EHUko Soziologia irakaslea

Eguzki Urteaga : "Kortsika eredua da Iparraldean ere etengabe hazten ari den euskal abertzaletasunarentzat"

EHUko irakaslearen hitzetan, oso poliki bada ere, EH Bai koalizioak eta EAJk goranzko joera dute Hendaia eta Zuberoa artean. Hogeita hamabigarren liburuan gai hori aztertu du martxoaren 15 eta 22 udal hauteskundeen bezperan

29.02.2020 | 06:19
Eguzki Urteaga

Ipar Euskal Herrian euskal abertzaletasunak izan duen bilakaera sakona aztertu du Eguzki Urteaga soziologoak.

Abertzaletasunak dio Iparraldeko hirugarren indarra dela. Horrela al da?

-Azken hamabost urteetan hiru garai bereizi daitezke. 2005etik 2011ra doan lehen fasean, alderdi abertzaleak hirugarren indar politiko bezala finkatu ziren. Beraz bi itzulitan ospatzen diren hauteskundeetan, abertzaleen bozkak ezinbestekoak zaizkie estatu mailako alderdi nagusiei bigarren itzulian gehiengoa lortzeko. 2011-2017 garaian, bozka abertzaleak jauzi kuantitatibo eta kualitatiboa eman zuen alternatiba bezala aurkeztuz zentro-eskuinaren aurrean eta ezkerreko lehen indarra bilakatuz Alderdi Sozialistaren kalterako. 2015eko departamentu hauteskundeak mugarriak izan ziren, lehen itzulian, 12 barrutitatik 5etan aber-tzaleak lehen ala bigarren sailkatu baitziren, eta, bigarren itzulian, bozkatzaile sozialista eta ekologistak bereganatzeko ahalmena eduki baitzuten. Azkenik, 2017tik aukera berriak aurkezten zaizkie alderdi abertzaleei, batetik, Ipar Euskal Herria erakundetu baita Euskal Elkargoaren sorrerarekin, eta, bestetik, bakegintza eta elkarbizitzan urratsak eman direlako ETAren armagabetze eta desegitearekin eta Frantziako gobernuaren espetxe politikaren malgutzearekin.

Herrietan indarra dauka aber-tzaletasunak, ez hainbeste hirietan. Baserri guneetako ideologia bilakatzeko arriskua al dago?

-Alderdi abertzaleek emaitza hobeak lortzen dituzte herri txiki edo ertainetan eta zailtasunak dauzkate hirigune nagusietan. Emaitza esanguratsuak eskuratu dituzte Zuberoa, Baxe Nafarroa eta Lapurdi barnealde zein hegoaldean, ez ordea Baionako hirigunean, Angeluren kasua paradigmatikoa delarik. Egoera horrek bi arrazoi dauzka. Batetik, euskal hizkuntza, kultura eta ohiturek indar gehiago daukate landa guneetan hiriguneetan baino. Bestetik, biztanleri fluxu garrantzi-tsuak gertatu dira azken hamarkadan, Iparraldeko biztanleria %9,6a hazi baita, nahiz eta modu ezberdinean gertatu lurraldeen arabera, eta biztanleria gehigarri hori, maila handi batean ez baita Euskal Herrian jaioa. Ez daukate atxikimendu bera bertako hizkuntza, nortasun eta lurraldeari. Dena den, egoera aldatzen ari da, Baiona inguruan Uztaritze ala Hiriburun bezala, bozka abertzaleak gorantz egin duelako nabarmen.

Abertzaletasuna errotzen al da edo zenbait pertsonalitateri lotuta dago bakarrik?

-Iparraldeko bozka abertzalearen hazkundearen berezitasuna da pixkanaka baina seguru goranzko joera daukala, gorabehera handirik gabe. Hori gertatzen da, 1963an abertzaletasun modernoa sortu zenetik Enbata alderdiaren sorrerarekin, abertzaleak oso presente eta aktibo izan direlako gizarte zibil antolatuan, enpresa, sindikatu, elkarte eta gizarte mugimenduetan. Luzaroko lan horri esker, hasiera batean batez ere mugimendu abertzaleak babesten zituen aldarrikapenak gizarteratu dira eta bai gizarteak bai bertako klase politikoak bere egin dituzte. Horrek, une batetik gora, bere isla eduki du hauteskundeetan. Horrek ez du kentzen, Frantziako hauteskunde-sistema notabilista den mailan, hautetsi abertzale batzuk erreferente bilakatu direla, hala nola, Jakes Abeberry Miarri-tzen edota geroago Alain Iriart Hiriburun.

Euskal departamendua edo autonomia eskatzen zuten lehen alderdi abertzaleek. Elkargoak indargabetu al ditu aldarrikapenak?

-Enbata sortu zenetik, departamendua, autonomia edo independentzia aldarrikatu izan dute. Lurralde erreformaren ondorioz, departamenduak ahuldu direnez, adostasun zabala lortu zen Lurralde Elkargo Berezia eskatzeko. Dena den Frantziako gobernuak ezezkoa eman eta Euskal Elkargoaren sorrera proposatu zuen eta euskal hautetsiek horren alde egin zuten. Azken hiru urteetan indar gehienak erakunde horren osaketan bildu dituzte. Lan horri esker, eskuratu zitzakeen eskumen guztiak bere egin ditu eta erakundea antolatu eta martxan jarri da. Aitzitik, hemendik aurrera, erakunde berri horrek eskaintzen dituen aukera guztiak baliatzeaz gain eta, bere baitan, abertzaleek geroz eta pisu gehiago lortzeaz aparte, abertzaletasunari ezinbestekoa izango zaio baldintza politikoak sortzea estatus bereziko Lurralde Kolektibitatera igarotzeko trantsizioa ahalbide-tzeko.

Alderdi abertzaleak agintean daude Kortsikan eta, gainera, lau diputatutik hiru bereak dira. Ipar Euskal Herrian ere alternatiba izan daitezke be-netan?

-Kortsikan gertatutakoa eredugarria izan daiteke Ipar Euskal Herriarentzat. Borroka armatuaren garaia amaituta, indar abertzale autonomista eta independentistek batzeko ahalmena eduki dute elkarrekin gobernatzeko. Bestetik, 2015eko lurralde hauteskundeetan %35,34a lortu ostean, lurralde gobernua eta legebiltzarra eskuratuz, kudeaketa gaitasuna agerian utzi dute baita zilegitasuna irabazi ere. Horri esker, 2017ko lurralde hauteskundeetan, erraz gailendu ziren botoen %56,46 lortuz. Kortsikak erakusten du, indar abertzaleak batu ezkero, kudeatzeko gaitasuna erakutsi eta egitasmo komuna babesten badute, indar politiko nagusiak bilakatu, erakundetzean aurrerapausoak eman eta politika publiko handinahiak martxan jarri daitezkeela.

Lo último Lo más leído