Politika arazo bilakatzen da gauzak konpondu baino aldrebesteko eginahalak egiten direnean… Eta hanka-sartzeetatik ondoriorik atera nahi ez denean. Halaxe ondoriozta daiteke, asteartean, alokairuen inguruabarrean, Espainiako Diputatuen Kongresuan aurreikusitako erabakia baieztatu eta gero. Kaltedunak, betiko legez, ehunka mila familia, hala moduz kudeatzen ari den gai batean dagoen noraeza pairatzera kondenatu direnak!

Duela zenbait urte, eremu berean, Etxebizitzen Legea onetsi zen. Lege horrek behar zuen konpondu, edabe miragarria izango balitz bezala, etxebizitzak eskuratzeko dauden arazoak, erkidegoen eskumenak azpiratuta, nonahi eta nolanahi eskubideak zein obligazioak ezarrita. Denborak aurrera egin ahala, antzeman da hasiera bateko baikorkeriak eta populismo merkeak ez duela emaitza eraginkorrik ekarri eta, oinarrian, arazoak onbideratzeko ez dela gauza izan. Haatik, ez dago autokritikarik, ez eta gauzak birbideratzeko gaitasunik ere.

Alokairuen kontuan beste horrenbeste. Ustezko ezkerrak banderatzat hartu du gaia eta, demagogia erabilita, etxebizitza ugariren jabeak zein bestelako herritarrak, horietako hainbat, zaurgarriak ere badirenak, zaku berean sartu ditu. Ez hori bakarrik, alokairuan daudenak, etxeak okupatzera iristen direnak eta bestelakoak lehenetsi ditu, etxejabeen kaltetan… eta gauzak kudeatzeko politika horren emaitzak ikusi dira, merkatutik milaka eta milaka etxebizitza erretiratu dira, prezioak garestitu eta etxebizitzak eskuratzeko egin beharreko bidea are malkarrago bilakatu da. Eta azken kontu hori arintzeko modurik ere ez da egon, etxebizitza hutsei ezarririko gainzama fiskalak gorabehera.

Asteartean, Espainiako Diputatuen Kongresuan jazotakoa, ekimena kudeatu dutenen porrota da eta ondorioak izan beharko lituzke. Gobernuaren hankarik txikienak ezin du bere borondatea, hainbatetan, aurreiritzietan sostengatzen dena, koalizioko alderdi nagusiari ezarri. Era berean, gobernua osatzen duten bi alderdiek, Kongresuan erabakia berresteko beste batzuen laguntza ezinbestekoa dutenak, ezin dute, demagogia erabilita, haiena den ekimena, denik traketsena, gainerakoei irentsarazi… Horrek bestetzuen pazientzia agorrarazten duelako, sarritasunez ikusten ari garen bezala. Finean, gobernatzeko eredua dago auzitan, bai eta gobernatzera, arazoak eta ezinegonak bideratzera baino hauteskundeei begira titular baten bila ari direnen frakasoa.