Bat eskuinetara, beste bat ezkerretara, eta hemen da: Bihurgunea. Ez da bihurgune soil bat, ez da aurrekoen antzekoa, ezta datozenen modukoa ere. Artikulua itsatsia duen bihurgunea da. Mendiko portu batzuetan egon ohi den bihurgune berezia, “uoo”, “ufa” edo “ikusi-ikusi” bihurgunea ere deitua, hitz horiek ekar-tzen baitizkigu ahora, ezinbestean.

Kasu honetan, gure parean Drino ibaiaren bailara bere osotasunean agertu deneko bihurgunea izan da. “Ikusi-ikusi!”, garaiera antzekoa duten bi mendikate paralelok ur lerroaren bizkartzain lana egiten dute, ibaiak bere bidea haranaren zonalde lauan jostari eta lasai egin dezan bermatuz. Lautada, emankorra eta soroz betea, ez omen da egokia herrien kokagune bezala. Lau etxe solte kenduta, beste guztiak mendien magalean kokatzen dira, gune aldapatsu, eta nire begi ez adituen arabera, eraikitzeko zailean. Antza denez, ibaiak ekar lezakeenaren beldur izan dira betidanik; izan ur bortitza, izan inbasore basatiak.

Ibaiaren ibilguko herririk garrantzitsuenera goaz, Gjirokastërera. Hoteleko jabeak behin eta berriz ohartarazpen berdina egin digu: “Ez jarraitu GPSa, nik emandako jarraibideak baizik”. Kolore zuri-beltzak tartekatuz osaturiko bide eder batean barneratu gara: eskuinera, gero ezkerrera, kontuz estugunea, bihurgune itxia…iritsi gara. Zorionekoak gu! jarraitu beharreko ibilbidea genuela, bestela erdi-aldapa erdi-eskailera diren kaleetan behera bukatuko genuen. 

Gjirokastëreko gaztelua. @bikoloreka (ELISABETH ETA UNAI)

Hoteleko leihoan jarrita, gaueko freskuraz eta lasaitasunaz gozatzen ari naiz. Parean, inguruko iluntasunarekin kontrastea eginez, otomandar garaiko Bazar Zaharraren bost kaleko bidegurutze koloretsua ageri da. Jendea hona eta hara dabil denden paretik igaroz, gaur egun garai bateko premiazko salgaiak souvenir soil eraldatu diren arren. Kaleko zurrumurrua apurtzen, bazarreko meskitako bozgorailuetatik muezzinak otoitzerako deia zabaldu du, airean zirrara berezi bat jarriz. Oinezkoek bere bidea egiten jarraitzen dute. Aurrean dudana ez da herrialde musulman bat aurreiritziz beteriko etiketapean imajinatzen dudan irudia. Albaniako erlijioen oreka, ikusiko dugunez, ez da bisita azkar baten ulertzen den kontua.

Hiri zahar bat non, gaztelua han. Gjirokastër ezin zen gutxiago izan, eta hiriko edozein puntutatik nabarmentzen den gaztelu luze eta handi bat du muino luzexka baten gainean eraikia. Hamaika garai eta boteretatik igarota, adabakiz eginiko eraikin mardul hau bisitatzeko aukera du paseo luze eta noranzkorik gabeak egitea gustuko duenak. Dekoratzeko handiegia den etxe batean bageunde bezala, han-hemen elementu solteak agertzen dira espazioak betetzen; izan bigarren gerra munduko artilleria piezak, izan informazioa eta desinformazioaren guda zelaia martxan jarri zuen Estatu Batuetako aireko armadari atzemandako hegazkin baten fuselajea.

Gihartsuak behar dute Gjirokastërreko biztanleen izterrak. Hau da hau, herri malkartsua! Bazar Zaharrean pilatzen den itxurakeriaren turismotik ihesi, maldan gora abiatu gara eta lehen izerdi tanta gure kopetetatik behera hasi bezain laster, astoak hala moduz mantentzen diren apalez beteriko denda ilunak eta obra-hondakinez beteriko orube bat terraza bilaka-tzen duten jatetxeak topatu ditugu. Turismoaren distirak, ordea, irismen gutxi du postal irudietatik haratago. Hala ere, hiriaren ederrena bertan topatzen da, pareta zartatuko hormen alboan, ezin ederragoak diren harlanduzko etxe-jauregi zaharrak aurkitzen baitira nonahi.

Kadiu zubia, Langarica arroilean. @bikoloreka (ELISABETH ETA UNAI)

Mugitzeko unea iritsi zaigu, eta Albaniako iragan komunistan 40 urtez botere zorrotza mantendu zuen Enver Hoxharen etxe albotik igaro ostean, berriz gara asfaltoan. Errepide lasai batzuetatik egin dugu aurrera, eta bertakoen rally gidari sena ikusten hasi gara: bihurguneetan aurreratzeak, Stop seinaleak aholku soilera murriztuak eta bi erraileko errepideetan hiru ibilgailu lerro… bolantea estu eutsi, eta aurrera!

Paisaia menditsu batean barna, bideak sigi-saga egiten du aurrera tarteka ibai gainera jauzi eginez. Apur bat herdoildutako zubi batean ohar handi bat dago: autobus batek gurutzatu behar badu, bidaiariak jaitsi egin behar dira gurutzatu aurretik. Eskerrak kotxe txiki batean goazen!

Erdi galduta egon ostean, iritsi gara gure hurrengo helburura; bolantearen atzean egoteak sorturiko tentsioak askatuko dizkigun lekura. Aparkaleku erraldoi bat eraikit-zen ari diren obretatik igaro, eta muturren aurrean agertu zaigu Langarica arroilak mendian eginiko ebaki sakona. Errekak harkai-tzen babespetik irten, eta zabalgunea topatzen duen lekuan bertan bere silueta ederra marrazten du Kadiu zubiak. Mendeetan zehar karabanak erreka gurutzatzeko ezinbesteko puntua izan zena, argazkietarako dekoratu ezin hobea bilakatu da. Bisitari andana jaso-tzen ditu, arroilan gora oinez eginda hormetatik irteten diren ur termalez gozatzeko aukera baitago. Iritsi da unea: putzu epel batean sartu, begirada harkaitz izugarrietan gora galdu eta Albanian ikusiko dugun hurrengo zonaldean pentsatzen hasi gara.