Euskaldunen istorioak

Nortasuna eta duintasuna berreskuratzen: Euskal Herriko Gerra Zibileko hobien mapa

Oroimen historikoaren bilaketa prozesuak aurrera darrai nahiz eta oso berandu hasi izanak datu falta nabarmena eragiten duen

27.03.2021 | 00:45

Plazaratu berri den Gerra Zibileko deshobiraketak Euskadin izeneko txostenak 2003 eta 2020 urteak bitartean egin diren deshobiraketak jasotzen ditu. Txosten hau, Gogora eta Aranzadi Zientzia Elkarteak elkarrekin daramaten lankidetzaren ondoriozko emaitza da.

2000. urtean Priaranza del Bierzo (León) izeneko herri batean, Gerra Zibileko deshobiraketen prozesua hasi zen, lehen aldiz, metodologia arkeologikoa erabiliz. Bertan Aranzadi Zientzia Elkarteko kideek parte hartu zuten arkeologia eta antropologiako disziplinen metodoak aplikatuz.

Arkeologia, indusketa bera egiteko eraz arduratzen da, datu eta informazio zehatz eta gehiena lortzea baita helburua. Hobia aurkitu ondoren, lurra astintzen da hobiaren mugak antzeman arte: gehienetan, kolore aldaketa bat somatzen da, izan ere, materia organiko gehiago duenez, hobiaren lurra ilunagoa izaten da. Lurra ateraz, hezurrak agerian uzten dira. Erabiltzen den metodoa pedestal deritzo, hau da, hezurrak azaleratzen dira zorutik nabarmenduz. Gizabanako bakoitzari dagokion eskeletoa bereizten da. Horrekin batera, gizabanakoarekin erlazionaturiko objektuak eta elementuak dokumentatzen dira. Gorpuzkinak metatuak egoten dira askotan, gorpuak hobira ordenarik gabe bota zirelako; horrek indusketa kontu handiz egin behar izatea baldintzatzen du, hezurdurak eta gainerako elementuak ondo dokumentatzeko. Bertan datza antropologoek indusketan duten esku har-tze garrantzitsua.

Honen guztiaren ostean, hezurren azterketa antropologiakoa egiten da, nazioarte mailan dauden metodo estandarizatuak aplikatuz, sexua eta adina estimatzeko. Hezurren neurriak eta morfologiak, bereziki hainbat hezurrena, hots, buruhezurra, koxala edo masailarenak ahalbide-tzen dute emakumearen eta gizonaren arteko bereizketa egitea. Adina estimatzeko bestetik, kontuan har-tzen dira eskeletoaren heldutasuna eta degenerazio zeinuak, zeintzuk, adinaren arabera, bizkarrezurrean, masailezurretan, koxaletan eta artikulazioetan antzemate diren. Bestalde, berariazko beste ezaugarri batzuk ere azter daitezke, berezitasun anatomikoak eta patologikoak, besteak beste. Modu horretan errekuperatutako gizabanakoen ezaugarriak zehazten dira identifikazio prozesua hasteko.

Aldez aurretik, azterketa historikoa eta datu bilketa egin behar dira hobiaren kokapena eta hobiaren ingurumariak jakiteko, adibidez, bertan egon daitezkeen pertsonen kopurua, bere identitatea edo gertakizunen informazioa jasoz. Beti ez dira datu zehatzak lortzen, eta horrek zailago egiten du ikerketa prozesuak aurrera jarraitzea. Ba-tzuetan desagertutakoen senideak gugana iritsi izan dira zuzenean hobiaren indusketa eskatuz, jakin badakitelako hobiaren kokalekua eta bertan egon daitezkeen pertsonen identitateak; baina tamalez, oso kasu gutxitan gertatu da hori Euskal Herrian, izan ere, ohikoena datu gutxi batzuk eskuratzea da, gertaera haiek ezagutu zituztenak, gure artean ez daudelako.

