Síguenos en redes sociales:

Kobertituak atzean

Juan Ajuriagerra nor izan zen galdetuz gero, auskalo nolako erantzunak jasoko genituzkeen. Halaxe joan da lanbrotzen gure historia, garrantzitsuak izan diren pertsonak gure oroimenean lausotzen joan diren neurrian. Bada, pasa den mendeko EAJ-PNVko kide esanguratsua izan zen Ajuriagerra, II. Errepublikaren aurretik zein ondoren. Bera izan zen, Santoñan, Euzko Gudarosteko kideen geroarekin bat egitea erabaki zuena, jakin arren, Italiako tropek atxilo hartu eta frankisten eskuetan utzi ondoren, bizitza arriskuan jarriko zuela. Bera izan zen txiripaz heriotzari izkina egin eta, urte luzez, klandestinitatean, alderdiaren eta abertzaletasunaren sugarrari eusteko eginahalak egin zituena, bai eta frankismoaren kontra eta demokrazia berrezartzearen alde, egin ahal izan zuen guztia egiten ahalegindu zena ere.

Inoiz kontatu da, Frankoren diktaduraren azken aldian, erregimen frankistari kontra egiteko antolaturiko bileretako batean, lehenago frankismoaren jarraitzaile sutsu izandako batek hitza hartu eta, oso adoretsu eta gartsu, azaldu zela frankismoaren kontra eta demokraziaren alde. Ajuriagerra harrituta, pertsona horren ibilbidea oso ondo ezagutzen zuenez gero, hitza hartu eta ondokoa esan omen zion: konbertituak (federa itzulitakoak) atzean! Izan ere, bilkuran parte hartu zuten gainerakoek gogotik eta luzaroan sufritu behar izan zuten zorigaiztoko diktadura haren eragina.

Pasadizoak balio ahalko digu gure gizartearen eremu batean politika egiteko darabilen moduari buruz berba egiteko, besteak beste, etxebizitza politikez dihardugunean. Gobernatzen duten herrietan batzuk gogotik ahalegindu dira etxebizitzak egin ez daitezen edota, gobernatzen ez duten lekuetan, oztopoak jartzen eta, plataformatxoak tarteko, jendea mobilizatzen. Kontua da etxebizitzaren arazoa bidera dadin laguntzen ez, oztopatzen ahal izan duten guztia egin dutela, egoera are larriagoa izan dadin… eta orain, konbertitu haren antzera, oso arranditsu diote, orain artekoak porrot egin duela eta ez duela arazoa konpontzen lagundu, larritu baizik eta, nola ez, haiek, oso argiak direnez gero, badutela halako edabe magiko bat arazoa hamar urtean konponduko duena. Nago, kontua konpontzen horren erraza bada, EH Bilduk hamarkadetan gobernatzen duen herrietan zein eskualdeetan etxebizitzaren arazoa ez dela existituko eta, beraz, izango dugula ereduak nondik hartu eta zer ikasi.

Ez ba! Aztertzen jardun dute, horretan etengabe dihardute, eta, testuinguruari ihes eginda, Europako lurralde batzuetako eredua ekarri nahi dute hona. Zinez, gaia horren erreala eta larria ez balitz, propaganda soila egin asmo duen kontuari ez geniokeela aparteko lekurik egingo. EH Bildu iaioa da gainerako guzti-guztiak larrutzen eta, aldiz, ez da gauza bere ibilbideari buruzko irakurketa kritikorik egiteko, ez eta emendatzeko ere. Hobe genuke propaganda gutxiago egin eta eskuz esku jarduteko gauza bagina.