Baiona - Ikusmin eta samin handien artean epaitzen ari dira Cédric Bernasconi 40 urteko etxerik gabekoa. Duela bi urte, Mélodie Massé erasotu, jo, bortxatu eta hil zuela aitortu du egunotan Paueko auzitegian egiten ari den epaiketan. Biktimak 23 urte zituen eta baziren 8 hilabete haurdun zegoela. Erasoa eta hilketaren egunean bere amak Uztaritzen duen etxean zegoen Donibane Lohizuneko gaztea.

2017ko irailean atxilotu zutelarik egin zuen bezala, epaitegian ere ustezko erasotzaileak aitortu du harek hil zuela eta barkamena eskatu dio biktimari eta bere familiari. Aurrez aurrekoa tentsio handian iragaiten da eta auzitegi barruan negar malkoei ezin diete eutsi entzule askok. Bernasconik adierazi du ez zuela biktima hil nahi, lapurketa egin nahi zuen etxean baina gero ohartu zen neska bat zegoela barnean. Bi bortxaketen artean kafea eta wiskia edan eta telebista bat hartu zuen. Mélodie ito ondoren hiru orduz egon zen etxe barruan biktimaren mutil laguna agertu arte, eta orduan erabaki zuen ihes egitea.

Akusatuak hitz egiten duelarik biktimaren familia ateratzen da auzitegitik baina atzo senideek berek deklaratu behar izan zuten.

Amak ez du barkatuko Biktimaren amak argi utzi zuen ez diola sekula barkatuko eta ezinezkoa zaiola ustezko erasotzailearen barkamen eskaera onartzea. Biktimaren anaiak irainak bota zizkion ustezko hiltzaileari eta senideek lasaitu behar izan zuten. Mélodie Masséren mutil lagunak aurkitu zuen biktima hilda. Atzo argitu zuen bazuela urtea elkarrekin zeudela, biziki maiteminduak zirela eta deitoratzen duela goizago etxeratu ez izana surfa egiten ari zelako hilketaren unean. Hilda topatu zuen bikotekideak odola eta kolpeak zituen aurpegian, sudurra hautsia eta eskuak lotuak bizkarrean. Errudun sentitu zelakoan eta orduko tentsioa eta ezinegonarengatik bere kotxea apurtu zuen kolpeka.

Biarnoko hiriburuan ospatzen ari den auzian Cédric Bernasconiren amak berak zehaztu du bere semea mutiko alaia zela haurtzaroan baina gero arazoak metatu zitzaizkiola: droga, bortizkeria eta eskizofrenia. Semeaz beldur zela bota zuen amak epaitegian deklaratzen ari zelarik. Jarrera bortitza zuela eta, erietxe batera sartu nahi izan zuen, Claude Olive Angeluko auzapezak ere bai, baina osasun eta justizia sailak ez zieten kasurik egin eta handik gutxira gertatu ziren bortxaketa eta hilketa.

Mélodie Massé artatu nahi izan zuen medikuak azpimarratu du biktimaren heriotza baizik ezin izan zuela ziurtatu. Senideek dei egin zioten baina biktima hilda zegoen jadanik erasotzaileak ito egin baizuen zenbait oihala erabiliz ikerketaren arabera. Uztaritzeko etxean dena hankaz gora zegoen bortizkeria handi bezain izugarria izan baizen bertan medikuaren arabera. Epaiketa ateak itxita egitea eskatu zuen biktimaren familiak baina azkenean publikoak ikus ditzake saio guztiak. Epaia ostiral arratsean jakinen da, akusatuari bizi osorako espetxe zigorra eman diezaiokete.