ARIMA: 'Ez dago amor' (Azaroak 28. Aloud Music, Bomberenea Sutan. 6 abesti. Artea: Anna Bressoli)
1) Zelan deskribatuko zenuke lana?
Barruko gatazken soinua da, lasaitasunaren eta zarataren arteko oreka hauskorra. Diskoak badu dimentsio sozial eta emozional bat ere: Ez dago amor munduaren zauri kolektibo baten isla da, gorrotoaren diskurtsoak, beldurra maitatzerakoan, egoen talkak eta entzunda eta ikusita sentitzeko beharrak elkar jotzen duten leku hori. Irrikaz nago; disko hau nire azaletik kanpora bota behar nuen
2) Zure diskoak forma fisikoa balu zer izango litzateke?
Burdinazko harribitxi bat izango litzateke, itsasoak lixatu eta haizeak herdoildu duena. Zauri baten antzera ederra, pisutsua baina bizirik dagoena.
3) Ze abestik definitzen du hoberen diskoaren espiritua?
'Jantzia' eta 'Zarata' dira bi ardatzak: bata barruko pisuaren ingurukoa, bestea kanpoko zarataren eta isiltasunaren artekoa. Bietan dago diskoaren arima.
4) Zer inspiratu du lanaren alde bisual eta estetikoa?
Kostaldea, flysch-aren geruzak eta denborak pilatutako sedimentuak. Lur koloreak, gorputzaren materialtasuna, desegitearen edertasuna. Bizitza eta heriotza elkar ukitzen diren leku hori.
5) Zer irakurri, entzun edo ikusi duzu konposaketa bitartean?
Godspeed You! Black Emperor, Kim Gordon, Low, Model Actriz, Lingua Ignota, The Third Eye Foundation, Lisabö… eta Anne Sextonen “My mouth blooms like a cut” irakurtzea ere inspirazio iturri izan da. Erronka nagusia izan da soinuen eta testuren artean ahotsa bere lekuan jartzea, barruko tentsio hori zainduz
6) Zer gustatuko litzaizuke publikoak sentitzea entzutean?
Norberaren etxean, kaskoekin, mundua itzaltzen denean entzun nahi dudan diskoa da. Bidaia bisuala eta emozionala, paisaia ezberdinetatik igarotzen den esperientzia. Zuzenean intentsua izango da, gorputzean sartzen den soinua; iluna, errituala eta askatzailea.
SARA ZOZAYA: attä (Azaroak 11. Aloud Music. 8 abesti. Artea: Joseba Eskubi)
1) Zelan deskribatuko zenuke lana esaldi baten?
‘attä’ unibertso ireki bat da, bakoitzak barnean dakarrena. Mina, edertasuna, ilusioa, transformazioa. Gogoa dut ‘ate’ hau irekitzeko :)
2) Zure diskoak forma fisikoa balu zer izango litzateke?
Zaldiak agertu zaizkit prozesu honetan. Marroiak. ‘Blu’-ren bideoklipa grabatzen ari ginela adibidez. Sinbolo bilakatu dira bapatean
3) Ze abestik definitzen du hoberen diskoaren espiritua?
Diskoaren bihotza da ‘Elurra’. Gero, prozesuan nahi gabe atera zen ‘Ilu’. Ke Lepo sinte batean, ni bestean, elkar begiratu gabe. Rec botoia emanda zegoen, eskerrak. Agian moduagatik eta nahi gabe izate horrek ematen dion hori, maite dut.
4) Zer inspiratu du lanaren alde bisual eta estetikoa?
Joseba Eskubiren obra bat aurkitu nuen eta konturatzen nintzen ‘attä’-ren esanahia bertan zegoela. Izaki bat transformazio prozesuan kobazulo batean eta kanpora begira. Kanpoan koloreak, loreak, bizia dago. Pieza bakoitzak baditu gero bere estetika eta mezua. Iker Gozategi-rena ‘Blu’n eta Itziar Garaluce-k eman dio forma ‘Elurra’ri nere aitaren Pakistango 92ko espedizio bateko materialarekin.
5) Zer irakurri, entzun edo ikusi duzu konposaketa bitartean?
Ethel Cain entzutea izan da iparrorratz argi bat. Baita, Julianna Barwick eta Oklou. Filminn-eko katalogoak ere ekartzen du inspirazio handi bat. Zaila da zaila denean. Egina dago orain eta kostatzen zait zailtasunera itzultzea baina egon, egon dira momentu ilunak. Hutsunea eta paralisia.
6) Zer gustatuko litzaizuke publikoak sentitzea entzutean?
Zelakoa izango da zuzenezkoa? Kuriosidadez ateratzen dut lan hau. Jakin nahi dut ea nola jasoko duzuen. Badakit ume batek lo hartzen duela diskoa entzuten duenean (zuzeneko batean gertatu zen eta ondoren bere etxean). Mundu onirikora bidaia agian?
