Xabi San Sebastian musikariak Donostiako Estudio 4 eta Jazzlen eta Madrideko Taller de Músicos-en burutu zituen musika eta gitarra ikasketak. Izotz plaza taldean gitarra jotzaile eta kantari aritu zen zortzi urtez, 1995. urtean disko bat kaleratuz. Ondoren, Alboka taldera batu zen abeslari eta gitarra jotzaile gisa, mundu zabaleko hainbat leku eta folk jaialditan kontzertuak eskainiz.

Albokarekin lau diskotan kolaboratu du, eta Kepa Junkeraren Maren (2001) diskoaren ondorengo kontzertuetan kantari bakarlari izan zen. ETBren Hitzetik Hortzera saioan aritu zen hainbat urtez, bertso jarriak kantatu eta musikatzen. 2004. urtean Orai (No-Cd Rekords) izeneko bakarkako lehenengo lana argitaratu zuen, eta geroztik, ez du etenik izan bere musika ibilbideak, lan ugari argitaratuta: 2009an, Ospela (Elkar); 2012an, Erraiak (Elkar); 2017an, Zuhaitzak ez du beldurrik. Betazalak (Belarri) du bere azken lana, joan den azaroan argitaratutakoa.

Diskoak argitaratzeaz gain, beste hainbat proiektutan parte hartu du: 2005ean, Alasdair Fraser biolin jotzaile eskoziarra eta Natalie Hass biolontxelo jotzaile kalifoniarrarekin bira egin zuen, eta urte berean, Euskal Kanturik Onena saioan (ETB) parte hartu zuen, gerora, beste kantariekin batera izen bereko diskoa grabatuz (EKO), eta saio horretan oinarritutako ikuskizuna plazaratuz.

2009-2011 tartean, Gu Gira eta Euskal Herriko Lur Maitea ikuskizunetan musika taldearen zuzendaritza artistikoa eraman zuen. 2010ean, Ahotsetan ikuskizuna sortu eta eskaini zuen Harkaitz Cano idazlearekin batera. 2018tik aurrera, Musikariak Ikastexeetan programan parte hartzen du. 2020ean, Loreak eta Zauriak ikuskizuna sortu zuen Beñat Gaztelumendi, Joserra Senperena eta Quico Pugésekin batera. Bestalde, zinean, film laburrentzat, musika konposatu eta ekoiztu du. 

Xabi San Sebastianen kultur gomendioak:

Abesti bat: Oraintxe Tiago Iorc brasildarraren bat daramat buruan uxatu ezinik: Bilhetes. Halere, nahiago dut zuzeneko bertsioan.  

Bakarlari bat: Gaur egungo Jackson Browne maisua, batez ere, folkera gehien hurbiltzen denean.

Liburu bat: Orain eskuetan dudana, Harkaitz Canoren Ulu egiteko bolondres bila poema liburua, eta komiki bat ere: El abismo del olvido, Paco Roca eta Rodrigo Terrasarena, hunkigarria eta beharrezkoa oraindik ere.

Idazle bat: Rafael Poch de Feliu.

Antzezlan bat: Kulunka taldearen Forever maskara-antzerki ederra.

Film bat: Stanley Kubricken baten bat, Paths oh Glory, adibidez. Militarismoak gora egiten duen une honetan gerra zer den gogora dezagun.

Kultur espazio bat: Hernaniko Biteri kultur etxea, beti bizia.