Zergatik hemen?
Nago sektore batzuetatik geroz eta ohikoagoak diren probokazioak ez direla ondo kudeatzen eta, hainbatetan, nahigabe, probokatzaileek bilatzen dituzten dinamikak elikatzen direla. Horrexegatik, garrantzitsua da jarraibideok aztertzea eta eguneratzea. sektore sozial eta politiko baten estrategian erori gabe, etengabe eta zernahi dela, gure autogobernuaren ardatzetako bat, Ertzaintza, polizia indar integral gisa, zalantzan jartzea bilatzen duena.
Norvegiako eredua aipatzen da Ertzaintzarako balekoa den eredu gisa, ahaztuta, baina, Norvegiako gizartean ez dagoela hemen dugun bezalako sektore politiko eta sozial esanguratsurik demokraziaren oinarrizko printzipioak onartzen ez dituena; desberdin pentsatzen dutenak seinalatzen, jazartzen eta arbuiatzen dituena eta, proiektu politiko totalitarioa ezartzea, ez besterik, bilatzen duena. Beraz, halakoak esaten direnean, funtsean, bilatzen dena da sektore minoritario horrek eskuak are askeago izatea, bere egitasmoa beldurraren beldurrez gauzatze bidean herritarren gehiengo zabala babesik gabe utiz.
Iraganean zein orain, desberdin pentsatzen dutenak iraintzen, mehatxatzen eta seinalatzen diren bakoitzean, Norvegiako ereduaz horrenbeste berba egiten dutenek zergatik ez dute ezer esaten… Eta, adierazpen epeletatik haratago zergatik ez dute jarrera irmoagoa erakusten? Zergatik sektore politiko eta sozial batentzat zilegia ez ezik normala ere bada, bere sokakoak ez diren alderdiak, sindikatuak, erakundeak zein norbanakoak presionatzea, haien pankartetan hizpide hartzea, egoitza zein etxeetan seinalatzea?Zergatik euskal gizarteak bere-bere dituen aldarrikapen batzuez, berbarako kulturaz, euskaraz, Palestinako herriarekiko elkartasunaz eta abarrez jabetzen dira, desitxuratzeko eta estrategia politiko jakin batekin lerratzeko eta menpeko bihurtzeko? Zergatik presio itogarri hori, jendea aurreiritziak hedatzera bultzatzen duena eta egiazko pentsamendu kritikoa ezerezean lagatzea bilatzen duena? Zergatik jarrera hori, hedabide publiko batzuetako kazetari batzuen partetik, kontrastea eta informazioa baino doktrinamendua bilatzen duena? Guzti-guztiak jarri al dira ispilu baten aurrean eta euren buruari galdetu ea zein ekarpen egin duten herri honek aurrera egin dezan, aniztasunean bizi dadin, bizikidetza heda eta sustraitu dadin? Loiukoak ez zuen gertatu behar, baina gerta zedin ere ez zen bilatu behar!
