BILBAO. “Bizitzak erdigunera!” izango da Eudelen adierazpen instituzionalaren leloa Martxoak 8 dela-eta. Eudelek udalerri guztiei bidali die adierazpena grebaren eguna heldu baino lehen, adierazpena dagokien osoko bilkuretan eta bozeramaile batzarretan garaiz aurkeztu ahal izateko.

EUDELen Batzorde Eragileak adierazpena onetsi zuen otsailaren 15ean, eta, egun horretan bertan, udalerriei helarazi zitzaien.

Aurtengo dokumentuaren izenburua “Bizitzak erdigunera!” da, eta, ohikoa den moduan, Elkartearen beraren barnean adostu da. Dokumentua udalei proposatu zaie, erreferentzia-eredu modura; udal-autonomiarekiko begirunea izanik, asmoa da tokiko errealitate desberdinetara egokitu ahal izatea.

Gaur goizean, 12:00ak aldera, Gernikako Batzarretxean, aurtengo adierazpena tokiko sei emakume hautetsik irakurriko dute, “Euskal Emakume Hautetsien III. Batzarra” delakoaren markoan, Bizkaiko Batzar Nagusiek antolatuta.

Emakumezko alkate eta zinegotziak dira testua txandaka, euskaraz eta gaztelaniaz, irakurtzeko arduradunak, eta hiru lurraldeetako eta talde politiko guztietako udalak ordezkatzen dituzte. Josune Irabien, Amurrioko alkatea (EAJ-PNV); Idoia Buruaga, Elorrioko alkatea (EH BILDU); Alba Delgado, Barakaldoko zinegotzia (PSE-EE); Beatriz Marcos, Bilboko zinegotzia (PP), Pilar Legarra, Asteasuko alkatea (Independenteak) eta Paula Amieva, Getxoko zinegotzia (Elkarrekin Podemos).

Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea izango da Euskal Emakume Hautetsien III. Batzarraren burua, eta bertara joaten diran gizon politikariak, egun batez, konbidatuen lekuan egon beharko dira. Euskadiko Udalen Elkartearen izenean, Berdintasunerako ordezkari eta Galdakaoko alkate Ibon Uribe joango da ere.

ERAKUNDE-ADIERAZPENA: MARTXOAK 8 Emakumeen Nazioarteko EgunaBIZITZAK ERDIGUNERA!

Gizarteak mezu argia jaso zuen 2018an, Mugimendu feministak Martxoaren 8rako egindako emakumeen lan-etenaldi deialdiari eman zitzaion erantzunaren aurrean: kaleak bete ziren eta elkarlan-sareak sustatu, emakumeek beren aukera-berdintasuna erreklamatzeko abian jarrita zuten borrokak atzera bueltarik ez zuela.

2019rako ere indarrean jarraitzen dute emakumeen aldarrikapenek, “Bizitzak Erdigunera!” lelopean. Aurten ere, emakumeen bizitzak jasangarri, libre, anitz eta duinak izateko eskaerak kaleak hartuko ditu. Beharrezkoa da emakumeen lan-prekarietatea eta pobrezia salatzea, indarkeria matxista guztien aurka egitea, eta bazterkeria eta arrazakeriari uko egitea.

Gizarte honen barnean emakumeengan eragiten duten zapalkuntza eta diskriminazio-sistema guztiak desagerrarazteko lanean Udaletatik ere Martxoaren 8an Emakumeok planto egitea eta Bizitzak Erdigunean jartzea aldarrikatuko dugu.

Eta zer esan nahi du azken horrek, zehazki?

Gure bizitzak sostengatu eta beroriek erdigunean jartzeko ordainduak eta ordaindugabeak diren lan guztiak beharrezkoak diren heinean, nagusiki emakumeoi egokitu zaigun zaintza-lan hori guztia eremu pribatu horretatik atera behar dugula; hau da, zaintza eta etxeko lanen ardura sozializatu behar dela eta gizonek eta erakunde publikoek ardura zuzenak hartu behar dituztela.

Denboraren erabilera orekatzea erabat estrategikoa eta gakoa da berdintasun-politikak eraginkorragoak izan daitezen. Europako Berdintasun Adierazleak kontuan hartzen dituen esparruetatik Denborakoan eragiteak, Boterea, Ezagutza, Dirua eta Enpleguetako domeinuetan eragitea ere badakar.

Aurrekari hauek aintzat hartuta, Udalei ondorengo erabaki hauek hartzea proposatzen zaie:

? Berdintasun erreala eta eraginkorra bermatuko duten politika publikoak burutzeko ardura hartzea.

? Zaintza-lanak bere politika publikoen erdigunean jartzeko ardura hartzea.

? Mugimendu feministak deitutako greba dela eta, udaleko emakumezko hautetsi eta langileei greba egin ahal izateko erraztasunak emateko ardura hartzea.

Azkenik, herritarrak deitzen ditugu Emakumeen Nazioarteko Egunagatik Mugimendu feministak Martxoaren 8an deitutako mobilizazioetan eta ekitaldi desberdinetan aktiboki parte hartzera.