ZALANTZAK izan ditut, bai, zalantzak, lerro multzo honen izenburua aukeratzeko orduan. Nola asmatu? Zalantzak; “han eta hemen”, “hemendik harataraino”, “eta orain zer?” eta abar luze bat. “Betaurrekoak” aukeratu dut izenburua. Eta egia da, uste dut. Hauteskunde hauek, izan, badituzte ikuspuntu eta perspektiba ezberdinak eta anitzak, anitzak eta desberdinak, eremu ugari, interes, irrika eta helburu poliedrikoak. Betaurreko ezberdinak behar, bertara begiratzekoak, urrunagokoak, argitasun beldurgarriari aurre egiten dioten betaurreko beltzak, itxaropentsuak, beldurrezkoak, eszeptikoak, progresiboak (haratago begira-tzen saiatzen direnak), betaurreko errealistak, posibilistak, inuzenteak, ezkorrak, baikorrak, abertzaleak, ez abertzaleak, euskaldunak (nafartarrak barne), ez euskaldunak, autonomistak, ez autonomistak, espainolak, espainolistak, madridistak, Feijotarrak, Ayusotarrak, Sancheztarrak, Podemostarrak eta abar. Zeren betaurreko bakoitzak bere foku partikularra dauka. Betaurreko guztiak dira zilegiak. Badaude betaurreko gehiago, hots, Arabarrak, Bizkaitarrak, Gipuzkoarrak eta Nafarrak. Badaude betaurreko donostiarrak, Bilbotarrak, Gasteiztarrak, Iruñarrak ere. Betaurrekoak leku, irrika, arazo, desio, beldurra, poza eta kezka ezberdinen ispilua gardenak dira. Legalitatea eta etika bereizten dituztenak. Benetakoak dira, errealak. Eta ez dira kontraesanetan jauzten. Betaurreko batzuk ez ditugu gehiegi erabili beharko: Bizkaian, Bilbon, Araban eta Donostian adibidez. Baina, zer gertatuko da, daiteke, Gipuzkoako Lurraldean, Gasteiz hirian, Durangon, Tolosan, Nafarroako Iruiñean, nor bozkatuena Nafarroan?. Hegoaldeko Euskadiko betaurreko poliedriko multiusos bat erabiliko beharko ditugu maiatzaren 28an. Betaurreko polibalenteak, ausartak, anitzak, irekiak eta zintzoak. Betaurreko bereziak behar lotsagabekeriak, gezurrak, populismoak, adanismoak eta hitz hutsak detektatzeko. Edota Iturgaitz eta bere etxeko hainbaten hitzek sortzen duten auzo lotsa garbi ikusteko. Betaurrekoak behar, bai, beraien burua independentistatzat (lehen abertzaletzat) dutenentzat eta iraganeko amnesia kolektiboa bultzatzen dutenak ikus ahal izateko. Ni neu behintzat, saiatu, saiatu naiz betaurreko ezberdin eta bereziak edukitzeko maiatzaren 28ko gauean. Eta zer esanik ez Katalunian, soberanisten esparruan, gerta daitezkeen emaitzez jabetzeko betaurreko bereziak.

Nire aita zenak, Inosenek, betaurreko oso egokituak izan zituen beti, hau da, 36ko ondorengoak ikusten zituen bote prontoan. Nik neuk ere betaurreko egokituak, guztiz bereziak erosiko ditut, aurrera begiratzen dutenak dira, baikorrak, itxaropenaz beteak, guztiz euskaldunak eta abertzaleak, inklusiboak, solidario eta irekiak, begirunez eta adeitsutasunez hornituak. Zubigileak. Nire betaurreko berriak erronkei aurre egitekoak dira. Soka luzeak dituzten betaurrekoak dira. Garestiak baina aberatsak. Jendartea eta bere ongi izatea helburu dutenak. Optika dendaren bila nabil. Ea ba.