Euskadi arreta psikiatrikoaren arloan erreferentzia da Estatu mailan, 100.000 biztanleko 15 psikiatrako ratioarekin.
Ildo horretan, Itunaren mahaia osatzen duen taldeak Osasun Sailari eskatu zion proposamen zehatz bat aurkez zezala urtea amaitu baino lehen, osasun mentaleko ekintzak indartzeko eta zabaltzeko. Horretarako, diziplina anitzeko lantalde bat eratu da, psikiatrek, psikologoek, haur-psikiatrek, erizainek eta pazienteek osatua, besteak beste. Estatuko erreferentziazko adituek ere parte hartzen dute. Talde honek ekimenak aztertzen ditu, esperientziak partekatzen ditu eta tresna eta soluzioak diseinatzea du helburu, pazienteei zein haien familiei osasun mentalaren arloko arreta- eta errekuperazio-prozesuan laguntzeko.
Konpromiso horrek Euskadin osasun mentalerako sare sendo, inklusibo eta etorkizunerako ikuspegidun bat eraikitzen jarraitzeko borondatea azpimarratzen du, eskura dauden baliabide onenekin koordinatuta.
Gaur egun, Osakidetzaren Osasun Mentaleko Sareak 1.600 profesional inguru ditu — psikiatriako bost espezialistatik bat —, eta asistentzia-baliabide ugari ditu: 450 ohe dituzten 4 ospitale psikiatriko, eguneko 23 ospitale, helduen, haurren eta adikzioen osasun mentaleko 50 zentro, tratamendu asertibo komunitarioko taldeak, lehen gertakarietakoak eta lurralde osoan dauden hezkuntza-unitate terapeutikoak. 2024an, baliabide horiek 120.000 paziente ezberdin artatu zituzten, 30.000 lehen kontsulta eta 500.000 jarraipen kontsulta.
Proiektu estrategikoak
Azken urteotan, buruko gaixotasunaren inguruko estigma murrizteak arreta-eskari handiagoa eragin du. Osakidetzak proiektu estrategikoak garatzen ditu gizartean eragin handia duten problematikei aurre egiteko, besteak beste:
- Suizidioaren prebentzioa. BIZI programak 3.700 gizarte-eragile baino gehiago prestatu ditu arriskuan dauden pertsonak detektatzeko eta haiei laguntzeko, eta Europako Batzordeak osasun mentalean etorkizun handiko praktika gisa onartu du.
- Lehen gertakari psikotikoetan esku hartzea. Lehenak proiektuak 300 pertsona inguru artatzen ditu urtero, arreta goiztiarra eta integrala eskainiz.
- Elikadura-nahasmenduen arreta. Bi unitate espezifikok, Araban eta Bizkaian, 8.000 kontsulta inguru jasotzen dituzte urtean, eta arreta goiztiar intentsiboa eskaintzen dute nahasmendu horien pronostikoa hobetzeko, dagoeneko larritzat jotzen baitira.