Beasain - Egungo aizkolari onenak elkartuko dira aurten ere, hirugarren urtez jarraian, Beasainen jokatuko den herri kirol saioan. Udalak herri kirolen aldeko apustua egiten jarraitzen duela berretsi du eta horregatik antolatu du berriz ere igande honetarako maila goreneko aizkolarien lehiaketa. Hain zuzen, Eusko Label Urrezko Aizkolarien binakako Txapelketaren finalerdi eta finalera iristeko azken jardunaldia izango da Antzizar kiroldegian jokatuko dena.
Herri kirol jaialdia eguerdiko 12.00etan hasiko da eta ohiko moduan Euskal Telebistak saioa grabatuko du, ondoren, arratsaldean, 16.00etan, eskaintzeko. Sarrerari dagokionez, doan izango da 18 urtetik azpikoentzat, baina gainontzeko guztientzat 15eurotan egongo dira ikuskizunerako sarrerak salgai.
Lehia bizia
Aitor Aldasoro, Beasaingo alkatearen hitzetan, “pozarren eusten diegu horrelako erronkei herrian eta herri kirolek Beasainen duten tokia mantentzen jarraitzen dugu beste urte batez. Gainera, guretzat Iñaki Azurmendi etxean aritzeak balio erantsia ematen dio igandeko lehiari”. Azurmendi bera eta Jon Rekondo, Iker Vicente eta Ruben Saralegiren aurka lehiatuko dira. Luis Mari Bengoak, Egur Sport SL elkarteko ordezkariak, norgehiagoka estua eta maila altukoa izango dela espero dela aurreratu du.
Esperientzia handia du arriarandarrak aizkoran, izan ere, dauden txapelketa gehienak irabazi izan ditu urte hauetan, baina etxean aritzeak nolabaiteko presioa eragiten diola ere nabarmendu du aizkolariak: “Herrian jokatzeak presioa jartzen du baina uste dut bikote bezala nahiko txukun gaudela eta lan polita egiteko moduan izango garela Rekondo eta biok”. Hala ere, badaki ez dela lan erraza izango eta guztia eman beharko dutela etziko saioan: “Beste bikotea lehengusuak dira eta oso talde indartsua osatzen dute. Nik uste saio gogorra izango dela igandeko lehiaketa, izan ere, lauotatik onena momentu honetan Iker Vicente izango da”, onartu du.
Txapelketaren dinamikari dagokionez, sei lan egin beharko dituzte. Hasteko, bikoteko aizkolari batek 45 ontzako enborra golpeka ebaki beharko du; jarraian, erlojuaren aurka ariko da beste aizkolaria, 45 ontzako enborrarekin. Zutik ere ebaki beharko dute 54 ontzako enborra bikoteko batek, eta ondoren, berriz, bi enbor ebaki beharko dituzte: batek, zutik, 45 ontzakoa eta segidan bestea hasiko da lanean 54 ontzakoa etzanda ebakitzen. Azkenean, 60 ontzako sei enbor moztu beharko dituzte txanda librean. Jokoan dagoena ez da edozein gauza: igandeko bikote irabazlea zuzenean martxoaren 4an Azpeitian jokatuko den final handira pasako da. Bestalde, bikote galtzaileak beste aukera bat izango du Oñatin, otsailaren 18an, burutuko den finalerdian.
festa handia Gizonezko aizkolariez gain, baina, izango da zertaz gozatu Antzizarren. Izan ere, emakumezkoak ere arituko dira norgehiagokan. Hala ere, hauek bakarka lehiatuko dira eta bederatzi enbor bi izakera ezberdinetan ebaki beharko dituzte. Bigarren urtez antolatu dute emakume aizkolarien Eusko Label txapelketa eta honela emakumeen parte-hartzea bultzatzen jarraitzeko desioa azaldu dute. Banakako lehian, Irati Astondoa Zeanurikoa, Maika Ariztegi Iturengoa eta Nerea Sorondo Berakoa arituko dira.
Jaialdia borobiltzeko Urrezko harrijasotzaileen txapelketan Imanol Illarramendi Kortaberri izango da bere buruaren aurkako lehian. Hain zuzen, bi minutuko bi saio egin beharko ditu 175 kiloko harri errektangularrarekin eta 150 kilo kubikoarekin finalerako txartel bat lortzeko.