Haurdunaldia bizitza sortzearen sinbolo gisa ulertzen da askotan, etorkizunari begira eraikitzen den itxaropenaren irudi gisa. Baina bidean eten egiten denean, hutsune zail bat agertzen da, askotan izendatzeko ere erraza ez dena. Hor kokatzen da jaiotza aurreko galerari lotutako dolua. Gero eta gehiago aipatzen da, baina oraindik ere itzalpean geratzen den errealitate bat da. Dolu perinatala deitzen zaio esperientzia honi, haurdunaldian edo jaiotzaren inguruan gertatzen diren galerak izendatzeko erabiltzen den terminoa da.
Galeraren esperientzia honek dimentsio intimo eta konplexua du, eta pixkanaka hasi da lekua hartzen bai osasun arloan, baita gizartean ere. Hitz egiteko modu berriak agertzen ari dira, eta, haiekin batera, ulertzeko eta izendatzeko beharra ere bai.
Galeraren mina eta isiltasunaren pisua
Haurdunaldia albiste on batekin hasten da askotan, egunerokoari beste kolore bat ematen dion ilusioarekin. Ane eta Ikerrek (asmatutako izenak, nahiago izan dutelako haien identitatea babestea) ere horrela bizi izan zuten hasiera. “Hasieran dena zen poza; pentsatzen hasten zara nolakoa izango den, nori hartuko dion antza…”, gogoratzen du Anek. Baina aste batzuk geroago, mediku kontsulta batean, espero ez zuten albistea jaso zuten. Une horrek eten zuen eraikitzen hasiak ziren etorkizunaren irudia.
Galeraren ondorengo lehen egunak nahasgarriak izan ziren bientzat. “Ez nuen ulertzen zer gertatzen ari zen, dena oso azkar joan zen”, dio Ikerrek. Minari, ordea, beste zerbait gehitu zitzaion: ingurukoen erreakzioa. Isiltasuna, batzuetan, hitzek baino gehiago pisatzen dutela sentitu zuten. “Jende askok ez zekien zer esan, eta azkenean ezer ez esatea aukeratzen zuten. Baina horrek are bakarrago sentiarazten zaitu”, azaldu du Anek.
Beste batzuetan, esaten zena ez zen lagungarria. “Gazteak ginela esaten ziguten, beste bat etorriko zela, eta momentu horretan ez duzu hori entzun nahi. Zuk galdu duzuna seme-alaba bat da, ez da zerbait hipotetikoa”, dio Ikerrek. Hitz horiek, askotan asmo onarekin esanda egon arren, minaren dimentsioa txikitzen zutela sentitu zuten.
Egoera horrek agerian uzten du nola, kasu askotan, jaiotza aurreko galerek ez duten hainbeste pisua gizartean, eta ohikoa izan ahal den zerbait, askotan ezezaguna da aldi berean. Dolua, askotan, ez da partekatua, eta dolu hori adierazteko modu argirik ez dago. “Sentitzen nuen ezin nuela negar egin beste dolu batzuetan bezala, ez zegoelako espaziorik horretarako”, aitortzen du Anek. Ikerren kasuan ere antzeko zerbait gertatu zen: “Nik ere sufritzen nuen, baina ematen zuen nire tokia bigarren mailakoa zela”.
Horrela, galeraren mina eta ingurukoen isiltasuna gurutzatzen diren lekuan kokatzen da askotan esperientzia hau. Ez da soilik galtzen dena, baizik eta galtze hori partekatzeko aukerarik ez izatea. Ane eta Ikerren testigantzak erakusten duenez, hutsune horrek dimentsio bikoitza hartzen du: intimoa, bizi dena, eta soziala, sarritan ikusezina bihurtzen dena.
Izendatu gabeko dolua
Jaiotza aurreko galerek eragiten duten mina gero eta gehiago izendatzen da “dolu perinatala” terminoaren bidez. Kontzeptu honek haurdunaldian, erditzean edo jaiotzaren ondorengo lehen egunetan gertatzen diren galerak biltzen ditu, eta gero eta presentzia handiagoa du osasun arloan. Hala ere, izena izateak ez du beti esan nahi aitortza ere baduenik. Askotan, dolu mota hau “desautorizatutako dolua” bezala definitzen da, hau da, gizarteak modu esplizituan balioztatzen ez duen galera.
Testuinguru horretan kokatzen da eztabaida nagusietako bat: gurasotzat har daitezke jaiotza baino lehen haurra galdu dutenak? Anek argi du bere erantzuna: “Nik hasieratik sentitu nuen ama nintzela, nahiz eta denbora gutxi izan. Lotura hori benetakoa da”. Ikerrek ere antzera bizi izan zuen: “Ez nuen semea besoetan hartu, baina niretzat bazen. Eta galtzea benetakoa izan zen”.
Ikuspegi hori, ordea, ez da beti partekatzen. Gizartean oraindik ere badago joera galera hauek gutxiesteko, bizitza “osorik” garatu ez delakoan. Hori da, hain zuzen ere, doluaren konplexutasuna areagotzen duen faktoreetako bat: bizitakoa eta kanpotik jasotzen den erreakzioa ez datozela bat.
Maialen Arrieta doluan espezializatutako psikologoa da. Bere hitzetan, “lotura ez da jaiotzarekin hasten, askoz lehenago baizik. Haurdunaldian sortzen diren irudikapenek eta emozioek gurasotasunaren hasiera markatzen dute”. Haren ustez, dolu perinatala ulertzeko giltza hori da: “Gurasoek galdu duten hori ez da soilik aukera bat, baizik eta jada eraikitzen hasia zen harreman bat”.