Datu asko falta 

Oroimen historikoaren bilaketa prozesua oso berandu hasi denez, datu asko falta dira eta gainera, zailagoa izaten da haiek berreskuratzea: informazio asko galdu da hiru belaunaldietan. Hala eta guztiz ere, 2000. urteaz geroztik Estatu mailan 800tik gora hobi induskatu dira eta 10.000tik gora lagunen gorpuzkinak errekuperatu dira.

Euskal Herrian deshobiraketak 2002an hasi ziren; Martin Ibargurenek El Bierzon egiten ari ziren indusketen berri jakin zuenean, Aranzadira deitu zuen Zaldibian hobi baten kokapena zekiela adierazteko. Bertan, Aranzadik egin zuen indusketan, bi pertsonen gorpuzkinak aurkitu ziren. Urte bereko azaroan Ibarretxe lehendakariak adierazpen instituzionala egin zuen frankismoa gaitzetsiz. Hurrengo urtean Eusko Jaurlaritzak Aranzadirekin lankidetza-hitzarmena sinatu zuen, Euskadin Gerra Zibilean desagertutako pertsonen gorpuzkiak aurkitzea, berreskuratzea eta identifikatzen saiatzeko helburuarekin.

Harrez geroztik, Aranzadiko Antropologia Departamentuko kideek burutu eta bideratu dituzte Euskal Herrian egin diren hobi-indusketak, ondorengo azterketa antropologikoak eta identifikazio-prozesuak. Ordutik hona, 46 hobi induskatu dira eta 110 pertsonen gorpuzkinak berreskuratu dira. Prozesu guzti horren bilakaera diakronikoa ez da erregularra izan, hobien topaketaren arabera izan delako. Lehenengo urteetan hobien kokalekua zerbait zehatzagoa jakiten zen: lehen aipaturiko Matazal (Zaldibia) hobiaren kasuan, informatzaileak esandako tokian zegoen hobia. Gauza bera gertatu zen Antzuategi baserritik gertu zeuden bi hobiekin, baserri bertakoek ezagutzen zituztelako. Baina, beste kasu askotan ordea, prospekzioak egin diren lekuetan ez da hobiaren arrastorik topatu. Honela, egindako prospekzio guztien %60an ez da hobia aurkitzea lortu.

Azkeneko urteetan bilaketa lan horietan garrantzitsua izan da Euskal Prospekzio Taldeak egindako miaketak, beraiek hobi ugari topatu baitituzte.

Hobien lurralde banaketan, nabarmena da hobi gehienak Bizkaian aurkitzen direla, zeintzuk gudari edota milizianoenak diren, hain zuzen ere. Hau 1937. urteko martxoaz geroztik borroka lazgarrienak Bizkaian izan zirelako da. Gatazka latzak izan ziren mendi gailur eta tontorretan, ejertzito frankistaren ofentsibaren ondorioz, Gipuzkoatik mendebalderantz hedapenari ekin ziotenean hain zuzen. Gipuzkoa eta Bizkaiaren arteko mugan, Intxorta mendian adibidez, izan ziren guda gogorrak. Horrekin erlazionatzen dira Elgetan eta Intxortan aurkituriko hiru hobi, non hamabi gudari errekuperatu diren. Antzekoak dira ere Zirarda mendian (Elgoibar) edota Zelaietaburun (Etxebarria, Bizkaia) topaturiko hobiak, azkeneko honetan hiru gerlarien gorpuzkinak berreskuratu ziren lubaki batean hilobiratuak.

