Duela urte batzuk, boxeoaren munduarekin erlazionatutako pertsona batzuek ume txikien artean diziplina hori sustatzeko ekimen bat jarri zuten abian. Hala ere, oso argi zeukaten, eskola umeak izanda, ez zela kontakturik egongo, 15 urterekin liga federatuan sartzeko aukera izan arte. Urdulizen hasi zen proiektua martxan, Basakick klubean, eta Sestaoko MT Boxing klubean jarraitu zuen. Kontakturik gabeko boxeoak ume batzuk erakarri zituen eta arduradunek proiektua Aldundian aurkeztea erabaki zuten, eskola kirolaren programan sar-tzeko. Horrela sortu zen gaur egun txikibox deitzen dena. Hiru urte pasa dira ordutik eta jarduerak gero eta jarraitzaile gehiago ditu.
Larunbatean beste jardunaldi bat egin zen Sestaoko La Benedicta kiroldegian eta 100 haur inguru bertaratu ziren. Denek jantzi zituzten boxeo prakak eta eskularruak, entrenamenduetan prestatu zituzten lau probei aurre egiteko: Soka-saltoa, eskuzorroak, zakua eta itzala. “Gehien atsegin duten proba eskuzorroena da; entrenatzailearekin aritzen dira, elkarreragin bat dago, eta oso ondo pasatzen dute. Zakua ere oso gustuko dute”, azaldu du Txerrak, Sestao MT Boeing klubeko arduradunak.
Eta horrela, goizean, parte-hartzaileek lau proba egin zituzten. Aurten sei jardunaldi egingo dituzte; txikiboxaren garapena harrigarria izan da urteotan. “Txikiboxa praktika-tzen duen umeen kopurua etengabe haziz doa. Duela urte batzuk pentsaezina zen horrelako egoera bat, baina gertatu da. Helburuak betetzen ari gara: Oinarria lantzea, maila tekniko handiagoa lortzeko eta federatu mailara heltzen direnean prestakuntza sendo bat izateko”, jarraitu du Txerrak.
Jarduera Bizkaia osotik hedatzen ari da; Urduliz eta Sestaon daude ume gehien, baina Bermeo, Zamudio eta Erandion ere ari dira, eta ez dira atzean gelditzekoak. Gimnasioetan ari dira gehien txikiboxa sustatzen, baina ikastetxe batzuetan ere eskolaz kanpoko jarduera gisa eskaintzen dute. “Urdulizko ikastolan ematen da, esaterako, baina gehien eskaintzen dutenak gimnasioak dira”, esan digu MT Boxing klubeko arduradunak.
Txikiboxaren onurei erreparatuta, gaitasunak ez ezik balioak ere lan-tzen direla ikusiko dugu. Boxeoaren teknikarekin batera, kirolaren balioak lantzen dituztela azaldu digu Txerrak. “Umiltasuna, aurrera egiteko nahia, sakrifizioa, diziplina eta talde-lana lantzen ditugu, eta horrekin batera, gaitasun batzuk garatzen doaz. Koordinazioa, oreka eta abiadura, besteak beste. Kirol gogorra da, baina gerora federatu mailan jarraitu nahi izanez gero, prestatuta egongo dira. Txikitan errazagoa da ikastea. Esaterako, soka-saltoa konplikatua da, baina txikiek nagusiek baino errazago ikasten dute. Gainera, diziplina bat daukagu, eta hori errespetatzen ikasi behar dute. Ez da arte martzialen modukoa, baina kasu honetan ere oso garrantzitsua da errespetua. Ikastetxetik irtetean, burua pixka bat aldrebestuta dutela heltzen dira, baina berehala zentratzen dira”.
Gainera, oso erakargarria egiten zaie ringa. Entrenamendu gehienak ez dira ringean egiten, baina monitore batzuek sari gisa eskaintzen dute. “Ilusio handia egiten die ringera igotzeak. Berehala igo nahi izaten dute; eszenatoki moduko bat dela iruditzen zaie. Gimnasioek pizgarri moduan erabiltzen dute, umeak erakartzeko. Entrenatzaile askok sari gisa erabiltzen dute. Ondo portatu badira, ariketak ringean egin ditzakete”, esan du Txerrak.
Bizkaiko boxeo harrobia sendotzen ari da. Txikitatik ari dira teknika ikasten, kontakturik gabe, oinarrizko lau proba baliatuz: Eskuzorroak, soka-saltoa, zakua eta itzala. Oraindik ez dakigu haur horiek aurrera jarraituko duten eta federatuko diren, baina garrantzitsuena eta txikiboxaren oinarriak finkatzen ari direla; eta argi geratu da ez dela beharrezkoa kolpeak ematea, garrantzitsuena trebetasunak garatzea da. Sestaoko jardunaldian giro ona egon zen eta, batez, bere, gehiago ikasi eta norberaren abileziak hobetzeko gogoa. Soka-saltoarekin nahasteak, eskuzorroekin barreak, zakuarekin indarra eta itzalarekin arintasuna. Puntuazioa gutxienekoa da; argi dago txikiboxak bere lekua egin duela umeen artean.