Aintzane Usandizaga Lopez (1988, Lasarte-Oria, Gipuzkoa) Artearen Historia ikasi zuen eta alor desberdinetan lan egin du; besteak beste, arte eta kultur zentroetan aritu da, gidoilari jardun du hainbat telebista saiotan eta arte hezkuntza eta kultur bitartekaritza proiektuetan murgildu da. Egun, irakurle taldeak gidatzen eta Mondragon Unibertsitatean eskolak ematen dabil. Zomorrotu (Elkar, 2023) eta Kabitu ezina (Elkar,2019) liburuak argitaratu ditu, baita bi album ilustratu ere: (Ia) guztia moztu eta itsats daiteke. Esther Ferrer eta denbora (Pamiela, 2022), Aran Santamariarekin Bagara sailerako sorturiko lehen alea, eta Etxe honetan (Pamiela, 2019) Gaston ilustratzailearekin batera, Etxepare eta JUUL sariak eskuratu zituen albuma. Argitaratu duen azken lana haurrei zuzendutako Ez duzu sinetsiko liburua da. Hainbat kolaborazio egin ditu, Berriako Udako narrazioak edo Mira ataletan esaterako, eta Tupust! kolektiboaren Zu komiki-antologian, besteak beste.
Aintzane Usandizagaren kultur gomendioak:
- Musika talde bat: Makulu ken. Urte mordoxka jotzen egon ostean kontzertuak emateari utzi dio taldeak, baina eskuragai daude abestiak, afrobeat-a eta erritmo biziak entzun (eta dantzatu!) nahi dituenarentzat.
- Ipuin liburu bat: Animalia domestikoak. Esti Martinez de Cerioren ahotsak oharkabean sartuko zaitu kontakizunetako pertsonaien gela ezkutueneraino.
- Arte telesail/ liburu bat: John Bergeren Ways of seeing. Hamarkada batzuk baditu ere, artea eta (beraz) mundua begiratzeko dugun moduaren inguruan hausnarketa harrigarriak egiten ditu. Atal laburreko telesail moduan ikus dezakezu interneten, baita liburu formatuan irakurri ere .
- Album ilustratu bat: Ile bat zopan. Ipuintxo absurdo bat. Alex Nogués eta Guridik sortua eta Garazi Arrulak euskarara ekarria. Istorio absurdoak maite dituzten haur zein helduentzat.
- Antzezlan bat: Album. Belaunaldi baten erreferenteak nahaspilatu zituen Formol konpainiak umoretik hausnarketa existentzialerako bidaia zoro eta eszenikoki eder batean. Susa argitaletxearen Ganbila antzerki-liburu sailean jaso zen gerora.
- Telesail bat: Fleabag izan da ikusi nuen lehendabizikoan gehien eragin zidan telesailetako bat. Edukiak eta kontatzeko moduak, biek harrapatu ninduten: pertsonaiek, gaiek, begiradak, interpretazioak... eta Phoebe Waller-Bridgen umore korrosibo paregabe horrek.
- Kultur espazio bat: Donostiako Bidebieta auzoan dagoen Kontadores aipatuko dut, uste dudalako ez duela jende askok ezagutzen. Gazteen sorkuntza eta kultur jarduerak ditu helburu, eta ikastaro merkeak eta doako emanaldiak izateaz gain, Donostian aurkitzea zaila den beste gauza bat eskaintzen du: espazioak doan erabiltzeko aukera.