“Gaiak jorratzeko modu aberasgarriago eta interesgarriago bat planteatu nahi nuen”
Kalean da idazle eta musikari iruindarraren lehen nobela. Ohikoa duen formatu laburra eta publiko gaztea albo batera utzi, eta gogoeta politiko, filosofiko eta sozialez jositako eleberria ondu du, kafe zapore gozo bezain garratzarekin: ‘Café Mokka’ (Alberdania, 2026)
Egungo jendarteari lotutako hainbat gairen inguruan soseguz gogoetatzeko parada dakar Jabier Muguruza Ugartek (Irun, Gipuzkoa, 1960) Café Mokka kafetegi klasikoaren inguruan sorturiko giroak. Bezero fidel eta noizbehinkakoen joan-etorriek elkarrizketagaiak ekarriko dizkiote Alberto kamarero jantziari, eta hark hamaika buelta eman, beti musika onez giroturik.
‘Café Mokka’ duzu lehen eleberria, baina ez da inondik inora argitaratu duzun lehen literatura lana. Zer dela eta formatu hau orain?
Ez da izan aurrez erabakitako zerbait. Banekien zer nahi nuen: gai batzuen inguruan nire ikuspuntua modu dialektikoan eskaini. Hasiera batean nire asmoa taxista bat jartzea zen, taxi batean hizketan beste bezero batzuekin. Ideiak ez zuen nik nahi bezala funtzionatzen eta erabaki nuen kafe bat jartzea. Pixkanaka-pixkana luzatzen joan zen ikusi nuen arte hor bazegoela nobela izan zitekeen zerbait, eta ez nire ohiko errelato motzak.
Aipatu duzun kafea ez da edonolakoa, kafetegi klasiko batean girotu duzu istorioa.
Puntualizazio egokia egin duzu, egunkari ba-tzuetan taberna irakurri baitut. Albertori, protagonista eta narratzaileari, gustatzen zaiona da kafe klasikoa, ez taberna arrunta. Nik ere gustu hori partekatzen dut berarekin, betidanik maite izan ditut kafe horiek. Segur aski ez da kasualitatea izango orain dela urte batzuk Euskal Herria aldizkariak Euskal Herriko kafeei buruzko erreportaje bat enkargatu izana. Iruditzen zait espazio ederrak direla, dekorazio berezi horrekin, musika zaintzen duena, tertuliak bultzatzen dituena… Gaur egun ez dago askorik.
"Iruditzen zait maila kulturala jaisten ari dela, gero eta zailagoa dela fundamentuzko gauzak irakurtzea, entzutea…”
Kafe klasikoekiko zaletasunaz gain, zer gehiago partekatzen duzu Albertorekin?
Liburuan iritzi batzuk planteatzen dira, baina ez egia borobilak. Kafetegitik jende ezberdina pasatzen da hortik eta iritzi ezberdinak kontrastatzen dituzte, debatitu ere bai, baina ez da ezer predikatzen. Ez dago diskurtso monolitikorik, baina Albertoren mundu ikuskera bat suma-tzen da. Horretan egia da badaudela adostasunak, hori ez dut ezkutatu nahi.
Posizionatu ere egiten da Alberto, gai askoren inguruan. Zer dela eta aukeratu zenituen horiek eta ez beste batzuk?
Gaiak interesatzen zaizkidalako, baina horiek eztabaidatzeko modu zibilizatu bat ere planteatu nahi nuen. Gaur egun gero eta joera gogorragoa ikusten dut bakoitza bere posizioan gotortu eta milimetro bakar bat ere ez mugitzeko. Gaiak jorratzeko modu aberasgarriago eta interesgarriago bat planteatu nahi nuen.
Askatasunaren auziak nobela osoa gurutzatzen du.
