“Diskoa ez da inpultsiboa izan, baina bai nire barrukoari kasu eginez sortu dudan zerbait”
3 urte eta gero, Gartxot Unsainek disko berria aurkeztu du: ‘Bizirik gaude’. Diskoarekin hasiera eman dio garai berri bati, amaiera emanez ‘Ghau’ ezizena erabiliz egindako ibilbideari
Gartxot Unsain disko berri batekin bueltatu da: Bizirik gaude. 3 urtez egon da musika bakarka egin gabe. Azken diskoa Gahu ezizenarekin kaleratu zuen, baina disko honekin etapa horri amaiera eman dio. “Gartxot” bezala sinatu du etapa berri baten lehenengo diskoa den hau. Aurrekoan ordenagailu bidez egin bazuen musika, oraingoan gitarra izan du lagun.
Hiru urte hauetan hainbat egoera bizi izan ditu Unsainek. Ghau proiektuaren amaiera, Bananas taldearekin egindako ibilbidearen etena… eta baita beste hainbat bizipen pertsonala ere. Gertakizun guztiek bizirik dagoela erakutsi diote, eta horiei lekua egin nahi izan die disko honetan.
Gartxot, hiru urte egon zara zurea bakarrik den zerbait kaleratu gabe. Zer gertatu da urte hauetan?
Beno, bizitza (barreak). Bizitza, zentzu askotan. Ibili naiz Bananas taldearen azken txanparekin. Musika oso presente izan dut, beste jendearentzat ere lanak egin ditut, baina nire izenean zen zerbait edo ni oinarri duen proiektu oro alboratuta. Urteak aurrera joan ahala, lan egonkorrago baten beharra izan dut. Aurretik neukan proiektuarekin gogoa agortu zitzaidan, ez dakit oso ondo nola esan… edo basoa beteta zegoen… Ez dakit zeinn metafora erabili, baina nekatu nin-tzen. Ghau proiektuarekin ez nituen nahi adina kontzertu lortu, eta ikusi nuen proiektu horrek ez zeukala ibilbiderik, eta horrek frustrazioa sortu zidan, atzean esfortzu handia zegoelako. Ez dut inor baino gehiago merezi, baina gutxiago ere ez. Nekea sentitzen nuen, lan eta lan egin, eta kontzertu gutxi lortu. Horri lotzen badiozu 36 urteren bueltan nenbilela, ingurua ere aldatu zen eta lagun askok beste bide bat hartu zuten. Heldutasuna ate joka zegoen, edo hobeto esanda, atea bota nahian. Erabakiak hartzeko etapa bat izan da, esaten den berrogei urteko krisi hori niri aurreratu zitzaidan. Bizitza pasa da… Ni energiaz beterik nengoen, nekea bazetorren kontzertu faltagatik, joeraren kontra ibiltzeagatik.
Orain, zure izenarekin aurkeztu duzu lana. Zertan ezberdintzen de etapa hau, aurreko Ghau etapatik?
Nik esango nuke oinarria berdina dela, abestiak direlako, eta nik abestiak egiten ditut barruan ditudan sentimendu horiek kaleratzeko. Egia da Ghauk bazituela bi puntu inportante. Lehenik eta behin, produkzioa lantzea, ordenagailuz egindako musika zen, eta hor ni garai oso kurioso batean nengoen, eta hori ikertzeko proiektu bat zen. Aldi berean, an-tzerkia egitetik nentorren, eta transformatzeko gogoa nuen. Ghau proiektua diziplina anitzekoa zen, eta gogoa nuen oholtza gainean dantza egiteko, estetika zaintzeko, anbizio hori neukan. Disko berri honetan, nire egoerak eraman nau kontenplaziozko momentu batera, eta hortik sortu diren kantuak izan dira askoz elementu gutxiagorekin, ez hain produzituak. Bere forma soilenean atera dira. Hori izan da aldaketa nagusia. Oso gertu sentitu naiz gitarratik, inoiz ez bezala. Aurreko garaian ordenagailutik gertu nengoen, baina oraingo etapan gitarra izan da elementu nagusia. Ghau proiektuaren hirugarren diskoa egiten nenbilen, eta hor nabaritu nuen aurreko garaitik edaten zituzten abestiak zeudela, baita akustikoagoak zirenak ere. Momentu horretan sinpletasunak deitu zidan gehiago eta proiektu honi ekin nion.
Sinpletasuna arlo guztietara eraman duzu. Estetika ez duzu alde batera utzi, bideo lasaiak aurkeztu dituzu abestiekin…
Aurreko proposamenean Osa eta Mujika ezagutu nituen, izugarrizko artistak dira. Haiek ireki zidaten mundu bat, eta landu genuenaz oso harro nago. Haiekin egindakoak asko gehitu zion aurreko proiektuari, oholtza gainean eta oholtzatik kanpo. Baina egia da, garai berri honetan ikasi dudala zerbait ez egitea ere hautu bat dela. Argi nuen disko hau Amaia Mirandarekin egiteak jada ematen ziola soiltasun hori eta ez zituela gauza askorik behar. Abestiak nahikoak ziren, eta bideoak egitekotan, lagun bati eskatuko nizkiola. Horrela izan da, Mikel Alonsok proposatu zidan asteburu batzuetan plano xume batzuk grabatzea, eta nik hori nahi nuen, argazkiak bezala izatea, baina mugimenduan, eta entzuleak atentzioa abestietan jartzea. Hori izan da nire garai honetako hautua.
