Síguenos en redes sociales:

Sare sozialen intrusismoa aztertuz

Sare sozialak informazio-iturri kontsultatuena bihurtu da. Hori dela eta, intrusismoa iritsi da horietara, eta hortik jasotzen dugun informazioa ez da beti fidagarria

Sare sozialen intrusismoa aztertuzFreepik

Sare sozialen garapen azkarrak aukera paregabeak ekarri ditu informazioa partekatzeko, komunitateak sortzeko eta ahots berriei lekua egiteko. Baina, horren atzean, badago gero eta kezkagarriagoa den fenomenoa bat: intrusismo digitala.

Zer da hau? Edurne Mendiguren psikologoaren hitzetan, “intrusismoa gertatzen da norbait bere ezagutza-eremutik kanpo agertzen denean aditu gisa, eta sareek, hedapen handia dutenez, arrisku hori izugarri handitzen dute”. Azken batean, edukia sortzen da formakuntza, ezagutza teknikoa edo baliabide profesional egiaztatuak izan gabe, baina hala ere autoritate gisa aurkezten da, “nahiz eta zuzenean ez esan, ez da zer esaten den, baina bai nola esaten den. Hau da, esan gabe, erakutsi nahi duguna, hor dago tranpa”.

Fenomenoa garrantzitsua da gaur egun, batez ere desinformazioak eta osasun-arriskuek gora egin dutelako. Mendigurenek dio: “Askotan jendeak lagundu nahi du, baina ezjakintasunarekin nahastuta, kaltea ere egin daiteke”. Bere kezkarik handiena, ordea, adingabeei dagokie: “Gazteak dira sentikorrenak. Erreferenteei sinesten diete, eta intrusismoak haien autoestimuan eta osasun-ohituretan eragin zuzena izan dezake”. Hortik sortzen da galdera nagusia: non dago muga? Mendigurenen ustez, muga etikoa izan behar da: “norberaren esperientzia kontatzea gauza bat da, produktu bat frogatzean zer gertatu zaigun kontatzea, baina aholku profesional modura zabaltzea, beste gauza bat da, oso arriskutsua, nahiz eta publizitatearen markoaren barruan egin”.

Intrusismoa gai batez ezagutzarik izan gabe hitz egitea da.

Azken batean, intrusismoa ez da edukien konplexutasunari buruzko eztabaida soil bat, baizik eta erantzukizun digitalaren ingurukoa: nola bereizten dugu adituadibulgatzailetik, eta nola zaindu dezakegu sareetako informazio-fluxuan gure ongizatea. Mendigurenek argi dio dibulgatzaile eta aditu figura elkarrekin joan behar direla, eta aditua ez den norbaitek ezingo lukeela gai zehatz eta tekniko bati buruzko dibulgazioa egin.

Araudia eta kontrola

Azken urteotan, Txinak sare sozialetan sortzen den eduki espezializatuaren gaineko kontrola indartu du. Helburua argia da: medikuntza, legea, hezkuntza edo finantzak bezalako arloetan zabalduko den informazioa profesional egiaztatuen eskutik etortzea. Horrek erabat baldintzatzen du nork, nola eta zer publikatu dezakeen.

Araudiaren arabera, “eduki profesionalak” deritzon kategorian hainbat arlo sartzen dira, besteak beste, osasuna, aholkularitza juridikoa, hezkuntza, edo “materia espezializatu” gisa sailkatzen diren edukiak. Horrelako gaietaz aritzeko, sortzaileek titulazio akademikoak, lizentziak edo ziurtagiri ofizialak aurkeztu behar dituzte. Hori gabe, ezin da eduki mota hori publikatu.

Kirolari buruz gomendioen arrisku emozionalak


Duela aste batzuk Javi Hernandez (@hernandezjavi_ Instagramen) osasun eta kirol psikologoak bideo bat igo zuen Instagramera. Hark, kirolari lotutako gomendio emozionalen bideoak salatzen zituen, eta horien eragin emozionala azaltzen zuen. Bere hitzetan, kezkagarria zen nola eduki sortzaileek horrelako bideoak sortzen zituzten bakarrik haien ikusgarritasun propioa kontuan hartuta, eta ez mezu horren igorle potentzialetan izan ahal zuen eragina aztertuz.

Hernandez psikologoak 5 aholku ematen ditu arazotsuak izan daitezkeen bide horiek identifikatu ahal izateko: lehenengo aholkua da mezuen fokua beti zugan jarriko dutela, zure testuinguruan jarri beharrean. Bigarren aholkua bideoak identifikatzeko kausalitatearen azalpen oso sinplifikatua agertzea da. Javier Hernandezek adibide argi bat jartzen du: entrenatzaile batek esaten dizunean egunean 10000 pauso emanez gero zoriontsuago izango zarela, zoriontsuagoa al zara pausu horiek emateagatik, edo pausu horiek emateko denbora daukazulako?

Beste aholku bat da ekuazio matematiko irrealak erabiltzen dituztela, adibidez, jarrera eta esfortzua bezalako balioak biderkatuz. Badirudi horrela “irtenbide magiko” batera iritsiko zarela, benetan “ezer azaltzen ez dutenean”. Bestetik, bideo horiek identifikatzeko laugarren aholkua absolutismoa da: oihuak, gorputz hizkuntza erasokorra… Horrelako bideoen sortzaileek badakite grisa ez dela inoiz aukeratutako kolorea izango. Azkenik: egia izateko politegia baldin bada, ziur aski ez da egia izango.

