Bilbao. Alex Txikon mendizale lemoarra gaur bertan abiatuko da Pakistango Karakorum aldera K2a, munduko bigarren tontorrik garaiena, behingoz zapaltzeko asmoz. 8.611 metrotako erronka la-tza izango du aurretik, lortuz gero are gogoangarriagoa izango dena duela hiru aste Lhotseko (8.515 m) erronka mendean hartu eta Nuptseko (7.860 m) puntu gorenetik 30 metro eskasera geratu ostean, Bizkaia Gailurrean Lhotsera Euskeraz egitasmoaren barruan.
K2a mendi arrunta ez dela argi utzi du Txikonek, "bertikalena eta zorrotzena" baita haren aburuz, baina energia eraberrituekin bideratuko da 2013ko sasoiari amaiera paregabea eman nahian. Nerabezarotik buruan sakonki barneratuta izan duen xedea dela aitortu du ere: "Hamabi urte nituenetik amestu dut mendi honekin, loa kentzeraino ere". Bihartik aurrera, eta abuztuaren hirura bitartean, hots, hiru hilabete baino gutxiagoko tartean, Ferrán Latorre kataluniarra eta Félix García galiziarrarekin Pakistanen arituko da bere jomuga lortu nahian, biak ala biak bizkaitarraren lagun minak eta eskala-tzaile arituak.
K2ko gailurra orain artean birritan gutxigatik ihes egin dion ametsa du Txikonek, eta hirugarren honetan helburua erdiesteko esperantza guztiak esperientzian oinarrituko ditu. 2004an 7.400 metrotan buelta eman behar izan zuen eta 2011an askoz gertuago egon zen. Bi gau laugarren kanpamenduan 8.000 metro ingurura igarotzera heldu zen, baina ez batean ez bestean ez zuen gailurra zapaltzea lortu. Aurreko bi saiakeretan igotzeko erabili zuen Cesen bide beretik ekingo dio oraingoan ere gaurtik aurrera erronkari, haren esanetan, "eskalada garbi eta seguru batekin gozatzeko ibilbide onena" da eta.
Horrela, munduko mendirik garaienez gozatzeko bere ekimenarekin aurrera dihardu mendizale bizkaitarrak, elkartasuna, talde-lana eta kidetasunaren balioak oinarrian harturik. Aurtengo denboraldian, gainera, gazteen artean euskera bultzatzeko teknologia berrien laguntzaz baliatzen ari da, eta Azkue Fundazioaren nahiz Bizkaiko Foru Aldundiko Gazteria Sailaren, GazteBizz-en, alegia, babesa izaten ari da horretarako.
Alpinismoa, kirola eta bizikide-tzaren funts horiek zabaltzeko bere ahaleginean aurrera egingo du Alex Txikonek aurretik daukan erronkan zehar, eta sare sozial nahiz hitzaldien bidez K2aren gailurra zapaldu bitartean biziko duen esperientziaren berri ematen saiatuko da. Txikon Extreme dokumental sortaren barnean ere ETB1ek lemoarraren abenturak filmatuko ditu.
Abuztura bitartean Pakistango gailurra zapalduko balu, Alex Txikonen hamaikagarren zortzimilakoa litzateke, eta falta zaizkion gailur pokerretik bat ezabatuko luke. K2az at, Everest (8.848), Kanchenjunga (8.586) eta Nanga Parbat (8.125) ditu agendan mendizaleak hamalau zortzimilakoetara igoera lortzeko eta munduko mendizale handienen artean bere izena urrezko letrez idazteko. Momentura arte, Broad Peak (8.047), Makalu (8.463), Cho Oyu (8.201), Shisa Pangma (8.027), Daulaghiri (8.167), Manaslu (8.163), Annapurna (8.091), Gasherbrum I (8.068), Gasherbrum II (8.035) eta Lhotse bera orain gutxi bete ditu, eta gailur guztietara heldu bitartean geratzeko asmorik ez duela argi utzi du lemoarrak.