Dantza garaikidea, antzerkia eta zinemaren arteko loturak eta bideak sendotuz, klima-aldaketaren ondorio larrien gaineko hausnarketa izan nahi du apirilaren amaieran Lesakan (Nafarroa) estreinatu eta dagoeneko herrialde horretako zenbait eszena-aretotan taularatu duten Ultimatum lanak. Led Silhouette konpainia 2016an sortu zuten Jon Lopezek eta Martxel Rodriguezek Lesakan bertan, eta, egun, euskal zein estatuko eszena garaikideko apustu eraldatzaileenetako bat da. “LED argiak diodoetan oinarritutako teknologian du jatorria; nolabait errateko, kontrakoen talka balia-tzen da argia eragiteko. Guk bikotean sortzen dugu: bi garun eta gorputzen arteko talka, krisi eta akordioetatik. Hortik hasi ginen Led hi-tza erabiltzen, konpainiaren izen bihurtu zen arte. Silhouette abizenak itzalei eta argitzen ez denari egiten die erreferentzia, lehen hi- tzari oposizioa eginez”, azaldu du Rodriguezek.

Ultimatum sortzeko xedea naturaren larrialdi-egoera izan zuten abiapuntu kontzeptual gisa. “Urgentzia eta erabaki bat hartzeko beharra irudikatu eta gorpuztu nahi genituen. Horretarako, eszenak ematen dizkigun baliabide guztiak erabili ditugu: espazio sonoroa, argiteria, eszenografia eta, nola ez, mugimendua. Azken horri dagokionez, gorputz-gaitasun, dinamika eta egote desberdinak landu ditugu, hasieran bortitzagoak diren egoerak planteatzeko eta bigarren erdialdean keinu leunago eta jarraituago bat garatzeko”, aipatu du Rodriguezek. Kontrajarriak diren egoera korporal horietatik abiaturiko inprobisazio ugari egin dituzte prozesuan taldeko partaideek, eta hortik sortu dute material koreografikoa. Izan ere, istripu baten aurrean gorputz batek izan di-tzakeen afektuen artean, paralisia eta urgentzia gailentzen direla uste dute.

'Ultimatum' eko eszena bat.

'Ultimatum' eko eszena bat. Irantzu Pastor

Dantza-estudiora heldu aurretik, storyboard moduko bat lantzen dute Led Silhouette konpainiako kideek. Bertan, irudi, egoera eta atmosfera batzuk planteatzen dituzte, hasiera batean ordena jakinik gabe. Gero, beste plano batean, material koreografikoa sortzen hasten dira, musika-konposizioarekin batera garatzen dena. Pixkanaka, gorputzek hasierako irudi horiek zeharkatzen dituzte, piezaren bidaia edo dramaturgia finkatuz. “Hasierako iruditeria abiapuntu ireki bat bezala ulertzen dugu; ez baitu esan nahi estudiora pieza egina eramaten dugunik”, gehitu du Rodriguezek.

Soinua eta isiltasuna

Depresioa, isolamendua, indibidualismoa eta gainbehera soziala ditu ardatz Ultimatum lan poliedrikoak. “Isiltasunak eta bakardadeak presen-tzia handia dute obran. Erranen nuke bakardadeak isiltasunak baino presentzia handiagoa duela, isiltasun sonoroaz hitz egiten badugu, behintzat. Estimulu konstanteek, sorpresek eta aldaketa bortitzek eragiten duten dinamika azeleratua bakardadeko momentuekin eta hutsarekin uztartzen saiatu gara”, dio Rodriguezek. Haren aburuz, edozein artefaktu artistikok hartzaileari eragitea bilatzen du. “Publikoa sartu den bezala ateratzen bada, gure lanak ez du zentzurik. Lanak ikuslea zeharkatu behar du, eta haren barrenean zerbait aktibatu: gogoeta bat, emozio edo afektu bat... Kode hauetan lan egiteak ulertu/ez-ulertu binomiotik aldentzeko aukera ematen digu plano diskurtsiboan”.

Mathilda Haynesek idatzi eta egin du testuaren lokuzioa, ingelesez, eta haren itzulpena Danele Sarriugartek egin du. “Guretzat plazer handia izan da Mathildarekin elkarlanean piezaren testuak sortzea. Bere bideoklip batean kolaboratu ondoren hasi zen gure arteko laguntasuna. Album hartako kantuetako bat agertzen da Ultimatum lanean, Phenix izenekoa; testuaren estetikaren oinarria finkatu du kantu horrek. Daneleren parte-hartzea prozesuaren bukaeran agertu da. Asko miresten dugu haren sorkuntza eta lana, eta itzulpena berak sinatzeak poz handia ematen digu”, gaineratu du Rodriguezek. Lesakan egin zuten apirilaren amaieran jendaurreko lehen emanaldia, eta beste bolo batzuk ere eskaini dituzte jada Nafarroan. Azken urteetan 40 emanaldi inguru egiten dituzte urtean: batzuk Euskal Herrian, gehienak Espainiar Estatuan eta baten bat Europan. “Kasik astero bolo bat egitearen erritmoak dakartzan gozamen eta nekea parekoak dira; horregatik, proiektuak denboran modu sanoago batean nola banatu pentsatzen ari gara. Hurrengo sorkuntza Alemaniako konpainia batekin eginen dugu, eta urte bukaeran estreinatuko da”.