Javier Hernandezek bukatzen du esanez horrelako bideo bat ikusten dugun hurrengo aldian, pentsatu behar dugula ia aholkua ematen ari den “entrenatzaileak” guri irakasteko asmoa ote duen, edo soilik gu beste jarraitzaile bat bilakatzea nahi duen.


Plataformek betebehar legal bat dute: erabiltzaile horiek kredentzialak egiaztatu behar dituzte eduki espezializatua argitaratu aurretik. Hau da, ardura ez da sortzailearen soilik; plataforma bera bihurtzen da atezain.

Araudiak ere bestelako baldintzak ezartzen ditu: edukiak iturri eta erreferentzia argiak izan behar ditu, materiala adimen artifizialarekin sortua bada, modu ikusgarrian adierazi behar da eta edukia dramatizazio bat bada, seinalatu beharko da. Hortaz, informazio teknikoa ez da jada “iritzi pertsonal” gisa aurkeztu ahal den zerbait, baizik eta egiaztatutako ezagutzan oinarritutako dibulgazioa.

Noski, araudi honek kritikak izan ditu, besteak beste, adierazpen-askatasuna mugatzen duela defendatzen dutenen aldetik. Beste alde batetik, “aditu” definitzeko irizpideak estatuaren esku gelditzen dela eta gardentasun falta ere seinalatu dute.

Janaria eta nutrizioa

Nutrizioaren inguruko edukiek sareetan gorakada handiena izan dute, baina horrek beste arazo bat ekarri du: intrusismoa. Edurne Mendigurenen hitzetan, “askotan hitz egiten da nutrizioaz, baina ez dago argi zertaz ari diren”. Sare sozialen kontsumoan espezializatutako psikologo honek dioenaren arabera, askotan ez dakigu “energia-balantzea” edo “kaloria neurketa” aipatzen duen pertsona horrek zer dakien. Sareetan ohikoa da edonork esatea elikagai bat “osasuntsuagoa” dela, baina askotan ez dago azalpen teknikorik ezta iturri fidagarririk.

Psikologoaren ustez, ez da gauza bera produktu bat gomendatzea edo norberaren esperientzia pertsonala kontatzea. Mendigurenen ustez “oso ondo dago influencer batek esatea jogurt batek lagundu diola”, baina arriskua agertzen da mezua orokortzen denean: “beste guztiei gomendatzea ere bai izango zaiela onuragarria da arazoa, hori jada osasun-aholkua da”.

Bestalde, argi dauka gauza bat dela nutrizioan sakontzea, eta beste zerbait errezetak sareetara igotzea. “Errezetak igotzea ez da arriskutsua; edonork egin dezake, baldin eta ez badu esaten plater bat ‘fit’ dela edo ‘osasuntsuagoa’ dela oinarri sendo barik”. Hau da, janariaz hitz egitea ondo dago, sukaldea partekatzea ere bai, beti ere ikuspegi kultural batetik egiten bada eta ez bada osasun-gomendio bat bihurtzen.

Nutrizio eta kirol arloetan dago intrusismo gehien.

Kirolari buruzko gomendioak

Intrusismoa are nabarmenagoa da kirolaren edo “fitness”-aren arloan. Entrenamendu-planak eta aholku teknikoak edonork partekatzen ditu. Mendigurenen arabera, “arazoa da jende askok ez dakiela bere gorputzari zer komeni zaion eta sareetan jasotzen duen lehen aholkuarekin geratzen dela”. Horrek lesioak, gehiegizko exijentzia edo frustrazioa ekar dezake.

Askotan nahasten dira esperientzia pertsonalak eta gomendio orokorrak. Mendigurenek dio: “norbaitek esan dezake niri honek funtzionatzen dit, baina hori ez da inondik ere entrenamendu gomendio bat”. Hemen dago muga: testigantzak balio du, baina ez du ordezkatzen aditu bat. Aldi berean, argi uzten du gimnasiora 10 urtez joateak ez zaituela aditu bihurtzen, eta ezin duzula esperientzia horretatik gomendio orokorrak eman.

Iritziak eta informazio dibulgatiboak bereizten jakin behar da.

Eduki espezializatua arduraz zabaltzeko moduak

Badaude beste hamaika gai non intrusismoa aurki daitekeen: adibidez, kosmetikaedo dermatologia. Hala ere, badaude arduraz eduki teknikoa sortzen duten sortzaileak, adibidez, Alba Moreno, fisika ikaslea (@fisicamr), edo @laboratoriodevlad, kimikan doktorea.

Mikel Herrán, arkeologoa, historiari buruzko edukiak zabaltzen ditu; eta Patricia Fernández, kulturaren eta giza-eskubideen inguruan aritzen da ikuspegi akademikotik.

Eduki espezializatua zabaltzerakoan, funtsezkoa da profesional titulatuen parte-hartzea eta gardentasuna. Mendigurenek dioen bezala, titulurik edo jakintza zehatzik ez badu, adierazi behar du argi “informazio orokorra dela, ez aholku profesionala”. Edukia zabaltzerakoan iturriak egiaztatzea eta datuak kontuan hartzea ezinbestekoa da. Era berean, interes komertzialak badaude, argi uztea.