Trebezia eta arintasuna
Pasa den asteburuan Arrigorriagan hasi ziren eskola mailako irristaketa abiadura jardunaldiak. 50 neska-mutil inguru bertaratu ziren, probetan parte hartzera
Irristaketa abiadura denboraldiz denboraldi berrituz doa, ikasle gehiago erakar-tzeko asmoz. Duela urte batzuk hasi zen, soilik abiadura lasterketekin, baina gaur egun trebezia eta errelebo zirkuituak, pistako probaren bat eta kalekoren bat ere egiten hasi dira. “Aurten zazpi jardunaldi antolatuko ditugu, bat hilabete bakoi-tzeko, eta desberdinak izango dira. Proba desberdinak uztartuko ditugu eta ahalik eta atseginen izan dadin saiatuko gara. Esaterako, Erandion pistako proba bat presta-tzen ari gara; eta Etxebarriko Herri Krosaren barruan patin-lasterketa bat egingo dugu. Zerbait desberdina egin eta geure burua ezagutzera emateko modu bat da”, azaldu du Modesto Marinek, Bizkaiko Federazioko irristaketa abiadurako arduraduna. Pasa den larunbatean lehenengo jardunaldia egin genuen Arrigorriagako kiroldegian eta 50 neska-mutil inguru bertaratu ziren, Basroller eta Bilbo Skating klubetatik eta Bilbo, Zamudio eta Arrigorriagako bertako ikastetxeetatik. Patinatzaileak pistan etengabeko mugimenduan egon ahal izateko, pista bera bi zatitan banatu zen eta neska-mutikoak taldeka jarri ziren, lehenik eta behin beroketa egiteko; gero, probetarako. Lehenik eta behin, banakako trebezia zirkuitu bat egin zuten eta kategoria bakoitzeko lehenengo laurek hurrengo proba egin zuten. Amaitzeko, abiadura lasterketak egin zituzten. Dena ondo zihoala kontrolatzeko, epaile berriak egon ziren, aurreko egunean federazioak emandako ikastaro batean parte hartutakoak. “Jendea behar genuen abiadura lasterketetan laguntzeko, beraz, ikastaro bat antolatu genuen. Batez ere neska patinatzaileek eman zuten izena eta gaur praktikak egiten ari dira jardunaldi honetan. Poz-pozik gaude deialdiak hain erantzun positiboa jaso izanagatik”, esan digu Marinek.
Irristaketa abiadura gutxiengoan dagoen kirola da. Ikastetxe batzuetan patinatze-jardueraren hastapen moduan ematen da, baina askok ez dute eskaintzen, eta egiten dutenek ez dute entrenamendu ordu askorik egiten, Bizkaiko bi klubek ez bezala: Basroller eta Bilbo Skating.
Basroller da bietatik antzinakoena; hamar urte daramatza Basaurin. Irristaketa eskola bat dute eta hogeita hamar neska-mutil inguru joaten dira, baina, batez ere, klub honek 30 urtetik gorako patinatzaileek lortutako arrakastei esker da ospetsua. “Irristaketa abiadura gogor sartu da 30 urtetik gorakoen artean. Korrika egitera irteten zen baina lesioak direla eta utzi behar izan duen jendearen artean nahiko ohikoa da; izan ere, jarduera hau ez da hain borti-tza. Basroller klubak nazioarteko probetan parte hartu du eta aitzindariak izan dira Bizkaian, nazio mailako zirkuitu batean parte hartzeagatik. Hainbat domina eta garaikur dituzte dagoeneko”, jarraitu du Marinek.
Bestalde, Bilbo Skating kluba daukagu, orain dela gutxi sortua. “Bilbo mailan erreferente izateko helburua dute. Pasa den urtean hasi zuten ibilbidea. Bilboko Udalari proposamen bat egin zioten, parte-har-tze aurrekontuetan kontuan har-tzeko: pista homologatu bat erai-kitzea. Udalak proposamena onartu zuen eta pista bat eraikiko da Errekaldeko kiroldegian”, esan du.
Bitxikeria moduan, esan dezakegu irristaketa abiadura kirol olinpiko bihurtuko dela Argentinan egingo diren gazte olinpiadetan, baina, zalantzarik gabe, World Roller Games delakoak izan dira jendearengana heltzeko modurik onena. Txinan egin da ekitaldia, lehen aldiz, eta irristaketaren barneko diziplina guztiak elkartu ditu: Irristaketa abiadura, irristaketa artistikoa, skateboard, hockey, roller street? “Ezaugarri horietako ekitaldi bat egitea oso lagungarria da modalitateak ikusarazteko. Zaila izaten da diziplina berriak ikastetxeetan sartzea. Gainera, ez dago monitore espezializaturik”, esan du.
Irristaketan abiaduran pentsa dezakegu bizkorren doanak irabaziko duela lasterketa, baina ez du zertan horrela izan behar. “Ez da bueltak emate hutsa. Trebetasun batzuk garatu behar dira, hala nola erortzen, jaikitzen edota jauziak ematen jakitea. Bizkorra izanda ere, trebea ez bazara, ez da nahikoa. Neska-mutikoak probatzera animatu nahi ditugu”, esan du Marinek, amaitzeko.
Diziplina hau lantzen duten Bizkaiko bi klub eta ikastetxeen bidez, irristaketa abiadurak bere lekua egin du, baina oraindik ere bide luzea dauka aurretik.