Bizkaia PGAe Open txapelketaren laugarren edizioa ekainaren 20tik 22ra jokatuko da Zugaztietako Meaztegi Golf zelaian. Aurrekoetan bezala, II. TUMI Spain Golf Tour zirkuiturako puntuagarria izango da, eta dagoeneko aurreko urteetako parte-hartze datuak gainditu ditu.

Aurtengo txapelketa mistoa izango da, eta gizonezko, emakumezko eta senior profesionalek parte hartuko dute. Seve Ballesterosek diseinatutako Meaztegi Golf zelaia, aurten bere 20. urteurrena ospatzen ari dena, izango da lehiaren eszenatoki aparta.

Astelehen honetan goizean izan den aurkezpenean honako hauek izan dira: Leixuri Arrizabalaga, Euskara, Kultura eta Kiroleko foru diputatua; Carlos Alzaga, Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko foru diputatua; Ander Martínez, PGAeko presidentea; Javier Saiz, Euskadiko Golf Federazioko presidentea; eta Carlos Roca, Meaztegi Golfeko zuzendari gerentea.

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Golfeko Profesionalen Elkarteak (PGAe) 2022an abian jarritako txapelketa honek urte gutxiren buruan Espainiako golf egutegiko hitzordu nagusienetako bat izatea lortu du. Urtez urte, izen-emate kopurua hazten doa eta parte-hartzaileen artean nazioarteko zirkuituetan aritutako eta Gran Slameko torneoak irabazitako jokalariak daude.

Sari potoloak eskaintzen ditu, helburu solidarioak ditu eta emakumen golfarien parte-hartzea bultzatzen duen ekimena da.

Izar handien parte-hartzea

PGAe zirkuituko proba garrantzitsuenetakoa izanik, Meaztegiko Openak aurreko edizioetan zenbait jokalari ospetsu jaso ditu:

  • José María Olazabal, Augustako Masterseko bi aldiz irabazlea (1994 eta 1999)
  • Álvaro Velasco, José Manuel Carriles, José Manuel Lara eta Santiago Luna, Europako golfaren izen nagusiak
  • Santi Luna, Legends Tour eta DP World Tourreko kidea

Aurten ere, zenbait jokalari gailen izango dira lehiaketan, hala nola:

  • Carlos Suneson eta Luis Claverie (Kanariak)
  • Carlos Balmaseda eta Vicente Blázquez (Madril)
  • Manuel Quirós eta Mario Galiano (Andaluzia)
  • Javier Sainz (Bizkaia)

Orain arteko edizioetako irabazleak:

  • 2022: Asier Aguirre (Nafarroa)
  • 2023: Borja Martín (Donostia)
  • 2024: David Borda (Nafarroa)

Pro-Am txapelketak eta jarduera osagarriak

IV. Bizkaia PGAe Openak txapelketa profesionalaz gain jarduera osagarriak ere eskainiko ditu:

Pro-Am Txapelketa: profesional eta amateurrek elkarrekin jokatzen duten proba da, eta urtez urte interes eta parte-hartze handiagoa jasotzen ari da. Aurten, bildutako dirua DalecandELA Fundaziora bideratuko da, ELA gaixotasuna duten pertsonak babesteko eta ikerketarako.

Haur Pro-Am: txapelketaren azken egunean egingo da, eta Euskadiko golf-eskoletako haurrek profesionalekin batera jokatuko dute. Ekimen honek Jon Rahm Golf 4 Kids proiektuaren eta Aladina Fundazioaren babesa du, golfaren balio hezitzaileak sustatzeko helburuarekin.

Meaztegi Golf

Meaztegi Golf Club Zugaztietan dago eta Bizkaiko Foru Aldundiaren jabetzako golf-zelai publikoa da. 2005ean inauguratu zen eta Severiano Ballesterosek diseinatu zuen. Meaztegi Golfek 88 hektarea hartzen ditu Trianoko meatze-gune zaharrean, eta 6.154 metroko ibilbidea duen 18 zuloko golf-zelaia du (72 parea), 52 bunkerrekin, eta 3 pareko 9 zuloko eremu bat, 10 bunker dituena.

Golf instalazioak praktika-zelai handi batekin (altuera bikoitzeko teearekin eta bi muturretatik praktikatzeko aukerarekin), bi putting-green eta chipping gune batekin osatzen dira, guztiak Club Etxearen inguruan daudenak.