Itxaroten jakitea, isolamenduari aurre egitea, beldurra, bakardadea, kezka, isiltasuna... Euskal gatazkaren ohiko kontakizunetatik kanpo dagoen ikuspuntu berri bat erakutsi nahi izan dute Negu kolektiboko partaide diren Ekain Albite eta Mikel Ibarguren zuzendari euskaldunek, eta Nicolau Mallofre eta Adria Roca kataluniarrek. Iheslari baten istorioa kontatu dute, ETAren jardun armatuaren amaieran, Zubietan harrapaturik geratzen denarena. Zauri irekiei begiratzeko filma da Negu hurbilak. 

Euskal gatazkaren bestelako ikuspuntu bat lan-tzeko erronkari heldu eta, gaia iheslari baten bizipenetik jorratu duzue. Ahaztutako kontakizunei lekua eman nahi izan diezue?

Ekain Albite: Azken urteetan euskal gatazkari buruz egin diren film gehienak ikusgarritasunetik eraikitakoak izan dira, eta, iruditzen zitzaigun, alde gizatiarra ahaztuta geratzen zela heroiei eta epikari buruzko film horietan. Ondorioz, iheslarien figura lantzea erabaki genuen, bere identitatea atzean utzi behar duen horri buruzkoa. Saiatu gara euskal gatazkak duen beste aurpegi batera gerturatzen. 

Mikel Ibarguren: Interesezko kontakizunen aurrean, bestelako bat eskaintzeko beharra sentitzen genuen. Kanpotik zetozen makinaria handiek filmak grabatu eta zauriak irekita uzten zituzten. Horregatik, interesgarria iruditzen zitzaigun iheslarien gaia lantzea, horri buruzko isiltasuna dagoelako. Iheslari eta mugalariak elkarrizketatzen hasi, eta konturatu ginen ikaragarrizko beldurra, mina zegoela, eta ez zegoela kontakizun horiek gordetzen zituen ezer. Hari horri tiratzea erabaki, eta gaiak daukan isiltasuna islatzen saiatu gara. Jendeak pentsa dezake ihesaldi bati buruzko filma abenturazkoa izan behar dela, baina kontrakoa da. Pelikula intimista egin dugu, barrura begirakoa. Gure apustua izan da hemen ere egia bilatzea; hori ez izatea egia inposatua, egia partikularra baizik. 

Protagonistaren ihesaz, baina, gutxi dakigu. 

E.A.: Interesgarria da protagonista identitate gabeko pertsona izatea, ikuslea pelikulara bideratzeko modu bat delako. Ikusleek protagonistarekin batera egiten dute bidea, baina nondik datorren eta nora doan jakin gabe. Badago identitate galtze horri buruzko lanketa ere. 

M.I.: Ez genuen marko orokor bat kontatu nahi, ahal den filmik gizatiarrena egin nahi genuen, begirada txikikoa, sentimendu sotilekoa, hausnartzekoa. Erakutsi nahi genuen gizatasuna ere existitzen dela, eta hori ere badela gatazka, badela politika. 

Gatazkaren zauriek zabalik dirautela erakutsi nahi izan duzue, beraz? 

E.A.: Bizirik dauden benetako zauriak erakustea izan da helburua. Oraindik hamaika zauri daude zabalik, eta ez da horiei buruz berba egiten; isiltasun orokorra dago, eta hori hautsi nahi izan dugu.

Filma grabatzen ari zireneko momentu bat non grabazio taldea ageri den. Negu Kolektiboa

Dokumentazio lanean aurkitu duzuen isiltasuna da filmak erakusten duena? 

E.A.: Elkarrizketa asko egin ditugu, eta kontatu dizkiguten gauzek asko balio izan digute, baina kontatu ez dizkigutenek are gehiago. Esaten ez den horri buruzko filma egin nahi genuen, isiltasunek hitzek baino gehiago esan dezakatelako. Filma ere ez da hitzen bitartez kontatzen. 

M.I.: Isiltasunak harritu gintuen, eta beldurrak ere bai. Elkarrizketatu batek, esaterako, pelikulak sendatzeko balio izan diola esan zigun; hitz handiak dira, eta ez dugu hori bilatu, baina sentsazio hori sortzea sekulakoa da. 

Zubietan grabatu duzue pelikula. Herrian ere isiltasuna aurkitu duzue?

M.I.: Bai, baina, ez. Beraiek ere prozesu bat egin dute gurekin. Dena kontatu digute, euren etxeetan hartu gaituzte, produkzioan lagundu digute, baserriak utzi dizkigute, etxeak... Ederto portatu dira. Gainera, Zubietako egunerokoak asko harritu gintuen. Neguak, hotzak, jendearen joan-etorriak... Bizi soziala oso sotila da horrelako herrietan, eta isiltasun sakona dago. Esan dezakegu hori ere pelikulan sartzen ikasi dugula eta hori ere lana izan dela. 

Mugako herri horietan bizi direnen errealitateari ere lekua eskaini diozue. 

M.I.: Bai, Zubietara iritsi eta herriaz maitemindu ginenean, herriak eta herritarrek filmaren prozesu narratibo eta estruktural guztia hankaz gora jarri zutelako, eta, bat-batean, pelikua bat sortu behar izan genuelako, nahi genuenetatik aldendu gabe, baina ikuspuntu berria jorratuta. Filmaren erronka handiena izan da bide horien artean bakarra eraikitzea. 

