LUR IDORRA
Espainian, ustelkeria-kasu baten inguruabarrek ekarri zuten PPren gobernuaren kontrako zentsura-mozioa, eta horren ondorioz, Pedro Sanchezek izan zuen gobernatzeko modua. Demokrazia oxigenatzea eta berritzea, herritarren eskubideetan aurrera egitea, Estatuko askotariko errealitateak aintzat hartzea eta abar izan ziren aldaketarako oinarrizko printzipioak. Izan ere, atzean laga nahi ziren Katalunian gertatutako guztia, zerbitzu publikoetan eginiko murrizketa handiak, bai eta herritarren askotariko eskubideetan gertaturiko atzeraldia ere. P. Sanchezen gobernuak zein berau sostengatu dutenek asko egin dute, nahiz eta, hainbatetan, gobernuaren jarduna erdipurdikoa, zalantzaz eta oztopoz gauzatutakoa izan.
Baina gobernuak barrutik egin du eztanda, eredugarritasuna hizpide izan zutenak, denboraren joanean, ez direlako eredugarri suertatu, alderantziz baizik. Atentzioa deitzen du ustelkeriaren pipiak jota dagoen eskuinaren eta eskuinean eskuinago kokatzen direnen jardun nagusia gobernua eraisten saiatzea izatea, dela Espainiako Parlamentuan, etengabe, ematen ari diren irudi eta arduragabeko oposizioaren bidez, dela epaitegietan bultzatzen ari diren askotariko ekimenen bidez. Aspalditik helburua ez da herritarrei irtenbiderik eskaintzea, ez eta politika publikoetan eragitea ere… Helburua etsaia, zentzurik ankerrenean, edonola birrintzen ahalegintzea da, eta bidenabar, Espainiako Gobernuaren jarduna zelanbait sostengatu zutenak zipriztintzen saiatuz.
PP alderdia iritsiko da, lehenago edo geroago, Espainiako Gobernura… eta eskuin muturrean bizi diren bere aliatu naturalen eskutik iritsiko da gobernatzera. Gobernuari ahalik eta lasterren heldu beharrak, desesperazioak, bestela pentsatzen dutenekiko zubiak eraikitzera baino lotura oro desegitera eraman baititu, eta horrek soka luzea ekarriko du. Ustelkeria-kasuek jarrera proaktiboa behar dute, besteak beste, herritarrei zor zaielako, argibiderik eskaini ez eta demokrazian sinesten ez dutenak gizentzen eta aupatzen direlako. Hori esanda, ukaezina da jardunbide politiko, mediatiko eta judizial zabala antolatuta dagoena eta, jardunbide horretan, estrategiak alienatuta eta ontzi komunikatuak daude albait alarmarik eta presiorik handiena sorrarazi nahi dutenen artean. Batzuen neurririk gabeko estrategiak eta arduragabekeriak demokraziaren oinarrizko habeak txikitzera daramatzate eta hortik ez datorke ezer onik epe ertainera zein luzera.
