baiona. Ipar Euskal Herriko ikusleek ez dute Iparraldearen Orena saioa galtzeko arriskua bakarrik; Euskal Telebista bera ikusteko ere zailtasun handiak izanen dituzte martxoaren 10etik landa, itzalaldi analogikoa gertatuko baita Gipuzkoan. Eta, Lurreko Telebista Digitalaren seinalea ez da heltzen Ipar Euskal Herriko zati handi batera. Kostaldean bizi direnek Jaizkibelen seinalea har dezakete. Besteek, Euskal Telebista ez dute ikusiko.

Frantziako eta Espainiako Gobernua harremanetan sartuak dira, arazo horri aurre egiteko. Euskarazko telebista Ipar Euskal Herrian eta katalanezkoa Ipar Katalunian ere ikusteko akordio bat lortu nahi dutela jakinarazi dute. Hainbat hautetsik horrelako aterabide tekniko baten beharra aipatu dute, itzalaldi analogikoarekin duela hogei urteko egoerara itzuliko li-tzatekeelako Ipar Euskal Herriko telebista, hau da euskarazko telebista katerik gabe. Ipar Euskal Herriko udalak biltzen zituen SIVU erakundearen eskutik lortu zuten errepikagailuak ezartzea, Euskal Telebista Ipar Euskal Herri osoan ikus zedin, eskaera handia zegoelako. Orain, berriz ere hasi behar dute lan horretan.

Euskal Irrati Telebistaren egoera zaildu egin da Alberto Suriok zuzendaritza hartu zuenetik. Egungo langilegoa dexente murriztu nahi dute eta orain arteko hamar beharginetatik hiru besterik ez dute ziurtatzen. Horretaz landa, Iparraldearen Orena eguneroko albistegia asteroko bilakatzeko asmoa agertu dute, langileen eta, batik bat, hainbat ikusleen iritziaren aurka.