DONOSTIA. Pasaden ostiralean, hilak 4, Eneko Goia alkateak iragarri zuen moduan, bihar, astelehena, hasiko dira Santa Klara uharteko Itsasargiko etxea husten. Eraikinaren barruan Cristina Iglesias artistak lantzen ari den eskultura jarriko dute.

Alkateak adierazi zuenez, hustuketa lanek hiru hilabete iraungo dute, eta hustu ondoren egituraren sendotzeari ekingo diote. Lan hori amaituta, behin betiko eraikuntza egingo da, Iglesias sortzen ari den eskultura barruan kokatua izan dadin.

Eneko Goiak azaldu zuenez, lan guztia ahalik eta arreta eta zuhurtzia gehienarekin egingo da, uharteari ahalik eta eraginik txikiena sortzeko. Horretarako, obra-hondakinak tratatzeko proiektua egina dago. Alkateak nabarmendu zuenez, interbentzioa Itsasargi barruan egingo da, eta, beraz, uhartea gaur egun dituen baldintza berberetan geldituko da.

Cristina Iglesias, bere aldetik, pozik agertu zen obrari hasiera eman zaiolako eta, era berean, barruan sentitzen duen “zirrara” adierazi nahi izan zuen alde eraikitzaile eta artistikoan ematen ari diren aurrerapausoengatik. Azpimarratu zuenez, bere lanak garrantzia emango dio "betiko uharteari", eta, aldi berean, itsasoaren kontserbazioak duen garrantziaz hausnarketa bultzatuko du.

Goia eta Iglesiasekin batera, uhartean izan ziren Gune Publiko eta Hiri Proiektuetako zinegotzi Marisol Garmendia, Eusko Jaurlaritzako Kulturako Sailburuorde Joxean Muñoz, Denis Itxaso, Kultura Foru Diputatua, Sabadelleko Iparraldeko zonaldeko arduradun Pedro Sánchez eta César Salvador, Pasaiako Portuko zuzendaria.