BILBO. Ziurtagiriaren elkarteak jakinarazi duenez, 2017ko edizioan, irabazleen aukeraketa publikoaren proposamenetatik abiatuko da. Aurten, Bai Euskarari Elkarteak publikoaren ekarpenak jaso nahi ditu saridunak zeintzuk diren erabaki aurretik eta, hori dela eta, irailaren 17ra bitartean hautagaiak proposatzeko epea zabalik egongo da. Ondoren, Bai Euskarari Elkarteak izendatuko duen epaimahaiak hiru saridunak hautatuko ditu. Lotura honetan hautagaiak proposa daitezke:https://goo.gl/forms/JSs3l9cZ8wZjSyti2
Aurten ere hiru sari banatuko dira: Bai Euskarari ziurtagiria duten erakunde guztien artetik, bik Bai Euskarari Saria jasoko dute, eta hirugarren saria Bai Euskarari Laguna izango da, Euskal Herriko pertsona batek jasotzen duen saria euskararen alde egindako lanagatik edo ekarpenagatik.
Horretan, hiru hautagai proposatu behar dira. Alde batetik, Bai Euskarari ziurtagiria dutenen artetik, bi proposatu behar dira Bai Euskarari Saria jasotzeko; aukeraketa egiteko, Bai Euskarari ziurtagiridunen mapa kontsulta daiteke esteka honetan: https://www.baieuskarari.eus/eu/ziurtagiridunak. Beste alde batetik, pertsona bat hautratu behar da Bai Euskarari Laguna sariarekin aitortua izateko. Proposamenak jaso ondoren, Bai Euskarari Elkarteak izendatuko duen epaimahaiak hiru saridunak hautatuko ditu.
BONUA
Aurtengo edizioan, berritasun moduan, proposamenak bidaltzen dituzten pertsonen artean bonuak zozkatuko dira Bai Euskarari ziurtagiria duten entitateen produktuetan edo zerbitzuetan gastatzeko.
Alor sozioekonomikoan euskalduntzean eragitea da Bai Euskarari Elkartearen helburua eta sari hauen bidez arlo horretan euskara sustatzeko eragin duten entitateak eta pertsonak saritu eta eredu bihurtu nahi dira.
Orain arte Bai Euskarari Saria irabazi duten erakundeak eta pertsonak hauek dira: 2009an, JEZ (Laudio), IMH Institutua (Elgoibar) eta Kirmen Uribe; 2011n, Refractarios Kelsen (Aduna), Hirukide ikastetxea (Tolosa), Sokoa (Hendaia) eta Xabier Mendiguren Bereziartu; 2012an, Skunk Funk, Arlan (Erandio) eta Jose Anjel Iribar (Athletic); 2013an, VUSA eraikuntzak (Galdakao), Leitzako, Aresoko, Goizuetako eta Aranoko ziurtagiridunak, Anaje Narbaiza (Elay); 2014an, Banaiz Bagara, Mendia Optika (Gasteiz) eta Kike Amonarriz; 2015ean, Euskal Herria Esnea, Nekatur eta Gaizka Garitano; 2016an, Sorginen Museoa eta Lezea (Zugarramurdi), Laneki eta Mikel Lezamiz (Mondragon Taldea).