Síguenos en redes sociales:

Disko aurkezpenaMirari AranaMusikaria

“Askotan esaten dut, hitz egiteko gai ez naizena abestu egiten dudala”

Mirari Aranak ‘Hurbil’ lehen EPa kaleratu du Harana proiektuaren eskutik. Proiektuaren tonu intimista eta musika moldaketa limurtzaileak uztartzen ditu

“Askotan esaten dut, hitz egiteko gai ez naizena abestu egiten dudala”JUDITH MELSIÓ

Soinu barnerakoi eta zainduen jabe, barne bidaia emozionala abiatzen du Mirari Aranak, pop eta elektronika ukituekin. 2025ean eman zuen argitara egun aurkezten ari den lana. Ahots goxo eta atmosfera limurtzailea uztartzen dituen bost kantuko EPak ezkutuko sentimenduen berri eman nahi digu, haren burua biluzteko beharrak bultzatuta. Hurbil izenburupean aurkeztutako lana Mendabiako (Nafarroa) The Blue estudioan landu du, Mon Dvy ekoizlearen eskutik.

EParen kantuak entzunda, adi eta gertutik entzuteko musika dela iruditu zait, geruza oso ezberdinak dituzten kantuak ondu dituzu.

Lehen EPa izanik, nire burua modu zintzo batean aurkeztu nahi izan dut. Suposatzen dut beti ez dudala nire burua biluzteko hainbesteko beharra izango, baina aurkezpen lan bezala, garrantzitsua iruditzen zi-tzaidan en-tzulea nigandik hurbil kokatzea. Abestiek, pertsonok bezala, geruza eta kolore asko dituzte, eta lan honen kasuan saiatu izan naiz geruza horiek entzulearengana hurbiltzen.

Musika moldeari dagokionez, moldaketak asko landu dituzue estudioan: base erritmikoen, zure ahotsaren eta gitarra iradokitzaileen arteko uztarketa fina nabarmentzen da.

Moldaketen maisua Mon Dvy ekoizlea izan da. Lehen aldiz lan egin dut berarekin, Mendabiako The Blue estudioan, eta oso esperientzia aberasgarria izan da. Nik betidanik konposatu izan dut pianoarekin; beraz, hasierako estudio sesioetan, nire kantuen bertsio akustikoak erakutsi nizkion eta abesti horien estrukturekin lanean hasi ginen. Behin egitura argi genuela, instrumentu desberdinen moldaketak sortu genituen, beti ere argi izanik ahotsa eta abestiaren mezua nagusitu behar zirela. Hasieran beldur nintzen hain nireak ziren kantuetan beste pertsona bat inplikatzeaz, baina Mon Dvyk hasieratik ulertu zuen sortu eta adierazi nahi nuena.

"Disko baten grabaketan sartzen dira eta jotzen dute hurrengoegunean hilko direla jakingo balute bezala”

Mirari Arana . Musikaria

Lehen lan bat argitaratzea, sarri, identitate artistikoa definitzeko unea izaten da. Nola definituko zenuke zeure burua artista gisa?

Identitate artistikoa oraindik eraiki-tzen nabilela esango nuke. Orain arte, ez dut definitzeko beharrizana eduki, baina lehen lan honen norabidea finkatzerako orduan, lehen aldiz hausnarketa lan hau egin behar izan dut. Prozesu honetan, pop, folk eta akustikoa bezalako hitzak irten dira; eta identifikatuta sentitzen naizen arren, ez dut hainbeste estilo itxi batean pentsa-tzen; sortzen dudan horretan egiazkotasuna bilatzen dut. Agian, definizio zehatzago bat eman beharko banu, intimitatetik eraiki-tzen duen abestigile bat naizela esango nuke. Nire barnean dagoenari forma eman, eta entzulearekin konektatzeko grina duena.

Sentimendu ezkutuak azaltzeko eta estetika propioa sortzeko beharra nabari da EP-an. Zein izan da kantuak sor-tzeko abiapuntua?

Kantu gehienak oso momentu konkretuetatik jaio dira: barruan bueltaka nuen zerbait, amorrua, lagun batek esandako esaldi bat…ezkutuan eta korapilatuta geratzen diren emozio horiek ulertu, forma eman eta ateratzeko bide bakarra dira abestiak niretzat. Askotan esaten dut hitz egiteko gai ez naizena abestu egiten dudala. Abesti bat amai-tzerakoan pisu handia kentzen dut gainetik, oso sendagarria da, terapia. Hortik abiatuta, geroago etorri da unibertso estetiko hori eraiki-tzea. Abestiak beraien artean desberdinak diren arren, garrantzitsua iruditzen zitzaidan musikalki elkartuko zituen hari eroale bat bilatzea. Adibidez, naturaren soinu organikoak nahiko presente daude EPan zehar.

Euskal musikaren egungo panoraman, non emakumeen presentzia geroz eta nabarmenagoa den, non kokatzen da zure proiektua?

Gero eta emakume gehiago oholtza gainean ikustea lasaigarria da zeharo; baina, aldi berean, oraindik ere desoreka handia dago industrian (soinu teknikariak, ekoizpena, zuzenekoen egiturak…). Horrek asko baldintzatzen du nork hartzen dituen erabakiak programazioetan eta festibaletan. Halere, txarra kenduta, oso momentu interesgarri eta emankorrean ikusten dut euskal musikaren panorama. Talde berri asko agertzen ari dira euskal musikaren mugak gainditzen eta orain arte egin izan dena desafiatzen. Panorama honetan, nire burua nahiko klasikotzat daukat, baina interes handia daukat korronte berriekiko. Nire proiektua bi mundu horien arteko elkarrizketan kokatu nahiko nuke.

Zer artistek edo erreferentziek izan dute eragin zure musikarengan?

Erreferente asko ditut. Euskal Herrian, adibidez, Olaia Inziarte eta Olatz Salvador ningandik oso gertu sentintzen ditut. Kanpoan, berriz, The Lumineers, The Chicks, Noah Kahan eta Gracie Abrams bezalako artistak inspirazio iturri dira nire-tzat. Guztien kasuan, batez ere erakartzen nau intimitateak, istorio bat kontatzeko moduak, folk kutsuak, eta nola transmititzen dituzten emozioak modu zuzenean.

Musika intimoa denean, entzulearen interpretazioak askotan sortzailearen asmoa gainditzen du. ‘Hurbil’ kantuan, esaterako, interpretazio oso ezberdinak egin daitezke.

Kantuak lehen aldiz kaleratzerakoan ikasi dudan zerbait da hau. Hasieran, asko kostatu zitzaidan ulertzea bakoitzak bere interpretazioa egingo zuela, eta hori nire kontrolpetik kanpo zegoela. Denbora pasatu ahala ikasi dut (ikasten nago…) hori onartzen; nire kantuak nireak dira sortzen ditudan bitartean, baina behin entzulearengana heltzerakoan, kantua entzuten duen bakoitzarena bihurtzen da modu batean, eta hori askoz aberasgarriagoa da. Are gehiago, nire-tzako ere, kantuen esanahia aldatu egiten da denborarekin.