Kazetariontzat gaia bilatu edo aukeratzea komeria handia izaten den aldi gehienetan, edozein aukeraketa, filtro edo iruzkini men egiten diogu. Hala, pare bat txio eta bideoren batek eragindako hipotesien eta modako diskoaren artean idaztea aukeratu behar. Gorka Urbizuren Hasiera bat diskoa bikaina da, noski, eta euskal kultura astindu du. Hala ere, idazteko gaiaren aukeratze horrek badauka bere eragina, politiko edo ideologikotik hurbil. Berri Txarrak taldea azpi-azpitik hasi zen eta lan handia egin zuen bere musika eta, bide batez, euskara, munduko toki guztietara hedatzeko, bertako mainstreamean leku eta onarpena lortu arte. 

Baina, gaur, horixe da Lekunberriko taldea. Berridendak etengabe saltzen ditu berrargitalpenak eta merchandisinga, eta Gorkaren disko berria, aurreko promorik gabe, prime time-an eta azal guztietan ageri da. Merezita, noski. Ondorioz, idazteko gai aukeraketaren eran-tzukizunaren izenean, beste “klaseetako” kulturari erreparatu ahalko genioke, klase altu, ertain eta baxurik balego musikan eta bere industrian (kultur hedabideak tarte, noski).

‘Gorka Urbizu jangelan’, Mikel Izarrak egindako memea. Mikel Izarra

Guztiak ala inor ez

Amorante artistak Xiruliruli bideo podcastean eskaini zuen elkarrizketan, klase ertaina desagertzear dagoela ohartarazi zuen, kasu. Historian zehar, hainbat pentsalarik aitortu duten bezala, alor kulturalean ere klaseak existitu eta egun jarraitzen dutela, gizarte parekoaren eragin zuzena dira, noski. Klase altua erraz irudikatu daiteke makro jaialdi jendetsuen bidez, eta klase baxua, aldiz, gero eta arrakasta eta hedapen handiagoa duten gaztetxe edo jaialdien bidez. Azken horiek, askotan, areto ertainek baino interes handiagoa pizten dute. 

Iban Urizarrek adierazi zuen Bideografikek sortutako eta Garazi Velaskok zuzendutako kalitatezko saioan (elkarrizketa gomendagarriak dituzte Ines Osinagarekin, Peru Galbeterekin...), Los Sara Fontan taldearen Berrizko kontzertuko publikoan hiru lagun soilik ikusteak amorruz bete zuela. Izan ere, bere ustez, “ekitaldi zale” bihurtu omen gara, FOMOak (zerbait galtzearen beldurra, ingelesezko sigletan) bultzatuta. Bestalde, talde askok sarrerak saldu ez, eta kon-tzertuak bertan behera utzi behar izaten dituzte, hura baita gasolina eta gastuak ordaintzeko bide bakarra eragin hau zirkuitu, areto ertain eta bestelako ogibideetara hedatuz. 

Amorante eta Garazi Velasco kazetaria ‘Xiruliruli’ saioan. Biografik

Gehiegietasuna eta bere ondorioak

Gero eta talde gehiago dago, eta horrek aberastasuna dakarkio musika eszenari, noski. Baina egoerak gainezka egin du, eta ez dago kontzertu guztietarako ikusle, data edo aretorik. Youtuben ezinbesteko kanala den Music Radar Clanek gaurkotasunari lotutako urteko gaien laburpenean, euskarri digitalean sortzen den gehiegietasuna nabarmendu du. Izan ere, hainbat ikerketek baieztatzen dute 125.000 kanta inguru igotzen direla streaming plataformetara egunero, berrargitalpenak, IAk egindako abestiak eta abar alde batera utzita. Horietako 100.000 (%75 gutxi gora behera) kantek inoiz ez dute entzunaldi bakarra ere izango. 

Berez zorigaiztokoa den industria eta eztabaidagarria baino eztabaidagarriagoa den negozio-eredu baten kostuen eta baliabideen ikuspegitik, kezkatzeko modukoa da. Internetek musikan ahalbidetu zuen hoberena (argitaratzeko askatasuna) ez galtzeko artistentzako prezioak igo ez, eta inork entzungo ez dituen abestiak online mantendu? Kantuon kalitate eta merituen aferetan sartu gabe, momentuz, eraginkorrena musika fisiko gehiago erostea eta streaming plataformak pirateatzea da, musikarien eskubideen alde agertzeko, behin-tzat. Kieran Press-Reynolds idazleak ondo baino hobeto sintetizatu du Pitchfork hedabide espezializatuan argitaratutako The Musical Age of Shitpost Modernism artikuluan, non musika berriaren uholdea ergel bezain bikaina dela dioenean. 

Egia esan, 25 urtez hedabide erreferentea izan den Pitchforkek egunak zenbatuta ditu, Ted Gioia kritikariak bere buletinean aztertzen duen bezala, GQ-k bere gain hartuko baitu. Ainara Legardonek esaldi honekin birtxiotu zuen bere azken pieza: “Oraindik musika berria eta interesgarria argitaratzen da, baina ia inork ez du entzuten. Sistemak aktiboki lan egiten du ezkutatzeko” . Hala, klase ertainaren (eta baxuaren) afera industriaren txoko guztietara hedatzen dagoela baieztatzen du. Gioiak industria osoa aztertzen du: Universal Musicek iraizteen berri eman du eta baita Youtubek ere; Soundcloud salgai dago; sinesgarria ematen zuen Bandcamp-ek ere langile erdiak kaleratu ditu (120tik 58 langile), Epic Gamesek erosi eta gero…

Ikerketa zehatzaren ostean, Ted Gioiak ondorioztatu du entzuleek jada ez diotela jaramonik egitenmusika berriari: “Fedea musikan izan behar dugu, ez industrian”. Argi dago, beraz, industria kulturalak oraindik ez duela bidezko garapen bat izan postinternet paradigman, eta etengabe aldatzen doan merkatu batek soilik lau enpresa handiri egiten diela mesede. Musikari eta entzuleok gero eta robotizatuago eta prekarizatuago gaude, eta hori aldatzeko ezinbestekoa da kontzeptu xume hauek hausnarketa sakona bultzatzea.