Puntualizazio txiki bat: askatasuna baino, ustezko askatasuna aipatuko nuke. Askatasunaren erlatibizatzea planteatzen du, ez ukapena, eta nobela osoan zehar hegan bezala dago inkontzientearen indarra. Inkontzientea da normalean ikusi nahi ez dugun errealitate horretan etengabe eragiten ari zaiguna.
Sexuen arteko gudaren teoria ere agertzen da hainbat kapitulutan.
Horretan ere ez dago kontsignarik, baina badago gogo bat gai horiek planteatzeko zalantzatik, ikuspuntu desberdinetatik, kezketatik, eta ez posizio garbi bat ziurtasun erabatekotik abiatuta. Nik zalantzak izan ditut gai hauen inguruan. Adibidez, badago gai delikatu bat, trans auzia haurtzaroan. Ez dut iritzirik eman nahi izan inor mintzeko, hor ikusitako eta gero aztertutako eta dokumentaturiko errealitate bat aurkeztu eta zalantza batzuk planteatu nahi nituen.
Erreferentziaz josi dituzu gogoeta horiek guztiak.
Aipuak sartzearena aspaldiko joera bat da. Hori ere Albertorekin partekatzen dut, berak ere badu joera entzuten dituenak, bere gogoeta pertsonalak eta berak egindako iruzkinak gordetzekoa. Albertok ez du inongo asmorik publikatzeko, nik bai, ordea.
Haurtzaroaren inguruko gogoetek eta jendartearen infantilizazioak ere badute pisua nobelan. Bereziki kezkatzen zaitu?
Bai, gainera ikusten dut arlo askotan islatzen ari dela. Adibidez, iruditzen zait maila kulturala jaisten ari dela, gero eta zailagoa dela fundamentuzko gauzak irakurtzea, entzutea… Agian infantilismo gogorra da esatea, baina hor balia-tzen naiz Bruckner pentsalariaren zenbait gogoetaz nire kezka bat plazaratzeko.
Hizkuntzak ere, modu askotan, badu bere pisua. Albertok euskara ikasi zuen, gaztelania du ama hizkuntza, hizkuntza trukeak egiten ditu Maddirekin…
Maddirekin izaten dituen truke digital horiek oso ondo datozkit pixka bat pertsonaiak kafetegitik ateratzeko. Gehien-gehiena Café Mokkan gertatzen da, baina tarteka leiho txiki hori izatea beste erregistro bateko elkarrizketak planteatzeko, aberasgarria iruditzen zitzaidan, narrazio aldetik ondo zetorkidan.
Eta gero Jon ere badago, jubilatzear dagoen euskaltegiko irakaslea, Albertorekin solastatzea bereziki gustatzen zaiona.
Oso euskaltzalea da, hizkuntza ikaragarri maite du, baita Albertok ere, kristoren ahalegina egin baitu ikasteko, baina Jonek gero baditu zenbait zalantza eta desadostasun. Tipoak ez du arazo handirik iritzia emateko eta nik aprobetxatu ditut. Kezka batzuk amankomunak dira, nik bizi izan dut prozesu hori, euskara zerotik ikastearena eta abar, eta ikusi ditut joera batzuk… Adibidez, biktimismoa aipatzen da. Ikusten dut ez bakarrik euskaldunongan, eh! Gaur egungo gizartean bertan goxo joera hori ikusten dut, biktimizazio handia arlo gehienetan.
"Orain nobela publikatu dut eta atseden beharra dut, baina publikazio aldetik, nik gauzak egiten jarraitu behar dut, ez dakit bestela bizitzen.”
Aipatu duzu gaiak ikuspuntu askotatik lantzeko saiakera, baina gero badago Albertoren tema hori “esan ezin direnen” kontuarekin.
