Imanol Pradales Lehendakariak eta María Chivite Nafarroako presidenteak Nafarroako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko Lankidetzarako Protokolo Orokorra izenpetu dute Ajuria-Enean jauregian, 2029ra arte bi administrazioen arteko elkarlana berritu eta finkatzeko.
Modu horretan, harremanak sendotzen jarraitzeko konpromisoa hartu dute bi gobernuek eta interes komuneko arloetan elkarrekin lan egiten jarraitzeko beharra azpimarratu dute, besteak beste, osasunean, azpiegituretan, kulturan eta euskaran, bai eta lehiakortasun industrialean eta lehiakortasun industrialak Europar Batasunaren esparruan duen proiekzioan.
Xehetasunak aipatzearren, Euskadiren eta Nafarroaren arteko elementu komun gisara, euskarak, kulturak eta autogobernuak duten garrantzia nabarmen du Lehendakariak eta azpimarratu duenez “akordio hau katebegi bat gehiago da lotzen gaituen kate horretan. Kate hori egunero zaindu eta indartu behar dugu”.
“42 jarduera eremu zehaztu ditugu helburu garbi batekin: aldebiko lankidetza sustatzea. Gaur gure arteko loturak estutu ditugu, eta oinarrizko arlo batzuei beste bultzada bat eman diegu, esaterako, osasunari, segurtasunari, etxebizitzari, azpiegitura estrategikoei, migrazioari, mugikortasunari, kulturari, euskarari eta industria-eraldaketa eta -garapenari. Gure neurriaren jakitun eta bi industria-lurralde izanik, Europaren berrindustrializazioan protagonistak izan nahi eta izan behar dugu”, esan du.
Era berean, Lehendakaria tinko azaldu da erakundeen arteko lankidetzarekiko konpromisoaren alde: "Biok bi koalizio-gobernuren parte gara, egonkortasunaren balioa lehenesten dugu eta gobernu-estilo bera sustatzen dugu: beti gauzen politika lehenestea politikaren gauzen aurretik". Gure errezeta argia da: diskrezioa, seriotasuna, egonkortasuna eta lana", gaineratu du.
“42 jarduera eremu zehaztu ditugu helburu garbi batekin: aldebiko lankidetza sustatzea"
Ildo horretan, Chivite Presidenteak azpimarratu du protokolo hori bi lurraldeen arteko kidetasun-harremanetatik "haratago" doala, eta harreman horiek berariaz aipatzen dituela gaur sinatutako akordioak, "bi erakundeen eta bi herrien artean leialtasun-, errespetu- eta lankidetza-harremana" dagoela uste baitu. "Azken batean, adiskidetasun-harreman zintzoa", eta lehendakariaren apustua da "seriotasuna, konfiantza eta erakunde publiko eta pribatuen arteko lankidetza areagotzea, guztion ongia hobetzeko".
Berrikuntzak
Alde biek izenpetutako hitzarmenak, guztira, 42 jarduera-eremu jasotzen ditu, eta Euskal Autonomia Erkidegoak eta Nafarroako Foru Erkidegoak partekatzen dituzten kidetasun historiko, kultural, linguistiko, turistiko eta soziokulturalei erantzuten die.
Jarduera eremu berrien artean pisuzko gaiak daude, adibidez, trantsizio energetikoa, eta elkarlan honek energiaren arloan praktika onak partekatzea eta lankidetzarako sinergiak sustatzea du helburu, adibidez, honakoak elkarrekin garatzeko: bektore energetiko berriak, hidrogeno berdea, deskarbonizazio industriala edo Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) jarduera Jaurlaritzaren erakunde publiko gisara, Nafarroako Trantsizio Energetikoaren sorreraren testuinguruan (ATENA).
Chivite Presidenteak azpimarratu du protokolo hori bi lurraldeen arteko kidetasun-harremanetatik "haratago" doala
Era berean, energiaren ekoizpenaren eta kontsumoaren balantzean hitzarmeneko bi komunitateek dituzten desberdintasunak kontuan hartuta, dokumentuan berariaz jasota dagoenez, batak bestea osatzeko, lankidetzan jarraitzeko eta koordinazioa sustatzeko ekintzak finkatuko dira interes komuneko hainbat egitasmotan, adibidez, ikuskaritza energetikoetan eta efizientzia energetiko industrialean, bai eta ikerketa proiektu osagarrietan eta itsas energia eolikoan ere, offshore merkatuan.