Azkena, Bizkargin 

Bizkaian nabarmenak dira bestetik Amorebieta-Etxano, Lemoan eta Larrabetzun aurkituriko hobiak. 2020an Bizkargi mendian induskatu da azkeneko hobia. Horietako kasu batzuetan identifikazio-plaka hezurrekin batera topatu da. Lehen Mundu Gerran soldaduen gorpuak identifikatu ahal izateko, soldaduek komenigarria edota derrigorrezkoa zuten beren izena edota identifikazio zenbaki bat grabatua zuten disko bat lepotik behera zintzilik eramatea. Horrela, Eusko Gudarostean Agirre lehendakariak ejertzitoko kide guztiek horrelako plaka bat eramatea agindu zuen. Hori dela eta, bakoitzari zenbaki bat ematen zitzaion, bere nortasuna zehazten zuena eta soldata kobratzeko ere balio zuen. Era horretan plaka agertu den kasuetan, zuzenean gorpuzkinei identifikazioa eta izena jartzea lortu da, identifikazio hori azterketa genetikoak eginez berretsiz.

Identifikaturiko pertsonen gorpuzkinak ekitaldi ofizialetan familiei itzuli zaizkie, non erakundeetako partaideak bertaratu diren: Eusko Jaurlaritzako sailburuak, Aldundietako Oroimenaren arduradunak, Udaletako alkate eta zinegotziak, eta Sabino Arana Fundazioaren, sindikatuen eta alderdi politikoen ordezkariak besteak beste. Bestalde, identifikatu gabe gelditu diren gorpuzkinak Elgoibarren dagoen Duintasunaren Kolunbarioan hilobiratu dira, 2017an eta 2018an egindako emanaldi instituzionaletan Urkullu lehendakaria buru zelarik.

Guztira 27 pertsona identifikatu dira eta beraien arrastoak errekuperatzeaz gain, beraien oroimena ere berreskuratu da. Horien artean emakume bakarra identifikatu da, zeinek Mónica Barrón del Val zuen izena. Bera eta bere senarra, Florentino García, atera zituzten Santa Gadean (Burgos) zegoen beraien etxetik, eta Primitivo Fernández de Labastidarekin Arabako La Tejera parajera eraman zituzten eta bertan erail. Hobi estu eta txiki batean hilobiratu zituzten. Ordea, ezin izan da, berriz, Donostiako Puente del Hierroko hobian aurkituko beste emakume bat identifikatu.

Deshobiratutakoen artean ia denak gizonezkoak dira, eta hauen artean gehieneak gerran hil zirenak. Bestalde, Iragorrin (Oiartzun) eta Amasan (Amasa-Villabona) aurkitutako pertsonen gorpuzkinak epaiketarik gabe hildako zibilenak ziren. Gauza bera ziurtatu ahal izan genuen Alto de la Horcan (Bóveda, Araba).

Kasu bakar batean esku hartu dute epaileek: Donostiako Puente del Hierron, lan publiko batzuk egiten ari zirela, bi hobi agertu ziren. Lehenengo hobian hiru gizonezko zeuden, horietako batek soinean zerama-tzan botoietan SS ikus zitekeen, hau da, Donostiako funtzionario edo langile bat zen. Datu horri esker lortu zen gorpuzkinak identifikatzea.

Topaturiko gudarien hobien artean adibide bezala aipatuko dugu Mendatan (Bizkaia) induskatu zena. Gernikako bonbardaketaren ondoren Pedro Uriguen zauriturik iritsi zen Mendatako baserri batera. Frankistek bertan atxilotu eta baserritik gertu erail zuten. Baserrikoek, apaiz baten bitartez, gertatukoaz abisua eman zieten senitartekoei. Familiak ezagutzen zuen lurperatua zegoen lekua, beraiek gorde eta zaindu zuten. Aranzadik indusketa egin zuen, baita bere gorpuzkinak topatu ere. Azterketa antropologikoaren ondoren, identifikazioaren baieztapen genetikoa lortu zenean, familiari arrastoak itzuli zitzaizkion Mendatako udalak antolaturiko ekitaldi batean, non Eusko Jaurlaritzako, Gogorako eta elkarte ezberdinetako ordezkariak izan ziren. Guztietan bezala, oso momentu hunkigarriak izan ziren.