Aktore lanak alde batera utzi gabe, bakarrizketaren bidera itzuli da Zuhaitz Gurrutxaga ( Elgoibar, Gipuzkoa, 1980) Errealeko jokalari ohia, eta irailean zehar Ataunen, Deban, Ordizia, Orio eta Lemoan izango da bere alde komikoena erakusten.

Zer kontatzen duzu ‘Nortasun Agiria’ izeneko bakarrizketa berri honetan?

Nire hirugarren bakarrizketa da, eta, besteetan bezala, hemen ere bizipen pertsonalak kontatzen ditut. Tartean bikote haustura batek sortutako minaz hasten naiz hitz egiten. Beti saiatzen naiz drama txikietatik komedia atera-tzen. Horregatik izena: “Nortasuna pertsonala”, agerian utzi nahi dudalako nire nortasuna: zer naizen, zer egin dudan bizitzan zehar, etab. Eta nortasun horren barruan, besteak beste, trastorno obsesibo-konpultsiboaz ari naiz, bizi erdi baino gehiago baitaramat gaitz hau pairatzen; nahiz eta orain askoz hobetu egon. Baina, nire ezaugarri bat da jada trastorno hori eta horrekin betiko bizi beharko dudala badakidanez, gai hori ere asko erabiltzen dut nire bakarrizketetan. Alde batetik, nire nortasuna adierazten duelako hein batean; eta beste alde batetik, agerikotasuna emateko ere bai.

Bakarrizketa bat egiten duzunean, sinesgarriagoa egiten da kontu pertsonalak ardatz hartzen direnean?

Komiko oso ezagun bati behin entzun nion komedian oso garrantzitsua zela kontatzen duzunak egia dela ematea eta egia dela emateko gauzarik errazena egia kontatzea da. Orduan, nik badaukat nire bizia edo mundua ikusteko modu bat. Begirada hori da eramaten dudana gero komediara. Baina bai sinesgarriagoa da egia konta-tzea, fikzioa asmatzea baino.

Umorea egiten denean, klixeak oinarri hartzen dira edo neurriz erabili behar dira? 

Nik klixe bat erabili badut, hori futbolariaren klixea izan da. Ni futbolean aritu naiz urte askotan, eta orduan, erraza izan daiteke klixe hori erabiltzea umorea egiteko. Futbolariok, jendearen begietara, ez dugu gehienetan inteligentzia gehiegi, edo zuzenean pixka bat motzak gara. Nik askotan tentazioa izan dut hori erabiltzeko. Baina bai, klixeak erabiltzea ondo dago, grazia egiten dute, baina neurrian erabili behar dira sinesgarri izaten jarraitzeko. 

Umorea egiten denean gauzarik zailena umore propio edo identifikagarri bat lortzea al da?

Alde batetik bai, eta, bestetik, zuk egiten duzuna sinistea da ere. Nik, txiste kontalari baino gehiagotzat, istorio kontalari bezala daukat nire burua. Nire bakarrizketa batean ez dago hamar segundoro txiste bat barrez lehertzeko, lehenesten dudalako kontatzen dudanak zerbait aportatzea. Istorio kontalari sentitzen dut nire burua gehiago; orduan, askotan umorean esaten da premisa bat eta erremate bat dagoela. Nire premisak askotan oso luzeak dira. Baina, saiatzen naiz premisa luze horretan jendea engatxatuta edukitzen eta bukaeran tentsio hausketa horrekin barrea sor-tzen. Marka propioa bada? Seguru milaka daudela hau egiten dutenak. Baina, uste dut, era honetara aportatu dezakedala gehiago, barre batzuez gain. 

Zure TOCa aipatu duzu, baina, hala ere, futbolari izan zara milaka pertsonen aurrean jolastuz, telebistan aritu zara, antzerkia egin duzu, kontzertuak eman dituzu edo bakarrizketak ere. Beti publiko aurrean honen onespena jasoz. Ez duzu pentsatu inoiz agian funtzionario lan bat egitea gauza lasaiagoa zela?

Seguru aski, bai. Onespen bilaketa hori horrela izan da, kontzienteki izan ez bada ere. Zerbaitek eskatu dit jendearen onespena behar izate hori. Ez da ziur aski osasuntsuena behar izate hori. Beti pentsatu izan dut hausnarketa bat egitean, futbol munduan hasieran jendeak asko espero zuela nigandik. Gero, nolabaiteko frakaso bat bizi izan nuen nire baitan futbolari gisa, eta pentsatu izan dut ez ote dudan beste leku batean berriz fokua bilatu onespen hori jasotzeko. Egia da taula gainean, zorionez, nire lekua aurkitu dudala eta askoz erosoago nago hor lehen futbol zelai batean baino. Baina bai, inoiz pentsatu izan dut bara-tze batekin ez ote nintzatekeen lasaiago biziko.

Bizitza honetan gure beldurren aurka egin behar dugu, baina zure kasuan zerbait muturrekoa izan da. 

Bai, denok egin behar dugu gure beldurren aurka. Gero harrigarria da beldur inozoetan edo irrazionaletan galtzen naizela. Baina eszenatoki batera igotzen naizenean nahiago dut milaka pertsonen aurrean jarri, hogei pertsonen aurrean baino. Agian, bertan kalean bizi ez dudan bizitza izaten ausartzen naizela.

Zuk zure trastornoak hainbat mdoutara azaldu dituzu, baina askorentzat lagungarria izan bada ere, zuri inoiz nekagarria suertatu zaizu?

Azalpenak publikoki ematea ez zait nekagarri egiten. Gertatu izan zait pertsona bat ezagutu, eremu publikotik kanpo, eta bizitza kontatzen hastean ohartu naiz hori guztia kontatu dudala eszenatoki edo elkarrizketetan. Nekagarria egiten zait pertsona indibidual bati kontatzea, inpostore sentitzen bainaiz pertsona horrekin.

Zuk esanda duzu, TOC-a duzuenok txarto hitz egiten diozuela zuen buruari. Hori al da gaitzaren alde mingarrienetariko bat?

Nik gaizki hitz egin izan diot orain dakizkidan gauza asko jakin arte; kontua da ez dela gure errua TOC-a eduki-tzea. Urteetan, nire buruari gaizki hitz egin diot: Zuhaitz, badakizu pentsamendu horiek absurdoak direla, irrazionalak direla; nola da posible zure bizitza horrela izorratzea? Hori oso gogorra da, jakin dudan arte ez dela nire errua trastorno hau edukitzea. Nire errua da horren aurrean ezer ez egitea. Hortaz, saiatzen naiz nire buruari gaizki ez hitz egiten antsietate momentu baten sartzen naizenean.