Euskal Herriko II. Hika Topaketa egingo da Markina-Xemeinen
Goizean hitzaldiak egongo dira, esperientzia desberdinak ezagutzeko, eta arratsaldean lan-mahaiak, bertaratutako guztientzat, hausnarketarako eta proposamenak egiteko
ZirHika taldeak Euskal Herriko II. Hika Topaketa antolatu du azaroaren 8rako Markina-Xemeinen, Badihardugu euskara elkartearekin eta UEUrekin elkarlanean. Topaketaren helburua Euskal Herriko hika eragileak elkartzea da, elkarrekin hausnartzeko eta elkarlanerako bideak aurkitzeko. Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa jaso du topaketak.
Antolatzaileek jakinarazi dute izen-ematea zabalik dagoela jada eta interesa duenak UEUren webgunean egin dezakeela matrikula. Euskal Herri osoko hika eragileak animatu dituzte topaketan parte hartzera. Topaketa amaitu ostean, 18.30ean, hika bertso saioa egongo da Markina-Xemeingo Kontzejupean, Julio Soto, Miren Amuriza, Amets Arzallus eta Eneritz Artetxe bertsolariekin. Saioa doan izango da eta herritar guztientzat irekita dago.
Egun osoko egitaraua prestatu dute azaroaren 8rako. Goizean hitzaldiak egongo dira, esperientzia desberdinak ezagutzeko, eta arratsaldean lan-mahaiak, bertaratutako guztientzat, hausnarketarako eta proposamenak egiteko.
Lan topaketa izango denez, partaide kopurua mugatu egin behar izan dute. Hala ere, 80 lagun inguru elkartzea da asmoa, hitanoa bultzatzen ari diren eragileak guztiak ere, hala nola euskara elkarteetako kideak, hika irakasleak, euskara teknikariak edota ikerlariak. Arratsaldeko talde dinamika Farapi kooperatibako kideek gidatuko dute.
Oñatin egin zen I. Hika Topaketa 2023an, eta hika eragileek elkar ezagutzeko abiapuntua izan zen. Hain zuzen ere, topaketa horren ondoren Euskal Herri osoko eragileek osatu zuten ZirHika taldea izan da bigarren topaketa bideratu duena.