Oso pentsatuta zenuen diskoa kaleratu duzu, edo inpultsiboa izan da?
Erdibideko zerbait izan da. Abesti hauek egiten hasi nintzenean, Ghau neukan buruan, gero azaldutako bizitza pasatu zen, baina era berean, bide hori jarraitu nahi ez nuela sentitu nuenean, pixkanaka etorri da bide berria. Momentu batean inpultsiboa izan zitekeen, baina ez da hitz egokia. Nik uste dut sentitu nuela bi disko ezberdin nituela, Ghauren hirugarren diskoan abesti mugituak zeuden, eta beste alde batetik, lasaiagoak zirenak ere. Gertuago sentitu nintzen sinpleagoak eta lasaiagoak ziren horietatik. Kasu egin diot bihotzari eta bidea eman diot gertukoak sentitzen nituen horiei. Ez nuke esango modu inpultsiboan izan dela, baizik eta pixkanaka egin dudan zerbait, prozesua asko disfrutatu dut, denborak errespetatu ditut eta gauzak goxotasunez egin ditut… Diskoa ez da inpultsiboa, baina bai nire barrukoari kasu eginez sortu dudan zerbait. Nik ez nekien hau dena grabatzen hasi nintzenean disko hau kaleratuko nuela, hala ere, hau da atera dena eta horrela besarkatu dut.
"Aitzindariak izan gara swinga, ‘gipsy’-a eta euskara elkartzen. Ez dago inor hori egiten duenik”
Lasaitasun horrek folkera mugitzea eskatu dizu?
Etxean gitarrarekin nengoela ikusi nuen banituela arima zeukaten abesti batzuk, oso sinpleak zirenak. Garai horretan Amaia Miranda entzuten nengoen, eta aukera izan nuen bera ezagutzeko. Proposamena egin nion nire diskoa produzitzeko eta berak onartu zuen eta nire lehen maketak entzun zituenean, oraindik abesti horiek Ghauren arrastoak zituzten, eta berak esan zidan abesti guztiak gitarra eta ahotsarekin bakarrik grabatzeko. Hori egin nuenean, sentitu nuen abestiak benetakoak zirela, barrura begira jartzen zizuten horietakoak. Horrekin gustura nengoen, eta Amaia unea grabatzeko eta momentua harrapatzeko zalea da, eta oinarrizkoa den horretatik abiatu ginen. Nik ez dut inoiz pentsatu folka den edo ez, ez da nire buruan egon den etiketa bat. Oinarrizko abesti horiek grabatuta zeudenean, inguruko lagunak deitu genituen abesti horiek pixka bat apaintzeko, izan Iban Urizarren armonia eta tronpetarekin, Xabier Zeberioren sokekin, Garazi Esnaolaren pianoarekin, Maia Iribarne eta Ekain Perezen ahotsekin… Jada funtziona-tzen zuen zerbait txukundu nahi genuen. Barruak eskatzen ziguna sortu dugu emaitza aurreikusi gabe. Amaia Mirandari eskainia egon naiz eta oso pozik gelditu naiz emaitzarekin.
"Gure instrumentuekin, jotzeko moduarekin eta euskararekin hizkuntza apurtu moduko bat sortu dugu”
Orain, kontzertuetan, zer da eskaini nahi duzuna?
Nire anbizio handiena izango da diskoan parte hartu duten guztiak beti oholtzan egotea. Agian noizbait posible izango da, baina egunerokotasunaren logikari jarraituta eta ikusita jendeak beste lehentasun batzuk dituela, oso zaila da. Erabaki ona hartu dudala uste dut, eta diskoaren muin hori nik defendatuko dut oholtzan. Bi formatuetan joango naiz. Lehenik, gitarra klasikoa eta elektrikoarekin, eta noski, ahotsarekin, eta beste alde batetik, kontzertu batzuetan Garazi Esnaola batuko zait, bera pianoarekin kantuak jotzeko. Ez dakit noiz egongo den Garazi Esnaola eta noiz ez, hori lekuaren eta bere prestutasunaren arabera izango da.
‘Bizirik gaude’ deitzen da diskoa… Bizirik gaudela erakusten duten gaiei lekua egin diezu?
Nik sentitzen dudan lekutik idazten dut, eta diskoan dauden hausnarketa guztiak momentu batean edo bestean nik egin ditudan hausnarketak dira. Denboraren igarotzea, anbizioa, ilusioa galtzea, laguntasuna, musikaria izatearen jarduna, aitatasuna edo aitatasun eza, komunitatea, taldea indibiduoaren kontra, tristura… Nik landu ditut sentitu ditudan moduan, eta hori dena sentitzen ari nintzen bitartean. Gauza batzuk ederragoak ziren, besteak ilunagoak… Baina uneoro sentitu dut bizirik nengoela, eta nahiz eta momentu batzuk besteak baino deserosoagoak izan, ba bizitzan argia ere sartzen dela sentitu dut, zirrikitu bat dagoela, eta bizirik gaudela ospatu behar dugu. Hausnar-tzeko eta barrura begiratzeko disko bat da, baina ez nuen inoiz sentitu disko triste bat zela, eta argi utzi nahi izan nuen izenburuarekin.