du. Izan ere, Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Sailak eskaturik, Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren Sailaren laguntzarekin eta diseinu eta lan prozesu bateratu luze eta nekezaren ondoren, egindako aldaketak aurkeztu ditu Gasteizko Udalak, zeinak helbide honetan ikus baitaitezke dagoeneko: https://www.vitoria-gasteiz.org/turismoa

Batetik, eta erabiltzailearen esperientzia hobetzearren, edukien aurkezpen grafikoa modernizatu da, gailu mugikorrei begira batez ere, irudi eta tipografia handiagoak baliatuz. Nabigazio mapa ere optimizatu da, edukiak antolatu eta hierarkizatuz, ahal dela, informazioa lortzeko hiru klik baino gehiago egin beharrik ez izateko. Orobat, berrantolatu egin da informazioa, kalitateko eduki finkoak nabarmenduz eta informazio puntuala agendara eta albisteen atalera igorriz.

Bestetik, ahaleginak egin dira hiria erreferente berde gisa hobeto kokatzeko. Horretarako, eduki espezifiko berriak sortu dira, etiketa hauen pean: 'Bizi Berdea ondarea', 'Bizi Berdea natura', Bizi Berdea familientzat' eta 'Bizi Berdea gastronomía'. Baliabide turistiko interesgarriekin (elizak, museoak, plazak, jauregiak, azokak, parkeak€) lotutako kalitateko edukiak landu dira, geo-kokapena, argazki-galeriak, 360º-ko bisita birtualak, bideoak, eskuorriak eta bisitei buruzko informazioa barne.

Azkenik, itxura grafikoari eta nabigazioari dagokienez,aldaketak egin dira orri nagusian: karruselak irudi handiagoak ditu, eta unean uneko ekitaldi nagusiak islatzen ditu. Lehenengo orriak beti sei ekitaldi gailen jasotzen ditu, 'Ez galdu aukera!' tituluaren pean, eta hilero berrituko diren lau leku berezi, 'Toki xarmantak' atalean. Amaitzeko, eguneroko agendan hiru ekitaldi nabarmengarri hautatu dira.