Síguenos en redes sociales:

Arkitektura

Lasaitasuna

Gero eta argiago dut lasaitasuna ez dela soilik isiltasuna. Lasaitasuna gorputzak alerta egoeratik ateratzeko aukera izatea da, norberaren minarekin presarik gabe egoteko baldintza bat izatea

LasaitasunaAnder Zangitu

Holerri batean, horma baxu baten eta zuhaitz zabal baten alboan, pieza batzuk ageri dira lurrean pausatuta. Ez dira handiak. Ez dute monumentu izaerarik bilatzen, ez dute gorantz egiten, ez dute begirada behartzen. Lurrari itsatsita daude, gorputzaren eskalan pentsatuta: esertzeko, makurtzeko, ukitzeko, isilik egoteko. Formek badute zerbait jolasgunetik, zerbait altzaritik, zerbait eskulturatik; baina ez dira ez bata ez bestea erabat. Tarteko espazio bat osatzen dute, eta, agian, horregatik dira hain egokiak dolurako: ez dutelako esanahi itxi bat inposatzen.

Materialak ere neurritsuak dira: grisa, lurra, lastoa edo belar moztuaren arrastoa. Ez dago apaingarri gehigarririk. Ez dago dramatizaziorik. Espazioak ez du mina antzezten, baina ez du ezkutatzen ere. Hori da bere indarra: doluari ez dio forma handi eta solemne bat ematen; eguneroko keinuetarako lekua eskaintzen dio. Eseri, egon, gutun bat erre, errautsak lurrean utzi, berriro itzuli.

Antzuolako hilerrian inauguratu berri dute dolu perinatala modu duin eta partekatuan egin ahal izateko espazioa: Gure Txikixak. Lehen begiratuan txoko txiki bat dirudi. Baina, hain zuzen, txikitasun horretan dago bere gaitasun politiko eta afektiboa. Ez du hutsunea betetzen; hutsune horri lekua egiten dio. Proposamenak Sahatsa Jauregiren sinadura darama. 

Iruditzen zait gune honek baduela arkitekturatik harago doan garrantzi bat. Ez delako soilik hilerriko txoko berri bat. Ez delako soilik memoria-leku bat. Espazio horrek esaten du, modu xume baina indartsuan, haur horiek existitu direla. Agian ez ziren plazara iritsi, ez ziren eskolara joan, ez zuten herriko eguneroko bizitzan presentzia ikusgarririk izan. Baina izan ziren. Eta izate horrek leku bat behar du.

Dolu perinatala askotan isilpean geratu da (beste gauza askoren moduan). Gertatu dena gertatu ez balitz bezala tratatu izan da maiz. Mina etxe barrura mugatu da, gorputz gutxi batzuen esperientzia pribatu bihurtuta. Horregatik, halako espazio batek ez du hu-tsune bat betetzen soilik; hutsune hori izendatzeko aukera ematen du. Arkitekturak, hemen, ez du dolua konpontzen. Ez du mina arintzeko promesa faltsurik egiten. Baina, ekintza batzuk ahalbidetzen ditu: eseri, ida-tzi, erre, gogoratu, isildu, itzuli. Eta horiek ez dira keinu txikiak. Erritualak dira. Gorpu-tzak minarekin bizitzen ikasteko behar dituen azpiegitura sotilak.

Gunean gutunak edo oharrak erre, hauek lurperatzeko aukera, eta patxadaz egoteko eserlekuak daude. Xehetasun horietan dago espazioaren indarra. Ez arkitektura ikusgarri batean, baizik eta erabilgarritasun sinboliko eta material batean. Batzuetan, arkitekturaren egitekoa ez da eraikin bat altxatzea; keinu bat egiteko baldintza nahikoa sortzea da. Eta doluan, keinu horiek funtsezkoak dira, hitzak iristen ez diren tokira iristen direlako.

2024an etorkizuneko hilerria marrazteko herri mailako lanketa egin zen. Eta bertan irtendako ideietako batek forma hartu du orain: Gure Txikixak. Hamar lagun inguruk gidatu dute prozesua, Esku Hutsik elkarteko eta Udaleko ordezkariak bidelagun izan direlarik. Hilerria ez da heriotzaren administrazio-lekua soilik. Herri batek bere absentziak nola zaintzen dituen erakusten duen espazioa ere bada. Eta absentzia horiek zaintzeko moduan ikus daiteke komunitate baten heldutasuna.

Proposamenean ez dago handitasun monumentalik. Zuhaitza dago, itzala, lurra, eserlekuak, forma xume batzuk. Baina, agian, horixe da guneak duen indar handiena: ez du mina dramatizatzen, baina ez du ezkuta-tzen ere. Ez du ikusgarritasun bortitzik sor-tzen, baina aitortza egiten du. Espazioak ez du esaten zer sentitu behar den. Bakarrik bertan egotera bideratzen zaitu, lasai egotera. 

Agian, hori da lasaitasuna bermatzen duten arkitekturen zeregina. Ez minik ez dagoela esatea. Ez mina edertzea. Baizik eta minari leku bat egitea, gorputzei egoteko denbora ematea eta komunitateari gogoraraztea bizi-tza batzuk oso laburrak izan arren ez direla txikiak. Arkitekturak ez du dolua ixten. Baina, batzuetan, dolua bakarrik ez eramateko leku bat irekitzen du. Lasaitasuna komunitateak min hori ukatu beharrean, hari leku bat egitea da.