Liburuan pertsonaiak ere agertzen dira, ez bakarrik filosofoak, pentsalariak eta artistak. Eguneroko bizitzakoak, prosaikoagoak, kasu konkretu batzuk oihartzun handia izan zutenak, adibidez, Alex Sarduiren kasua. Iruditzen zait hori ere beste modu batean jorratu zitekeela. Ni momentu hartan ez zintzen oso konforme geratu. Kritikatzea oso ondo dago, baina sare sozialetako joera batzuekin, gaur egun hurrengo egunean komunikatu bat duzu kristoren jende pilak sinatuta esanez hori oso larria dela. Euskal Herria oso txikia da, zuk hartzen duzu telefonoa eta beste maila batean esan ahal diozu: Alex, gaizki iruditzen zait esan duzuna. Adibidez, Izarok esan zuenean gizonen ahotsa faltan bota-tzen zuela gai honen inguruan... Bueno, hor dago nolabait nire ikuspuntua.
Eta irakurleek, zer iritzi dute ‘Café Mokka’-ren inguruan?
Egia esan, harrerarekin harrituta gaude. Hiru astetan bigarren ediziora goaz, zerrenda desberdinetan salduena agertzen da, oso irteera indar-tsua izan du. Ez dakit arrazoia, ba ote zegoen hor interes bat nire lehenengo nobela delako eta musikari-abeslari gisa ezaguna naizelako… Iri-tziak, benetan onak jasotzen ari naiz, dezente entzuten ari naiz jendeak Café Mokkan bolada bat pasatu izanaren benetako sentsazioa daukala. Badago jendea esan didana bertako giroa eta usaina sumatzea ere iruditu zaiola, Alberto bere laguntzat hartzen duena… Gauza politak entzuten ari naiz. Baten bati ere entzun diot puntu ba-tzuetan ez dagoela konforme eta fenomeno iruditzen zait, hori iruditzen zait ideala.
Ez dugu aipatu musikak nobelan duen garrantzia. Alberto musikaria izandakoa da, jazz en-tzule amorratua, eta mimoz zaintzen du kafetegiko soinu giroa.
Musikak presentzia handia du. Batetik, egin daitekeelako halako ibilbide bat Ramon Saizarbitoriak hitzaurrean aholkatzen duena, aipaturiko artista horiek entzutea, eta gero badaude erreferentziak. Bestetik, badaude gogoeta pertsonalak musikari buruz: Alberto musikaria izan zen, urte gutxi batzuetan, ez ni bezala, eta gero Albertoren fantasia dago, kafe bat irekitzearena, eta nik ere izan dut desira hori. Musikaren arloan bereiziko nituzke Alberto eta bion posizioak, baina egia da biok oso musikazaleak izanik eta… Gainera, Albertori oso inportantea iruditzen zaio musika jakin batek kafetegiaren giroari eman diezaiokeena. Horregatik beti dago tartekatuta jazz klasikoa, bere gustuko egileak, Jabier Muguruzaren lagunen aipamenak egiten dira, Maite Larburu, Miren Iza Tulsa… horiek maitasunezko keinuak dira.
Beste elkarrizketa batzuetan aipatu duzu orain geldialditxo bat egin nahi duzula.
Batez ere publikazio aldetik. Azken garaian hainbat gauza gertatu dira nire inguruan, gogorrak zein ederrak. Ez dakit zergatik baina mundu infantilean edo haur musikan murgildu nin-tzen batez ere, nahiz eta baita literaturan ere, furgoneta utzi nuen eta ia-ia zuzenekoak… Eta orain konturatu naiz bost-sei urtetan ez dakit zenbat obra publikatu ditudala: 2019an Geltokiak izarretara atera zen, bilduma handi bat izan zena, baina haurrentzako diskoak izan dira lau, eta haurrentzako literatura bi, Iñaki Irazurena… Egia da errepidea utzi dudala eta estudioan eta etxean ari naizela lanean, baina agian gehiegizko produkzioa da. Orain nobela publikatu dut eta atseden beharra dut, baina publikazio aldetik, nik gauzak egiten jarraitu behar dut, ez dakit bestela bizitzen.