Egun batzuk barru pilotazaleen denboralditako ekitaldi nagusietako bat izango dugu. Eskuz binakako finalak berriro ere beteko du Miribillako Bizkaia frontoia, Irribarria-Rezusta eta Bengoetxea VI-Larunbek osatutako bikoteak elkarren aurka arituko dira. Momentu epikoa izango da eta ziur zale bat ere ez duela epel utziko. Horiez gain, hainbat eta hainbat jokalari profesional aritu dira pilotaleku horretan; batzuek arrakasta lortu dute eta beste batzuk ateetan geratu dira.
Final handi hori baino egun batzuk lehenago, Bilboko frontoia liga txiki berezi baten lekuko izan zen. 17 neskatila inguru elkartu ziren emakumeen esku-pilotako laugarren kontzentrazioan. Bizkaiko pilota federazioak antolatutako ekimena izan da. Ia batere oihartzunik izan ez arren, neskek pilota atsegin dute eta jokatzeko gogoa dute. Eta noski, Bizkaia frontoian egin ahal izatea luxua da. Horren helburua? Elkar ezagutzea. “Neskatilak bakarrik ez egotea nahi dugu. Ikus dezatela badaudela esku-pilota atsegin duten beste neska batzuk ere. Topaketa bat egiten dugu eta partidak jokatzen dituzte, bai frontisean, baita errebotean. Klubei ohar bat bidali genien ekimena aurkezteko eta ia hogeik eman zuten izena”, esan dute federaziokoek.
Aurten lau topaketa antolatu dira; lehena urtarrilaren 15ean, bigarrena otsailaren 12an, hirugarrena martxoaren 19an eta azkena pasa den igandean. Maiatzean final txiki bat ospatuko da, baina oraindik datak ez daude erabakita. Zazpi tantora jokatzen dituzte partidak, txandakako sakearekin. “Oso pozik gaude proiektuarekin. Harrera ezin hobea izaten ari da. Gainera, neskatilak oso fidelak dira. Topaketa guztietara etorri dira”, esan dute.
Politena da pilotarien artean laguntasun harremanak sortzen ari direla ikustea. Beren klubetan mutikoek soilik jokatzen dute, baina igandean lagunekin elkartzeko aukera izan zuten, partida batzuk jokatu eta solasean aritzeko. Usansolo izan zen ordezkari gehien eduko zituena. Lau neskatila joan ziren bertatik. Hala ere, beste leku askotako kirolariak ere ikusi genituen: Barakaldo, Sestao, Arrankudiaga, Zornotza, Zamudio, Ortuella, Munitibar, Larrabetzu eta Kortezubikoak.
Sortu den giro onaren gertaera adierazgarri bat ikusi genuen, partida bat hasi eta gutxira Kortezubiko jokalari bat lesionatu zenean. Berotzen ari ziren jokalari batzuk, gertatutakoa ikusi eta berehala gerturatu ziren. Lesionatutako gazteak kide guztien animoak jaso zituen pilotalekutik irten zenean.
Ezbehar txikiaren ostean, Usansolo eta Larrabetzuren arteko lehen partida jokatu zen. Protokoloa partida profesional ofizialetakoa izan zen, baina materiala aukeratu gabe. Gerriko urdina eta gorria estututa eta kolore bereko txanpon bat, nork aterako zuen erabakitzeko. Usansoloko pilotariak partida mendean hartu zuen argi eta garbi. Hala ere, Larrabe-tzukoak gogor borrokatu zuen. Azkenean, lehenak irabazi zuen eta ondoren gainerakoekin jokatzen jarraitu zuen.
Zalantzarik gabe, Bizkaia frontoian jokatze hutsa amets bat da pilotari hauentzat. Horren adibide argiena Zornotzako gazte bat izan zen. Lehenengo aldia zen topaketa hauetan jokatzen zuena eta oso urduri zegoen, bere amak esan zigun moduan. “Martxoan eman zuen izena eta hau da datorren lehen aldia. Zornotzako frontoian jokatu ohi du eta biziki maite du. Kontzentrazio hauen berri izan genuen eta izena ematea erabaki genuen. Hain urduri zegoen, gauean ezin izan zuen lorik hartu, pilotalekuan jokatuko zuela pentsatzen. Orain profesionalen partida bat ikusteko gogoa dauka”, esan zigun.
Oraingoz, pilotari hauek jokoan trebatzen ari dira, eta badaukate maila. Gainera, ez dute soilik topaketetan jokatzen, mutikoekin batera eskola ligan parte hartzen dute. “Torneo biak jokatzen dituzte eta poz-pozik daude. Pilota izugarri atsegin dute”, esan dute federaziokoek. “Ez dakiguna da eskuz joka-tzen jarraituko duten edo pala hartuko duten. Palan aukera gehiago dituzte jokatzeko, baina topaketa hauen bidez espero dugu neskatila gehiago erakartzea”, esan digute. Azken urteetan emakumezkoen senior pilota txapelketak antolatzen hasi dira, hala nola Emakume Master Cup eta Bizkaia Cup.
Hockeyan gertatzen den moduan, pilotari hauek ere euren afizioa aldarrikatu nahi dute. Kontzentrazioak lagungarriak dira neskak ere pilotan aritzen direla ikusarazteko eta jokalariek elkar ezagutzeko.