ALAI: Krisalida (Azaroak 6. Egileak argitaratua. 8 abesti. Artea: Iker Gozategi)
1) Zelan deskribatuko zenuke lana?
Dudarik gabe proiektu hau artistikoki zintzoagoa izateko ariketa bat izan da, nire buruarekin, letrak idaztearekin eta nire erreferentzia musikalekin. Baita nire ahotsa gehiago erabiltzeko eta erregistro desberdinak probatzeko ariketa kontziente bat.
2) Zure diskoak forma fisikoa balu zer izango litzateke?
Itsaslabar bat izango litzake.
3) Ze abestik definitzen du hoberen diskoaren espiritua?
Esango nuke “Angeles” eta “In Silico” txanpon beraren bi aldeak direla “final girl” eta “Hezurrak” txanpon beraren bi aldeak diren bezala. Emozio berdinak bi estremotan erakusten dituztelako (batean bakardadea/komunitate sentimendua eta bestean haserrea/onarpena) eta esango nuke hori dela diskoaren muina. Niretzako kuttunena edo bereziena Angeles da idazte prozesua denetatik gogorrena izan zelako, baina azkenean zintzoena dela uste dudalako.
4) Zer inspiratu du lanaren alde bisual eta estetikoa?
Iker Gozategiren estiloa nahiko ezaguterraza da eta beregana jo nuen gehienbat negatiboan eta estilo lausotu batekin eginda zituen argazkiengatik. Nire musikaren esentzia ondo irudikatuko zuela uste nuen soinu eta narratiba lauso eta etereoak erabiltzea gustatzen zaidalako.
5) Zer irakurri, entzun edo ikusi duzu konposaketa bitartean?
Irekitzea eta modu oso pertsonalean idaztea asko kostatzen zait eta hori izan da gogorrena. Baina nire burua bultzatzea eta behartzea gogorra izan arren oso askatzailea izan da azkenean eta bide horretatik jarraitzea espero dut, emaitza azkoz ere zintzoagoa delako. Madonnaren “Ray of Light” diskoa etengabe entzuten egon naiz, duen atmosfera ilun eta lauso horretara iritsi nahi nuen. Air, Cocteau Twins, Caroline Polachek edo Fleetwood Mac ere oso erreferentzia handiak izan dira. Brian de Palmaren “Carrie” filmak adibidez final girl abestia guztiz inspiratu zuen. Andrea Arnolden film batek hasi zuen diskoaren prozesu guztia, “Bird” ikusi eta “rdj” abestia egin nuen hurrengo egunean. Eta hor hasi zen dena.
6) Zer gustatuko litzaizuke publikoak sentitzea entzutean?
Diskoa inspiratu duten estetika musikal horiek guztiak eta kontatzeko modu narratibo horiek niretzako oso barruan jo didaten baina besarkada bat bezala izan diren pieza artistikoak izan dira. Nire amets handiena disko honek norbaiti hori sortzea izango litzake, gutxienez pertsona bat ikusia sentitzea. Zuzenekoa dream pop-ean oso inspiratua izango da eta behar denaren bertsioak egin eta entzunaldi oso atmosferiko bat izatea gustatuko litzaidake. Horretarako oraintxe Euskal Herrian adibidez Sara Zozaya edo Saguxarren zuzenekoak inspirazio oso handiak dira.
Hiru euskal ahotsek soinu mutazio propioa zeharkatu dute udazken honetan. Sara Zozaya, Alai eta Arima lan berriekin itzuli dira, eta elkarri hitz egiten diote, proposatu gabe. Bakoitzak leku desberdin batetik egiten du, baina pultsio berarekin: inoiz baino sentiberago eta aldatzeko beldurrik gabe. Haien diskoek emozioa, elektronika eta hitza korapilatzen dituzte, intimitatea hizkuntza bihurtzen den eta kalteberatasuna indarrarekin baliatzen den lurralde komun bat marraztuz
Kointzidentzia baino gehiago, gaurkotasunaren sintoma dirudi: egungo euskal sentiberatasuna introspekziotik eta sotiltasunetik birdefinitzen duen belaunaldia. Rosalia barrokismoan sartu eta mezu kristauak bidaltzen dituen bitartean, haiek minimalismora eta zintzotasun espiritualera jotzen dute. Ez dute soilik eutsi nahi: arnasa hartu eta askatasunez adierazi nahi dute. Eta horretrako azken puntako teknologiak erabiltzen dituzte, azentu propioekin, guretik jo dezakeenaren mugak zabaltzen dituzte, eta berresten dute eraldatzea ere aurre egitea dela.