“Nobela beltz bat da, apur bat aktibismo ekologista hartuta testuingurutzat”
‘Robinen neba-arrebak’ eleberria argitaratu berri du Oñatek: gazte baten heriotza eta hura ikertzen ari denaren detektibe-lana, horrek atzean duen ezkutuko zergatia eta protagonistaren barne bidaia uztartzen ditu, besteak beste
Inguru urbanoetako pertsonaia eta istorioak kontatzen eta asmatzen dituela dio Aitor Oñate idazleak (Bilbo, 1977) Instagrameko bere kontuan, eleberrien nahiz ipuinen bidez; eta, azaldu duenez, horrela egin du Elkar argitaletxearekin argitaratu berri duen Robinen neba-arrebak liburuan ere: “Bilbon ez ezik, inguruetan ere kokatu dut istorioa; esate baterako, Galindoko araztegian, Sestaon”.
Heriotza bat gertatu da Galindon, eta Nagore Saminaga da hara gerturatzen lehenetariko bat, SKA Substantzia Kimikoen Ataleko kidea; hortik abiatuta, zer kontatu nahi izan duzu eleberrian?
Esango nuke hiru plano dituela eleberriak: batetik, detektibe liburu bat da, aipatutako istripua ikertzen baitu protagonistak, eta hor ohiko gorabeherak izaten dira; bestetik, atzean badu oinarri ideologiko bat edo, hala nola kezka ekologikoekin, demografikoekin eta energia iturrien agorpenarekin erlazioa duena, eta baita Galindoko araztegiko heriotzarekin ere. Protagonistaren barne bidaia dago, azkenik.
Mamu dezente ditu atzetik Saminagak, bai.
Badu ezagutzen ez dugun aspaldiko trauma bat, eta azkeneko kasuak halako oihartzun bat egingo dio; horrenbestez, paraleloki, ezbeharrari ez ezik, bere antzinako traumari ere soluzioa aurkitu beharko dio. Itxurazko kontraesanak ere baditu: pertsona nahiko zakarra da, oso kalekoa, baina, aldi berean, polizia izandakoa da, eta ez ditu, nolabait esatearren, sistemaren aurka egiten dutenak jasaten; horrez gain, neskalagunarekin bizi da, baina, era berean, sentitzen du ez duela nahikoa horrekin, bere bikotekidea babesgune izan arren, mespretxu puntu bat sentitzen baitu berarekiko. Are, aurrez polizia izanarekin ere baditu kontraesanak: gorroto ditu delituak eta delinkuenteak, besteak beste, baina badaki poliziaren gehiegikeriak egunero gertatzen direla. Dena den, Nagore hazten joan da nobelan zehar, eta pertsonaia txundigarria iruditu zait, oso kontraesankorra, oso humanoa; batik bat pertsonaia honen sorrerarekin nago pozik.
Eleberriak –eta, era berean, heriotzak– atzean oinarri bat duela aipatu duzu: baliabide naturalen agortzea eta gainpopulazioa.
Hori izan zen, hain zuzen ere, liburuaren sorburua. Nik garai hartan halako gaiei buruz irakurtzen nuen, eta idatziz islatu nahi izan nuen zeintzuk izango diren etorkizuneko arazoak eta abar. Hori, hala ere, azkenerako, halako detektibe nobela klasiko batekin nahastu zen, eta nahaste-borraste hau atera zitzaidan: nobela beltz bat da, apur bat aktibismo ekologista hartuta testuingurutzat.
"Nagore hazten joan da nobelan zehar, eta pertsonaia txundigarria iruditu zait, oso kontraesankorra, oso humanoa”
Bada pentsalari bat horren atzean ere: Paul Robin.
XIX. mendeko iraultzaile bat zen, eta interesatu egiten zitzaidan. Garai horretarako nahiko aurreratua zen sexualitatearen inguruko ikuspegia zuen; emakumeek izaten zituzten ume kopurua kontrolatu beharra zegoela aldarrikatzen zuen, nolabaiteko erantzukizun bat izateko gainpopulazioarekin zegokionez. Malthusek abiatu zuen bidetik egin zuen berea, baina ezkerreko ikuspegi batetik.
Spoilerrik egin gabe, baina liburuan badira Justi&Oskar irratsaioko pasarteak ere; zer dela eta haien irudia?
Bi pertsonaia hauek irratsaio bat dute, oso konspiratzaileak dira, eta fondoko zarata bat sortu nahi izan dut haien bitartez, zer den egia eta zer den gezurra bereizten uzten ez digun zarata moduko bat; are gehiago, horrek eleberriaren amaieran badu bere esanahia edo bere ondorioa ere. Gainera, haien jarduna munduaren egoeraren kezkarekin dago lotua. Funtsean, uste dut horrelako garai batean bizi garela: zarata asko entzuten dugu komunikabideetan, baina mami gutxi, zoritxarrez.
"Detektibe nahiko tormentatu baten ikerketa erakusten du; beraz, nobela beltz tipikoa da”
Robinen neba-arrebak nobela beltz bat dela aipatu duzu; thrillertzat ere definitu al daiteke?
Literatura generoetan ez naiz oso aditua, baina esango nuke, batetik, detektibe nahiko tormentatu baten ikerketa erakusten duela; beraz, nobela beltz tipikoa da. Bestetik, badu misterioa, badu akzioa, badu arriskua, badu biolentzia dosi bat, eta, hortaz, thrillerra ere izan daitekeelakoan nago.
Lohizulo nobela orain dela urtebete inguru aurkeztu zenuen, eta honako hau argitaratu duzu oraintsu; ba al daukazu asmorik aurrera begirakoei dagokienez?
Egia da orain dela gutxi argitaratu dudala, eta oraindik ez daukadala ezer finkoa, baina nahi nuke jendaurrean aurkeztu; horrenbestez, hitzorduak zehaztu ahala emango dut horien berri sare sozialetan eta halakoetan. Horrez gain, eleberri bat lantzen ari naiz, satira moduko bat, Robinen neba-arrebak baino umoretsuagoa, Lohizulo-rekin lotura txiki bat duena; hala ere, egozten dagoen proiektu bat da, gaur-gaurkoz.