Urtarrilaren erdialdean gaude, eta sentsazio orokorra da hilabete hau betierekoa izaten ari dela. Egunak ez dira pasatzen eta hilabetea ez da bukatzen. Denok dakigu urtarrilak gainerako hilabeteetako egun berberak dituela, bat gora, bat behera. Baina zergatik egiten zaigu hain luzea? Hainbat azalpen daude, eta sentsazio hori ere azaldu daiteke zientziaren arlotik.

Alde bat begi bistakoa da: abenduko zalapartaren ondoren errutinara itzultzea, klimaren baretasuna eta helburu berriak. Faktore horien ondorioz, denbora luzatzen ari dela ematen du, edo gutxienez, sentsazio horrekin bizi gara.

Zergatik urtarrila luzeagoa dirudi?

Hasteko, abenduarekiko kontrasteak amaigabea izatearen itxura ematen dio urtarrilari. Abenduko jaien, erosketen eta ekitaldien ostean, lanera itzultzeak eta errutinak urtarrila hutsik eta pausatuago sentiarazten du. Jendea lasaiago bizi da, ez ditu hainbeste plan egiten, eta buruak beste era bateko egoerak eskatzen ditu. Horregatik da hain handia aurreko hilabeteko aldea. Gainera, ezin dugu ahaztu faktore ekonomikoa: urtarrileko aldapa gero eta handiagoa da, eta, ondorioz, planei dagokienez ere, eskas gabiltza.

Bestalde, egunak luzeagoak dirudite, estimulu gutxiago daudelako. Urte berriko helburuak urrun ikusten dira eta itxaronaldia areagotu egiten da, gure egunek luzeagoak dirudite eta espero dugun saria oso urruti kokatzen dugu.

Klima hotza da, eta urtarrila hilabeterik hotzena. Neguko klimak jarduera gutxiago eragin ditzake aire zabalean, eta horrek lasaitasun-sentsazioa eragin dezake. Egia da lurralde honetan euria ohikoa dela, eta ohituta gaudela horrekin bizitzen, baina urtarrilean, arrazoi batengatik edo besteagatik, ez gara hainbeste ateratzen.

Soilik ekonomikoa ez den aldapa

Urtarrileko aldapa askotan gastu ekonomikoetara mugatzen dugu: gabonetako erosketak, ordainketen pilaketa eta hurrengo soldata heldu arteko itxaronaldia. Baina ikuspegi hori motz geratzen da. Hori dio Ane Etxeberria psikologoak: “Urtarrileko aldapak badu oinarri ekonomikoa, baina batez ere emozionala da”.

Izan ere, estres ekonomikoak eragina zuzena du gure eguneroko bizipenean. Etxeberriaren hitzetan, “ziurgabetasun ekonomikoak garuna alerta egoera batean mantentzen du, etengabe”, eta horrek nekea eta tentsioa areagotzen ditu. Egoera horretan, azaldu duenez, denbora motelago igarotzen dela sentitzen dugu, arreta etorkizuneko kezketan jarrita dagoela eta ez unean bertan.

Horri gehitu behar zaio kontraste emozionala. Abenduaren amaierako intentsitatea (ospakizunak, sozializazioa, errutinatik irtetea…) bat-batean eten da, eta urtarrilean egunerokotasuna gailentzen da. “Garunak aldaketa bortitza hautematen du: estimulu asko izatetik ia batere ez izatera pasatzen gara”, azaldu du psikologoak. Trantsizio horrek hutsune-sentsazioa sortzen du, eta urtarrila “hutsagoa” eta luzeagoa bihurtzen da.

Urtarrilak estres ekonomiko asko dakar Freepik

Faktore sozialek ere badute pisua sentsazio horretan. Neguak eta testuinguru ekonomikoak eraginda, jendeak plan gutxiago egiten ditu eta harreman sozialak moteldu egiten dira. “Egunek eduki gutxiago dutenean, garunak erreferentzia gutxiago ditu denbora neurtzeko”, eta horregatik, egunak amaigabeak direla sentitzen dugu.

Azkenik, erru-sentsazioa aipatzen du adituak, urtarrilean bereziki agertzen den elementu gisa. Gastatu izanaren errua, edo “orain konpentsatu behar dut” pentsamendua oso presente dago. “Gure buruarekin zorrotzagoak gara urtarrilean, eta horrek atseden psikologikorako tartea murrizten du”, ohartarazi du. Atsedenik ezean, eguneroko karga astunagoa bihurtzen da, eta denboraren pertzepzioa berriro ere luzatu egiten da.

Horrela, urtarrileko aldapa ez da soilik kontu korrontean islatzen den fenomenoa. Aldapa emozionala ere bada, non estresa, erritmo-aldaketa eta harreman sozialak gurutzatzen diren. Horrek azaltzen du, hein handi batean, zergatik bizi dugun urtarrila urteko hilabeterik luzeena balitz bezala.

Azalpen zientifikoa

Denboraren pertzepzioa ez da objektiboa. Hori da zientziak aspalditik argi duen zerbait. Erlojuek berdin markatzen dituzte segundoak urtarrilean zein uztailean, baina gure garunak ez du denbora neurtzen, baizik eta esperientziak, eta hor dago gakoa.

AEBetako Baylor University-ko Psikologia eta Neurozientzia Saileko ikerketek azaldu dute garunak denbora nola hautematen duen: zenbat eta estimulu berri gehiago izan, denbora orduan eta azkarrago pasatzen dela sentitzen dugu. Aldiz, errutina nagusitzen denean, sentsazioa kontrakoa da.