Aitortza faltak ondorio zuzena du doluaren garapenean. “Minari zilegitasuna kentzen zaionean, pertsonak bakarrik geratzen dira bere sentimenduekin”, azaldu du Arrietak. Anek berak ere hala bizi izan zuen: “Batzuetan zalantzan jartzen nuen ea gehiegi sentitzen ari nintzen”. Ikerren kasuan, isiltasuna nagusitu zen: “Ez nekien nire doluak tokirik zuen ala ez”.
Horregatik, gero eta gehiago azpimarratzen da dolu perinatalari izena ematearen eta aitortza soziala eskaintzearen garrantzia. Ez da soilik beharrezkoa gertatu dena ulertzea, baizik eta bizi izan dutenek sentitzen dutena legitimotzat hartzea.
Dolua ez da tresna ideologikoa
Maialen Arrieta psikologoak azpimarratzen du dolu perinatala ulertzea ezin dela erabili bestelako eztabaida ideologikoak elikatzeko: “Guraso batzuek bizi duten mina benetakoa eta sakona da, baina horrek ez du esan nahi ondorio orokorrak atera behar direnik bizitzaren hasierari edo abortuaren inguruko eztabaidari buruz”, dio.
Haren esanetan, garrantzitsua da esperientzia indibiduala bere testuinguruan kokatzea: “Haurdunaldi desiratu baten galera aitortzeak eta horren ondorio emozionalak onartzeak ez du automatikoki esan nahi fetua hasieratik “haur” gisa definitu behar denik ikuspegi guztietatik”. Izan ere, ohartarazi du arriskutsua izan daitekeela bizipen pertsonalak diskurtso orokorra bihurtzea: “Pertsona batek sentitzen duen lotura eta dolua ezin dira erabili beste emakume batzuen erabakitzeko eskubidea zalantzan jartzeko”.
Arrietaren arabera, gakoa bereizketan dago: “Batetik, dolu bat dago, galera bat, eta horrek dakarren mina; bestetik, eskubideak eta erabaki pertsonalak daude. Biak errespetatzea da erronka. Eztabaida ez da haurrak sentitzen duen ala ez zehaztean; bi kasuetan gakoa amaren emozioetan, bizi izan duen esperientziarekin duen harremanean eta osasun mentalaren aldeko eskubideak aitortzean dago”.
Nola bizi da eta nola lagundu: intimitatetik arretara
Dolu perinatala ez da modu berean bizitzen pertsona guztien artean, ezta bikote bereko kideen artean ere. Ane eta Ikerren kasuan, esperientziak agerian utzi zituen erritmo eta adierazteko modu desberdinak. “Nik asko hitz egin behar nuen, etengabe bueltaka nenbilen”, dio Anek. Ikerrek, ordea, beste modu batera kudeatu zuen: “Ni gehiago isiltzen nintzen, barrurago eramaten nuen, eta batzuetan ematen zuen ez nengoela hain gaizki, baina ez zela horrela”.
Desoreka horrek tentsioak ere sortu zituen une batzuetan. “Batzuetan pentsatzen nuen ez zuela berdin sentitzen”, aitortzen du Anek Ikerri buruz. Ikerren arabera, ordea, arazoa ez zen intentsitatea, adierazteko modua baizik: “Ez nekien nola azaldu, eta horrek urrundu egiten gintuen momentu batzuetan”. Horri gehitu behar zaizkio ohikoak diren beste sentimendu batzuk: errua, frustrazioa edo isolamendua. “Galdetzen diozu zure buruari ea zerbait gaizki egin duzun”, dio Anek. “Eta erantzunik ez dagoenean, are gogorragoa da”.
Testuinguru horretan badaude lagungarri izan daitezkeen elementuak. “Guretzat garrantzitsua izan zen agur moduko bat egitea, nahiz eta sinbolikoa izan”, azaldu du Anek. Izena jartzea edo momentu bat sortzea, askorentzat, dolua kokatzeko modu bat bihurtzen da. Ikerrek ere hala bizi izan zuen: “Ez da ahazteko, baizik eta leku bat emateko”.
Profesionalen papera funtsezkoa da. Maialen Arrieta psikologoak azpimarratzen du laguntza egokiak diferentzia handia markatzen duela: “Lehen pausoa da gertatutakoa eta sentitzen dutena balioztatzea, epairik gabe”. Haren ustez, arazo nagusietako bat da askotan oraindik ere erabiltzen diren mezuak: “Ez da fokua saiakera berri batean jarri behar, ezta gurasoak gazteak direla aipatzea. Esaldi horiek mina eragin ahal dute, dolua eta gertatutako minimizatzen dutelako”.
Osasun sistemaren barruan ere badago zer hobetu. “Batzuetan arreta oso teknikoa da, eta emozioei ez zaie lekurik ematen”, dio Arrietak. Horregatik, gero eta gehiago azpimarratzen da ikuspegi emozional baten beharra, non informazioa ez ezik, laguntza ere eskaintzen den. Anek gogoratzen du zein garrantzitsua izan zen une jakin batean jasotako trataera: “Mediku batek dena lasai azaldu zigun, eta horrek asko lagundu zigun”.
Azken finean, dolu hau ez da soilik barruan bizitzen den zerbait; kanpotik jasotzen den arretak ere baldintzatzen du nola garatzen den. Eta hor, intimitatearen eta profesionalen arteko lotura funtsezkoa bihurtzen da.