Síguenos en redes sociales:

Soinutopia

Hau da benetazko disko bat

Hau da benetazko disko bat Formatu fisiko eta bere aukera kreatiboak aldarrikatuz, diskoak digitalak baino ez diruditen garaiotan

Hau da benetazko disko bat

Tik Tok sare sozialeko bideo labur eta barregarriak, non belaunaldi berriek ez duten ulertzen nola atera daitekeen soinua binilozko disko batetik edo kassete batek zertarakobalio duen, ez daude batere urrun errealitatetik, gaur egun musika gehiena modu digital eta ukiezinean baino ez baitago. Baina batzuk ez dute artxibo digital soila izan nahi. Ez dira soinuari mugatzen: ireki, ukitu, manipulatu edo desagertu ere egiten diren diskoak dira. Streamingaren logikatik urrun, formatu horiek entzutea zerbait fisikoa, deserosoa edo ustekabekoa bihurtzen dute. Izan ere, izan liteke diskoa ez izatea erreproduzitzen den zerbait soilik, baizik eta esperimentatzen den zerbait.

Ideia horri tiraka, artista batzuk gaur egun musika editatzeak zer esan nahi duen birformulatzen ari dira. Kontua ez da nostalgiagatik binilora itzultzea bakarrik, haratago joatea baizik: formatua obraren parte bihurtzea. Hemendik beti egin dugu fisikoaren defentsa, batez ere digitalaren alde praktikoena erabili eta gero: aldez aurretik gustatzen zaigun jakitea. Eta gutxitan egin ez badugu, behin ere gogoratu genitzake fisikoaren abantailak: behin eta berriro obrara bueltatu ahal izatea bestelako moduetan eta momentuan ulertzeko, alde fisiko eta bisuala arakatu pisten bila, bitxikeriak eta kredituak ikasi… Solidotik iragankorrera, artxibotik keinura, hurrengo diskoek abestiak ez ezik, haiekin erlazionatzeko modu desberdinak dakartzate.

Beste produktu batzuk.

Memoria fisikoa

Ainara LeGardonen kasuan, diskoa zabaltzen den artxibo fisiko bihurtzen da. Azken edizioak, “Pausar pulsa (excerpts)” (2024) kaxan, kaseteekin eta liburuarekin, aurreko “Ignora” (2022) eta “Res-cue. The archive in the mouth “(2020) lanen bidean dator eta ez da edukiontzi soil bat: irakurtzeko, ikertzeko, prozesu bat berreraikitzeko gonbidapena da. Gainera, bat dator bere ahots praktikarekin eta inprobisazioarekin, eta bere karrera artistikoari soinuarekin esperimentatze amaigabea itzultzen dio. Musika ez dago isolatuta, testuinguruz inguratuta baizik, entzute bakoitza hausnarketa modu bat balitz bezala.

Antzeko zerbait gertatzen da Txaranga Urretabizkaiarekin eta “Zortzia etzan” lan berriarekin. Talde bitxi honek denbora behar izan du album bat bere horretan argitaratzeko, baina YouTubeko kanalak urteak daramatza kontzertuak kontu handiz dokumentatzen, eta Partiturak/s (Belleza infinita, 2021) partitura liburua ere argitaratu zuten, beti darien kreatibitateari eutsiz. Baiuna argitalpen berri honek, Bidehuts zigiluarekin argitaratua, edizio estandarraren ideiarekin hausten du zuzenean: 200 portada ezberdin inguru daude, txarangako kideek beraiek esku hartuta, eta, beraz, kopia bakoitza bakarra da. Eduki musikala Tabakalerako “Scala” eskaileretarako soinu instalazioan egindako lanetik tiraka sortu dute da eta bideojoko bat ere badu!

Beste produktu batzuk (II).