Unibertsitate horrek azaldutakoa oso argi ikusten da errealitatean. Denok noizbait sentitu dugu ondo pasatzen dugunean denbora azkarrago pasatzen dela, edo lanpetuta gaudenean gure lantokian, ez digula denborarik ematen. Kontran, aspertuta gaudenean edo lanean ez daukagunean lan karga handirik, denbora askoz astiroago doa.

Berdina gertatzen da urtarrilean. Egunak oso antzekoak dira elkarren artean. Baylor University-ko txostenak dioen bezala, esperientzia berririk gabe, garunak erreferentzia gutxiago sortzen ditu, eta horrek denbora luzatu egiten dela sentiarazten gaitu.

Hainbat adituk ikertu dute garunak nola eragiten duen helburuen lorpenean. Freepik

Antzeko emaitzak jaso zituen John Hopkins University-ko ikerketa-talde batek denboraren pertzepzioari buruz egindako berrikuspen zientifiko batean, “Time perception and attention” deiturikoa. Bertan, azaltzen zuten arreta non jartzen dugun funtsezkoa dela: arreta etorkizunean edo zain egotean jartzen dugunean, denbora motelago igarotzen dela sentitzen dugu. Hori argi ikusteko, udara bidaiatu behar dugu: momentua disfrutatzen gaudenean, orainaldia, oporrak… denbora ez da urtarrilean bezain geldoa.

Frantziako Université de Paris-eko psikologo eta ikertzaile batek emozioek denboraren pertzepzioan duten eragina azaldu zuen: intentsitate baxuko emozioak nagusi direnean, denbora luzeagoa egiten zaigu. Ez da tristura izan behar sentitzen duguna, guztiz kontrakoa, emozio “lauak” nagusitzen direnean gertatzen da hau.

Memoriak ere eragina du. Stanford University-ko psikologia arloak azaldu zuen bezala, denboraren balorazioa begirada atzera botata egiten dugu. Hilabete batean non oroitzapen gutxi pilatzen diren, luzea izan ahal dela ondorioztatzen du arlo horrek egindako ikerketak. Urtarrila, zerbait bada, berritasuna gutxiko hilabetea da, eta memorian astuna bilakatzen da.

Ondorioa argia da: urtarrila ez zaigu luzeagoa egiten egun gehiago dituelako, baizik eta estimulu gutxiago, emozio lauagoak eta itxaronaldi gehiago pilatzen direlako. Zientziaren arabera, denboraren sentsazioa ez dago egutegian idatzita, baizik eta gure garunean eraikitzen da.

Urtarrilean egunak luzeagoak dirudite, estimulu gutxiago daudelako. Freepik

Nola egin urtarrila arinagoa?

Urtarrila luze egiten bazaigu, tentagarria da hilabetea ahalik eta azkarren pasatzea nahi izatea. Baina adituen arabera, ikuspegi horrek kontrako eragina izan dezake: “Urtarrila ez da gainditu beharreko oztopo bat, baizik eta erritmo motelago batera egokitzeko aukera”, dio Ane Etxeberria psikologoak.

Horretarako, ezinbestekoa da urte hasierako helburuen logika berrikustea. Helburu handiek (pisua galtzea, bizimodua aldatzea, errendimendua hobetzea…) presioa eta frustrazioa sortzen dituzte askotan. “Garunak epe oso luzeak ikusten dituenean, saria urrunegi dagoela sentitzen du, eta horrek denbora luzatu egiten du”, azaldu du Etxeberriak. Horregatik, adituak gomendatzen du helburu txikiak jartzea, aste edo egun gutxitan bete daitezkeenak, egunerokotasunean aurrerapen-sentsazioa lortzeko.

Horretarako modu egoki bat da helburuak beti neurgarriak izatea, eta aste bateko epean neurtzea. Gure helburua bizimodu aktiboago bat izatea bada, egokiagoa izango da asteetan planteatzea: astean birritan joango naiz aktibitate bat egitera.

Bigarren estrategia nagusia errutinan berritasun txikiak txertatzea da. Ez da aldaketa handirik behar: ibilbide desberdin bat, asteko egun batean jarduera berri bat frogatzea, edo ohiko plan bati buelta txiki bat ematea. “Berritasun txikiek garunari erreferentzia berriak ematen dizkiote, eta horrek egunak laburrago sentiarazten ditu”, dio psikologoak. Urtarrilean, hain zuzen ere, berritasun horiek berez ez direnez agertzen, nahita bilatu behar dira.

Hori inplementatzeko modu bat astean zehar egun jakin batean (edo bitan) errepikatuko den jarduera batean pentsatzea da. Adibidez, orain, “streaming” plataformekin, telesailen atalak beti ditugu eskura. Baina telesail batekin gozatzen badugu, ikusteko egun bat bilatzea tresna bat izan daiteke. Gauza bera gertatzen da pelikulekin.

Haurren kasuan, urtarrila ere hilabete luzeagoa da, eta tresna bat izan daiteke astean egun bat aukeratzeko elkarrekin pelikula bat ikusteko, edo bestelako jarduera bat egiteko.

Plazer txikiek ere funtzio garrantzitsua betetzen dute. Testuinguru ekonomikoa dela eta, askotan plan handiei uko egiten diegu, baina horrek ez du esan nahi atseden emozionalik ez dagoenik. Etxeberriak azpimarratzen du plazerrak ez duela zertan garestia izan behar. Etxeko erritu atseginak sortzea, denbora propioa berreskuratzea, edo plan sinple baina esanguratsuak egitea nahikoa izan daiteke egunak arintzeko.