Síguenos en redes sociales:

Daragh Espiauren kultur gomendioak

Musikaria

Daragh Espiauren kultur gomendioakCedida

Daragh Espiauren kultur gomendioak:

  • Abesti bat: Triángulo de Amor Bizarro-ren 'Matar a un Rey'. Gure taldearen erreferente nagusia dira Triángulo de Amor Bizarro. Haien azken disko (Mi Catedral) seguruenik nire urteko diskoa izango da.
  • Talde bat: Dena. Euskal Herri mailan erreferente izan dira azken urteetan; ez bakarrik musikalki baizik eta politikoki ere, gure taldearen filosofian eragin handia izan dute. Musika mailan Euskal Herriko podioan jarriko nituzke, ez dute disko txarrik.
  • Liburu bat: Mary Shelleyren 'Frankenstein'. Azken urteetan irakurtzeko ohitura berreskuratu dut eta irakurri ditudan liburuen artean klasiko hau nabarmentzen da. Ideia garaikideez betetako istorioa da.
  • Antzezlan bat: Ekidaren Bigarrenez Aresti. Antzezlan honen aurkezpenean egoteko aukera izan nuen, lan kolektiboz osatutako lan perfektua, Gabriel Aresti-ren irudia maitasunez eta gardentasunez esploratzen du. Guzti hau, gainera, musika lan paregabe batekin.
  • Artista bat: 1z4r0. Izaro mota askotako artista da, argazkigintzan aritzen da, arropa pieza ezberdinak sortzen ditu eta diseinuak ere egiten ditu. Bere lan propioa egiteaz aparte Norman Bates-ekin elkarlanean ibili da luze eta ganoraz.
  • Pelikula bat: Kyle Edward Ball-en 'Skinamarink'. Analog Horror generoan kokatzen diren pelikulak ikusten ibili naiz eta 'Skinamarink' horien artean onena, beldugarriena eta interesgarriena dela uste dut.
  • Kultur espazio bat: Bilboko San Frantzisko auzoan dagoen Sarean. Sarean guneak urteak daramatza auzoan eta undergroundean ikusten diren proiektuei espazioa eskaintzen, bertan jo ahal izatea eta bertako ekimenetan parte hartzea beti izan da esperientzia ona.

Daragh Espiau (22 urte) Gatikan jaiotako plentziarra da. Norman Bates taldean abestu eta gitarra jotzen du. Taldearen lehen urratsak pandemia garaia baino lehen kokatzen diren arren, zuzeneko materiala aurkezten hiru urte daramatzate Euskal Herriko leku ezberdinetan. Horien artean gehienbat gaztetxeak kokatzen dira (La Kelo, Errota, Laminetxe, Gasteizko Gaztetxea...), baina Euskal Herriko baita estatu mailan kokatzen diren aretoetan ere jo-tzen ibili dira, ala nola Dabadaba (Donosti) Jimmy Jazz (Gasteiz) eta Wurlitzer Ballroom (Madrid). Taldeak lau single eta Motel izeneko EP bat plazaratu ditu. Noise Pop-aren eta Post Punk-aren artean mugitzen diren abestiak dira: euskaraz eta gaztelaniaz abesten dute. Maiatza bukaeran single berri bat kaleratu dute, El Nuevo Pop izena duena, Plataforma guztietan entzungai dago abestia, Spotify-n izan ezik. Orain taldea lehen diskoaren sortze prozesuan murgilduta dago eta udan Bizkaiatik ibiliko dira material berria zuzenekoan frogatzen. Beste proiektu batzuetan ere ibili da Daragh, eta gaur egun Daragh-ren proiektu bakarra Norman Bates izan da, taldearen kide izateaz gain taldearen bideoklip gehienetan zuzendaritza edo produkzio lanak bere gain hartu ditu. DDT Banaketak kolektiboko kidea da eta bertan kasete edizio bat egin du Norman Batesek, bertan lehenengo kantu guztiak bildu dituzte.