Astearte honetan goizean, ekainaren 20an, Eibarko jaietan klasikoa den eta urteko pilota-egutegi garrantzitsuenetako bat den hitzorduaren xehetasunak aurkeztu dituzte. Ekitaldian parte hartu dute Eibarko alkate Jon Iraolak, ASPE enpresako zuzendari komertzial Iñaxio Errandonea eta Aitor Elordi pilotariak.

Bada, Elordi egungo Buruz Buruko txapelduna eta Elezkano II izango da datorren larunbatean, ekainaren 24an, Eibarko Astelena frontoian ospatuko den San Juan eguneko esku-pilota jaialdiko partidarik nabarmengarria.

Jaialdia Egiguren V.ak eta Rezustak Mataren eta Zabaletaren aurka jokatuko duten binakako partidarekin hasiko da. Ondoren, Elordi eta Elezkano II.aren arteko buruz buruko partida nagusia jokatuko da (4 t´erdiko San Fermin Torneoren parte da partida hau); eta azkenik, Victorrek eta Arbizuk Espósito eta Bikuñaren aurka jokatuko dute.

Ekitaldiaren aurkezpenean, Jon Iraola Eibarko alkateak zera nabarmendu du: “Pilotaren Katedralak esku-pilotaren egutegiko hitzordu garrantzitsu hau hartuko du beste behin”, eta, horren haritik, eskerrak eman nahi izan dizkio ASPE enpresari, “egindako ahaleginari esker, berriz ere, Eibarren une honetako pilotaririk onenak elkartuko direlako, Eibarrentzat hain bereziak diren egunetan”.

Iraola ziur da “pilotaren betiko jarraitzaileak, bai eibartarrak bai kanpotarrak, jaialdira etorriko direla eta, aldi berean, Eibarko jaiekin disfrutatuko dutela”. Alkatearen esanetan, ekitaldi honek agerian uzten du “sanjoanetako jai-egitarauak aisialdiaz eta dibertsioaz gain, hainbat kirol hitzordu ere jasotzen dituela, sanjoanetako jai-programazioa erakargarriago egiten dutenak”.

Bestalde, Iñaxio Errandonea zuzendari komertzialak adierazi duenez, “gure helburua kirol-hitzordu hori Sanjoanetako programazioan sartzea da, herritarrek hiriko jaietako parte gisa senti dezaten, egun hauetan Eibarko hainbat tokitan egiten diren jardueretako bat gisa. Horregatik, herritar guztiak animatu nahi ditugu partidu honetara bertaratu eta jai giroaz gozatzen jarraitzera”.