Hamarkadetan gauzatu den dinamika dugu gizartearen sektore jakin batek bideratu duena, espazio publikoa eta gizartearen hainbat aldarrikapen nahierara baliatzea helburutzat duena. Horiek horrela, gizarte demokratiko batean onartezinak diren jokabideak iltzatu ez ezik «normaltzat» ere jo dira. Halandaze, jaien egitaraua paratzean, sektore jakin batek, jite jakin bateko jarduerak edota sokakoek bultzatutakoek ezartzen dituzte; txosnen espazioan nor egon daitekeen eta nor ez erabakitzen dute; aldarrikapen batzuen atzealdean, esate baterako, euskararen edota euskal kulturaren eremuan, haiek bezala pentsatzen ez dutenak baztertzen, seinalatzen eta salatzen dituzte...
Nago azken bolada honetan ez dugula hobera egin! Inguruabar horretan, txosnen eremuaren kudeaketan azken urteetan jazotzen ari dena, iceberg edo izozmendiaren muturtxoa baino ez da. Orain arte gainerako guztiak baztertu dituztenen artean gertatzen ari den botere- eta diru-gosearen emaitza baino ez da. Botere-gosea, bai! Denenak diren espazioak bestelakoetarako, proiektu politiko baztertzaile bat hedatzeko, horren arrimuan doktrinatzeko eta jendea lotzeko, bereziki, belaunaldirik gazteenak, erabiltzen direlako… eta, festez zein bestelakoez gozatu nahi izanez gero, ez dagoelako hurreratzea besterik, zure ideiak ezkutuan izatea bezalakorik, baztertua edo iraindua izango ez bazara!
Diru-gosea, bai! Gehienbat, txosna batzuetatik datozen diruez ari garenean. Hortik eratorritako baliabideak, gehienbat, ez direlako festa zein bestelako kultur- edo kirol-jarduerak sustatzeko erabiltzen, bestelakoetan baizik. Inori inolako kontu-errendapenik aurkeztu gabe, zergarik ere ordaindu beharrik izan gabe. Horrexegatik, horrenbeste oztopo gainerako guztiei gardentasuna eskatzen dietenen partetik. Nago, eremu honetan ere badugula zer landu, kultur eta kirol elkarteen jarduna oztopatu gabe, gutxieneko gardentasuna berma dadin eta eremu urdinak ezaba daitezen.
Badakit, etor daitekeenaren beldur garenez, are erosoagoa dena isilik egotea, bai eta beste aldera begiratzea ere. Presioak saihestu eta endredoak ekidin nahi ditugunez, baliabide publikoak nahierara ─esango nuke ustezko bakea erosten ari garela─ bideratzen dira, geroz eta ugariagoak eta kontrolatzen zailagoak. Gizarte demokratiko bat eratzeko eta lan-komunitarioa indartzeko bidean, herritarrak ahalduntzeko, ezinbestekoa den ahaleginean alderantzizko norabidean doa jazotzen ari den guztia. Gizarte demokratiko bat askotarikoen artean eratzen da, kulturaz, hizkuntzaz, pentsabidez… baina zoru komuna daukagula, egiazko errespetua eta bizikidetza. Horrexegatik, beti egongo naiz inor, dena delakoa, baztertzearen kontra, irmo eta zutik!