Síguenos en redes sociales:

MusikariaMaite Ruiz de ErentxunMusikaria

“Nire musika instrumentua ezagutzetik dator eta bide horretan nire bizi prozesua islatu dut disko honetan”

Maite Ruiz de Erentxun akordeoilaria da eta bakarlari bezala aurkezten dela badirudi ere, benetan sei musikarik osatzen dute bere lehen diskoa sortzera eraman duen proiektua. Jazz munduarekin lotzen du bere instrumentua, ematen duen kontzertu bakoitza errepikatzen ez den esperientzia bakar eta berezi bat bihurtuz

“Nire musika instrumentua ezagutzetik dator eta bide horretan nire bizi prozesua islatu dut disko honetan”Jan Pol

Kanpora joan behar izan den musikari lekeitiarra da Maite Ruiz de Erentxun. Egun, akordeoiaren ikasketa akademikoaren aitzindari bihurtu da. Lengoaia propio baten bilaketan bere lehen diskoa sortu du, estatu mailako hainbat festibaletan aurkeztuko duena. Hala ere, aukera gehiago izan nahiko lituzke Euskal Herrian zuzeneko emanaldiak eskaintzeko.

Non dauka proiektu honek sorburua eta zein ibilbide izan du diskoak argia ikusi arte?

Ni txiki-txikitatik hasi nintzen akordeoia jotzen, baina Euskal Herrian, gehienbat, musika tradizionala jorratu nezakeen eta goi-mailari dagokionez mundu klasikoan bakarrik daude ikasketak. Niri ez zitzaidan gustatzen estilo hori, ez nintzen eroso sentitzen, eta orduan Bartzelonan aurkitu nuen jazzeko goi-mailako ikasketak egiteko aukera txiki bat akordeoiarekin. Horra jo nuen eta, ondorioz, lehenengo graduatua izan naiz estatu mailan akordeoia jazz-arekin batera ikasi duena unibertsitatean. Prozesu horretan ordu asko pasatzen dituzu instrumentuarekin, eta nire musika idazteko gogo handia nuen, nire musika instrumentua bera ezagutzetik baitator. Hori dela eta, nahi gabe, nire bizi prozesua islatu nuen bide horretan, eta hortik sortu da disko hau, nire-tzat hegaldi bat dena, nire soinuen migrazioa bat.

Ikasketa prozesu horretan, bazenuen erreferenterik edo zertan oinarritu zara bide hori jorratzeko?

Hemen bereizi behar dira errealitate akademikoa eta kaleko errealitatea. Akordeoia beti izan da kaleko instrumentu bat eta Euskal Herrian berton baditugu jazza eta akordeoia nahastuta gauza oso politak egiten dituen jende asko; eta munduan zehar ere bai. Baina, egia da errealitate hori ez dela mundu akademikoan islatu.

Diskoa

Jazzaren eta akordeoiaren arteko fusio puntu hori non antzematen duzu musika egiterakoan?

Ematen du akordeoia jazz munduan aldarrikatu egin behar dela, baina berez New Yorkeko Big Band-etan begiratzen baduzu, emakumeak aurkitzen dituzu akordeoia jotzen. Hortaz, errealitate hori badago, eta akordeoia beti egon da presente, baina, egia da, gaur eguneko jazzean ez dela oihko instrumentu bat. Nik zortzi urte daramatzat mundu honetan sartuta, eta jendeak beti esaten dit ez zuela espero akordeoia horren ondo gera zitekeenik jazzarekin. Limite batzuk badaude, baina, jazz-a bera lengoaia bat da, musika inprobisatua, partitura gutxi duena, eta elkarri entzutean dauka oinarri handiena. Ezin dut esan nik egiten dudana pop-a dela, baina jazz-a aipatzen dudanean ere pintzekin hartzen dut.

Izenez Maite Ruiz de Erentxun bezala aurkezten bazara ere, ez zara bakarlaria, zurekin beste 6 pertsona baitaude proiektu honetan.

Hau jazz munduan asko egiten den zerbait da. Jazz musikariak oso ohituta daude hainbat talde edukitzera. Normalean, pertsona batek ideia bat ekartzen du taldera eta denon artean interpretatzen da, baina ideia hori ekarri duenaren izena jartzen da. Pertsona desberdinen taldeei izena jartzen ibili beharko bagina, hainbat izenez beteriko taldeak izango genituzke, kar, kar, kar. Kasu hauetan norberaren izena jartzen da eta gero zehazten da septet, quartet edo dena dela osatu. Nire izena nahiko luzea da berez eta horregatik beti aipatzen dut taldea Mai7 bezala, ezizen modura, zazpi garelako.

Mai7 izena erabiltzen dute Maitek ete bere bandak.

Jazza ez da estilo errepikakorra, hortaz, kontzertu bakoitzean, diskoa beti entzungo da era desberdin batean?

Bai, eta helburua beti desberdin en-tzutea da. Azken kontzertua eman genuenean, bateria oso berandu heldu zen. Orduan, soinu proba denak bateria gabe egin genituen, eta azken momentuan heldu zen. Ni oso orduri nengoen, noski, ez baikenekien nola entzungo zen. Baina, kontzertu horretan sortu zen musikak harritu egin ninduen. Pentsatzen nuen: ez dut joko eta musikariak entzungo ditut ea nora goazen. Kanta guztiek dute espazio ireki bat musikariek proposatzeko nora goazen. Egia da horrek batzuetan tentsioa gehitu dezakeela, baina horrelako espazioak irekitzerakoan, belarria oso prest edukitzea eskatzen digu; inoiz ez du partiturak irabaziko, beti egoerak irabaziko du eta, hortaz, ez dago akatsik. Kanta lehenago bukatzen bada, gaur horrela da. Hori asko gustatzen zait. Musikari moduan, batzuetan, urduritasun asko pasatzen dugu perfektu egin behar delako, eta estilo honetan perfekzio hori erlatiboa da.

Kontzerturik lotuta baduzue?

Uda aldera egongo dira segur aski akustikoan egingo ditugun kontzertuak, estatuko hegoaldean: Almeria, Malaga, Cadiz eta Sevilla ditugu hi-tzartuta; gero Valentziaruntz eta Mediterraneotik ibiliko gara. Bigarren diskoa prestatzen nago, jazz kontzertuak ematea zaila baita, eta, gaur egun, Euskal Herrian ez dagoelako espazio asko jazz kontzertuak egiteko. Egia da badaudela izugarrizko festibalak; eta, zortea izan dugu horietan egon garelako, baina, egunerokotasunean, jazzaa kontsumitzea ez da oso erreza Euskal Herrian. Kanpora joan behar izaten gara. Bigarren proiektu honetan, agian, euskal musikariekin nahastuko naiz quartet hori bete-tzeko eta, bertotik mugitu daitekeen proposamen musikal bat egitea daukat buruan. Beste hainbat proiektutan egon gara; orain soinu banda bat amaitu dugu taldekideekin eta, beste hainbat gauza ere. Izugarrizko gogoa daukagu kontzertuetan musika hau partekatzeko eta, adibidez, Durangoko Azokan izan genuen harreraren ondoren, deialdi bat egiten dut hemen kontzertuak emateko prest gaudela esateko eta ea horrela ez garen hainbeste joan behar kanpora kar, kar, kar.