Disko mutanteak

Formatuaren hedapen logika horri jarraiki (askoz leku muturrekoago batetik noski) Mutilated Judge arratiar duoak diskoaren ideia zuzenean gainditzen duten edizioak argitaratu ditu. Horien artean, Guitar Hero motako bideojokoaren merkaturatzea nabarmentzen da, bere abesti eta pertsonai propioekin, non konposizioak modu interaktiboan esperimentatzen diren modu pasiboan entzun beharrean, freakien gusturako. Horrekin batera, proiektuak etengabeko edizio fisikoak egiten ditu kassette, CD-R edo biniloan, askotan zuzenean grabatuta eta oso tirada mugatuetan ekoitzita. Argitalpen horiek berehalako izaera dute, bootleg edo meme estiloko diseinuekin. Merchaindisingaren originaltasunaren iildo horretan bertan, grinder edo marihuanaren pikatzaile bat ere ekoitzi dute, horrela formatua objektu funtzionalaren eta egunerokoaren eremurantz zabalduz (eta beste behin freakien desirak zainduz), aurrerago ikusiko ditugun beste adibide batzuk bezala.

Haien aldetik, Mirua hirukote gipuzkoarrak haustura hori ingurune digitalera eramaten du, bere azken “Miruenea” lanaren “stem”ak (diskoa osatzen duten banakako pistak) irekian argitaratuz. Edizio mota horrek aukera ematen du abestiaren elementu bakoitza bereizita izatea (ahotsak, sintetizadoreak, perkusioa), eta, hala, errazago manipulatzen, birnahasten edo berrerabili daiteke. Entzute tradizionaletik haratago, beste pertsona batzuek deskargatu eta birnahas dezaketen artxibo gisa planteatzen da jaurtiketa, musikari beste bizitza bat emateko. Gainera, copyright logikarekin hausten du, egiletza partzialki lausotzen delako eta obra bertsio, erabilera edo interpretazio berrien bidez zabal daitekeelako. “For the producers”, esan dute haien sare sozialetan. Aupa zuek!  

Euskarri efimeroak

Amaitzeko, beste muturrean, formatua efimero bihurtzen da zuzenean. Hau da, diskoa erabiltzean desagertu egiten da. Duela urte batzuk, Pxxr Gvng trap iraultzaile aitzindariek beren jaurtiketetako bat eraman zuten merch probokatzaileenaren eremura, abestiaren izenburua “Tu coño es mi droga” tanga batean argitaratua. Euskarri bat baino gehiago, adierazpen estetiko bat izan zen: musika jarrera, identitate eta talka kultural gisa. Beste tonu batetik, Dupla arabar duoarekin eta “Duplatxus” -arekin lotzen duen zerbait: haien musikarako sarbidea ematen duen QR kodea zuen gozokia argitaratu zuten “Folklore” EParekin. Euskarria ez da gordetzen, kontsumitu egiten da. Eskaneatu, entzun eta desagertu egiten da. Diskoak objektu izateari uzten dio eta esperientzia iragankor bihurtzen da. Eta horrek zalantzan jartzen du bildumagilearen izaera, hau da objektua betiko atxikitzea.

Argitalpenenen ikuspuntu hau oso interesgarria da, baina oraindik ez da asko esperimentatu. Shape diskak (forma bitxiak dituzten biniloak), USBko diskoak (The Mars Volta-ren The Bedlam of Goliath, ouijako puaren formarekin) edo formatu desberdinetan banatutako diskoak, guztiak erosita bakarrik osorik entzun daitezkeenak (Flaming Lips-en “Zaireka”, adibidez, lau CDren bidez aldi berean erreproduzitzeko argitaratua) errealitate bat dira jada. Agian, funtsean, formatu hauek guztiek intuizio bera dute: musikak, berehalako sarbideko testuinguru saturatu honetan, berriz ere harremana sortu behar duela. Eta horretarako, euskarriak — fisikoa, digitala edo iragankorra — ez luke edukiontzi soila zan behar.