E.A.: Idatzita geneukanari begiratu, eta aurrean geneukanarekin alderatuta paper ziztrin bat zela ikusi genuen. Prozesuan nabigatzen jakin behar izan dugu, bizitzak ematen dizun hori guztia pelikula batean nola sartu ikasi dugu, ze uste dugu bizitza egon ezean, mugimendurik egon ezean, pelikulek ez dutela inolako zentzurik.

‘Negu hurbilak’ fimaren momentu hunkigarri bat. Negu Kolektiboa

 

Eta zubietarrak jarri dituzue aktore lanetan.

E.A.: Herritarrak ezagututa, ezinezkoa zen aktore profesionalak Zubietara grabatzera eramatea. Beraiek izan behar zuten aktore, eta jakin dute euren bizitzak lasaitasunez, naturaltasunez, zintzotasunez eta umiltasunez irudikatzen. Horrek filmaren filosofiarekin bat egiten du.

M.I.: Gainera, ez genekien noiz ari ginen filma egiten eta noiz ez. Hasieran ez zuten sinisten, eta berezkotasun horrek ere asko balio izan du pelikula egituratzeko. Guk puzzlea osatu dugu, baina piezak gure elkarrizketatuek eta Zubietak jarri dituzte. 

Filmak Jone Laspiurrek intepretatzen duen neska gazte baten bizipena lantzen du, eta bera da aktore profesional bakarra. 

E.A.: Ikaragarria izan da Jonerekin lan egitea. Pelikula honek ihes egiten du konbentzionaltasunetatik. Zinema independentera ohituago gaude, baina aktore batek normalean egiten duen lanetik kanpo dagoena egin du Jonek. Ez genuen entseatzen, ez zuen gidoirik... Hori ulertzea ez da erraza, eta Jone prest egon da. Horrez gain, oso zaila da isiltasuna ordu eta erdiz sostengatzea, eta berak lortu du, bere aurpegiarekin, bere presentziarekin. 

M.I.: Oso barneratuta geneukan Jonek ondo lan egingo zuela. Joneren lana, pertsonaia bat osatzea baino askoz interesgarriagoa izan da, oso adi egon baita aktore bakoitzak nondik jo zezakeen jakiteko. Zuzendaritza taldeko beste bat izan da, baina pantaila aurrean.

Emakume bat jarri duzue protagonista. Iheslarien ohiko irudiarekin apurtzeko?

E.A.: Euskal borrokalariaren irudi mitikoarekin hautsi dugu, baina emakume iheslari batek kontatutakoak benetan hunkitu gintuelako erabaki genuen hori. Kontakizun polita, zehatza, zintzoa... iruditu zitzaigun eta argi genuen emakumea izango zela protagonista. 

Zinematografikoki lan fotografikoa egin duzue.

M.I.: Estilo oso landua da. Forma horrek bai eraman gaitu hoztasun hori transmititzera, eta hori izan da gure ardura. Plano luzeak eta finkoak erabili ditugu. Pelikulak unero transmititzen du amaitzear dagoen sentsazioa, hauskortasuna. Arriskutsua da hori, baina aldi berean, asko gustatzen zaigu, ze denbora igarotzen ez den zurrunbilo batean sartzen du ikuslea, denboraren kutsua zein den jakin ez arte. Hotza, isila, eta errepikakorra izate horrek badauka horren interesgarria den zain egotearekiko lotura. 

Non dago filmaren oinarria? 

E.A.: Sinesgaitza izan daitekeen arren, pelikula hau gure gradu amaierako lana zen. Film laburra eskatzen ziguten, baina kolektiboan ari ginen, ikaragarrizko indarra geneukan, eta salto egitea erabaki genuen. Sinetsi genuen pelikula bat izan behar zuela gureak, eta horretarako borrokatu eta sekulako harrera izan du. Bat-batean 29 zine aretotan estreinatu da. 

Kolektiboan, lagun artean lan egiteak erraztu egin du prozesua. 

M.I.: Babes sare bat dira lagunak. Guk horrela ulertzen dugu zinea, eta horrela egin dugu. Forma, begirada eta era berriak bilatu izana aitortu dute nazioartean, eta gauza berriak modu ezberdinean egitea gure belaunaldiari dagokiola uste dugu. Hala ere, ez da erraza hori lortzea. Horregatik, uste dut badagoela horren garrantzitsua den euskal kulturaren alde egin beharreko apustu bat, lanak ondo egiten direlako. 

Hausnarketara ere bideratu nahi dituzue ikusleak. 

E.A.: Filma liburu ireki bat da, norberak erabakitzen du nola parte hartu. 

M.I.: Erantzunak bota ordez, galderak bota ditugu, eta bakoitzak bere bidaia egin dezake. Pelikulak badauzka erantzunak, badauzka mezuak, baina sortzaile modura interesgarriagoa da irekia izatea. Erraza da gatazka amaituta dagoela esatea, baina ikusi dugu inoiz baino irekiago dagoela, eta ondorioak ateratzeko balio du.

Nazioartean erantzun bikaina izan du filmak. 

M.I.: Ihes egiteari buruzko pelikula bat da, gai unibertsala lantzen du, eta, tamalez, gaur egun ere hainbat herrialdetan gertatzen ari dena. Jendea ihesean ari da, ezkutuan, zain. Nazioartean ez dute Euskal Herriko testuinguruari buruzko marko findua, baina euren bizipenekin lotu dute. Eta horrek ere harrotasun bat ematen digu, edozeinek uler dezakeen gai unibertsal bati buruz ari garelako. 

E.A: Gauza desberdin asko piztu ditzake gauza bakar batek.