BILBO. Euskadiko Gazteak Lankidetzan programako gazteak lanean ari dira Senegalen eta Perun. Irati Ayape eta Ainhoa Goñi Senegaleko osasun-zentroetan lanean ari dira eta Janire Aldecoa, Iera Díaz, Itxaso González eta Izar Larrea Perun.

Orain dela hilabete hasita, eta planeta osoan banatutako beste 100 gazte bezala, Euskadiko Gazteak Lankidetzan programan parte hartzen ari dira, 23 GGKEek eta Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak lagunduta.

“Orokorrean medikuaren kontsultan txandatzen gara eta parte hartzen dugu, beste egun batzuetan haurren txertaketan, zainketa-gelan eta ospitaleratzean aritzen gara eta beste batzuetan emaginarekin egoten gara jaio aurreko kontsultan eta erditzeetan”, adierazi du egun hauetan, lankidetza-lanari esker, bere esperientzia profesionala eta pertsonala aberasten ari den Irati Arapek.

“Zentro bakoitzak bere errutinatxoa jarraitzen du. Eurekin zenbat eta egun gehiago pasatu, gehiago fidatzen dira gutaz, eta autonomia handiagoa ematen digute. Maila pertsonalean, eta hartzen gaituen familiarekin, oso eroso sentitzen gara, nahiz eta zenbaitetan frustrazioa edo kezka eragiten digun emakumeak gizarte horietan duen egoerak”, erantsi du Ainhoa Goñik.

Peru

Collique herrian, Peru´n, Serso San Viator GGKErekin dauden Janire Aldecoak, Iera Díazek, Itxaso Gonzálezek eta Izar Larreak adierazi dutenez, “Collique hautsez betetako muino, asfaltatu gabeko kale eta etengabeko trafiko-hotsa duten eta konpondu gabe dauden errepide multzo bat da. Herrian inoiz ez da eguzkirik ikusten, hodeiek inoiz ez dute zerua ikusten uzten, haurrek ez dakite izarrak nolakoak diren, hauts, smog eta behe-laino nahasketa horrek eragotzi egiten baitie”.

Bertako bizi-baldintzak hobetzeko lanarekin konpromiso irmoa hartuta duten kooperante euskaldun hauek adierazi dutenez, “Colliguen bizi dira desegituratutako familiak, jasan dezaketena baino zama handiagoa bere gain hartuta duten amak, aukerarik ez duten gazteak eta ametsik egin ezin duten haurrak”.

Baina Iera Díazek azpimarratu duenez “Colliquen bizirauteko lan egiten da, txikienek ere ilusioa izatearen alde egiten dute borroka, jolasa eta heziketa lantzen dira eta munduan guztiontzat dagoela lekua uste da. Mundu honetan ausaz leku batean jaiotzen eta sortzen gara, eta munduak uneoro proban jartzen gaitu”.

Borondatezko 100 lankide

Aurtengo udan GGKEekin Asian, Afrikan eta Amerikan lanean ari diren borondatezko 100 lankide gazte horietako 82 emakumezkoak dira eta 18 gizonezkoak. Lurraldeen arabera zehaztuta, 20 arabarrak dira, 55 bizkaitarrak eta 25 gipuzkoarrak. Ehun gazte kooperante horiek honako herrialde hauetara joan dira: Peru, El Salvador, Guatemala, Honduras, Bolivia, Kolonbia, Mexiko, Ekuador, Senegal, Kamerun, Ghana, Mozambike, Nepal eta India.

Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz laguntza-proiektuak antolatzen dituzten Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeak dira Mugarik Gabeko Arkitektoak; Manuel Iradier Elkarte Afrikanista; Munduko Landagunea Garapenerako Elkartea; Garapenerako Lankidetzarako Egoaizia Elkartea; San Viator Elkartasun Zerbitzua Elkartea; Taupadak Elkartea; Nazioarteko Elkartasuna; Xenofobiaren aurkako taldea; Edex, Centro de Recursos Comunitarios; Ekintzaz Lagundu Fundazioa; Ayuda Más Fundazioa; Benito Menni Fundazioa; Gazteak eta Garapena Fundazioa; Juan Ciudad Fundazioa; La Valmuza Fundazioa; Mozambique Sur Fundazioa; Haurralde Fundazioa; Ahizpa Pasiotarrak; eta Medicus Mundi Bizkaia.