Sormenak harilkatzen du Amaia Egidazu (Durango, 1981) ipuin kontalariaren egunerokotasuna. Jakin-minak eta senak bultzatuta, gaur gaurkoz, haur literaturan erabat murgilduta dago durangarra. Saioaren arabera, irakurketa, idazketa, ahozkotasuna eta marrazketa lantzen ditu Egidazuk.
Sortzeko nahia erraietan nabari du kontalariak, baina beti ez da bere bizitzaren erdigunean egon. Ikasketaz biologoa da durangarra, eta horretara bideratu zuen bere jardun profesionala graduatu ondotik. “Energia berriztagarrien munduan sartu nintzen, baina lan enpresarialean jardunda faltan nuen sormena nire egunerokotasunean”. Hutsune hura identifikatua zuen arren, amatasunaren eskutik heldu zen aldaketa.
Ama izatea “sekulako barne iraultza” izan zela dio Egidazuk, eta orduantxe hasi zen inoiz baino gehiago haur literaturaren munduan murgiltzen. Batetik, ogibidea aldatu, eta eskola aktibo baten hasi zen lanean. Bestetik, amatasunak bultzatuta, ipuinak barra-barra irakurtzen hasi zen, eta baita ipuin kontalarien saioak ikusi eta entzuten ere. Halabeharrezko gertura-tzea sekulako aurkikuntza izan zen: “Umeen aitzakian joaten nintzen, baina nire gozamenerako zen”.
Idaztetik kontatzera
Egidazuren jarduna sormenaren bueltan bideratzeko mugarria, ordea, bere lehen argitalpena izan zen: 2021. urtean argitaratu zuen Dorotea (Pamiela) album ilustratua. Pandemia betean, idatzita zituen hainbat poemetako bat hautatu, eta album ilustratu bilakatu zuen Egidazuk. Doroteak (Pamiela, 2021) Etxepare Saria irabazi zuen 2021. urtean; eta, nolabait, sariketak modu naturalean hasitako bidea profesionalizatzea ekarri zuen berekin. “Ahoz ahokoaren bidez, gero eta emanaldi gehiago atera zitzaizkidan, eta puntu baten bateraezinak ziren eskolako lana eta kontaketak”. Iaz, jardun erdian aritu zen eskolan, eta aurtengo ikasturtean murgildu da erabat ipuin kontalaritzan.
Zer kontatu
Zer kontatu tentuz aukeratu behar izaten du ipuin kontalariak, eta nork bere helburu eta irizpideak jartzen dizkio hautaketari. Doroteaz gain, beste bi proiektu propio ditu Egidazuk: Poltsikorako Poemak (Saroa Bikandirekin batera sortua) eta Hizki Pizti jolas pedagogikoa. Argitalpen propiekin lotutako saioak egiten dituen arren, gehienetan beste egile batzuen ipuinak kontatzen ditu. Zer kontatu? Non kontatu? Nori kontatu? Plaza bakoitza eta publiko bakoitza mundu bat da, beraz, ipuin aukeraketa ez da lan erraza izaten: “Irakurtzen ditudan ipuinetako askok ez didate ‘klik’ egiten; baina, bat-batean batek zerbait sentiarazten dit eta neureganatu egiten dut”. Egidazuk senari segitzen dio, lerroarteko kontakizunak eragiten dion emozioari, eta umorezalea dela aitortu du. Kantuz, erritmoz eta jolasez ere hornitzen ditu bere emanaldiak.
Izan ere, haurrentzako jarduera orotan bilatzen dugu maiz helduok helburu hezitzailea; eta batzuetan, zen-tzu pedagogiko horren bilaketa plazerraren galbidea izan liteke. Egidazuk, esaterako, gozamena du xede bere kontakizunetan: “Asmo hezitzailea oso agerikoa bada, galdu egiten da magia. Nire ustez, pedagogia ez da kontaketaren funtsa. Hortik alden-tzen saiatzen naiz ahalik eta gehien”.
Nola kontatu
Ahots aldaketak, tonua, soinu efektuak, jantziteria, objektu gehigarriak, ipuin fisikoa… Asko dira ipuin kontalari batek bere ikuskizunean txertatu ditzakeen baliabideak. Eskura dauden baliabideen artean, bakoitzak bere kontaketa moldea eta estiloa zehazten ditu. Egidazuk nahiago du soilean aritu, elementu gehigarririk gabe: “Nik konekta-tzen dut pertsonaia batekin eta emozio hori da adierazten dudana: ez ditut ahots aldaketa oso nabarmenak egiten eta ez naiz mozorrotzen”. Soinuak eta onomatopeiak baliatzen ditu Egidazuk, baita tonu aldaketak ere. Isiluneen garrantzia ere azpimarratu du, tentsioa sortzeko elementu baliagarri gisa. Liburua fisikoki eskuetan izan gabe aritzen da askotan, elkarrekintza zuzenagoa izan dadin.
Aurretiazko lanketa guztia nahitaezkoa den arren, bat-batean aritzeak inprobisatzera bultzatzen du artista ezinbestean. Horregatik, errepertorio zabala eta egoera irakurtzeko abilezia izan behar ditu kontalariak. “Askotan ipuin kontaketaren baitan gertatzen den guzti hori aurrez zaintzea garrantzitsua da; baina, hartu emana gozagarria izan dadin, prest egon behar duzu egoera neurtu eta aurrez pentsatua zenuena moldatzeko”.
Elementu guztiek funtzionatzen dutenean, giro “magikoa” sortzen dela baieztatu du Egidazuk. Izan ere, aldebiko harreman horren xarmak erakartzen du kontalaria. “Nik gauzak kontatzen ditut, baina, aldi berean, jaso ere bai”. Magia sortzen segitzeko asmoz dabil kontalaria, herriz herri ahozko jardun liluragarrian murgilduta. Etorkizunera begira, publikoaren adin tartea zabaldu eta nerabe zein helduentzako kontaketak antolatzea gustatuko litzaioke.
HURRENGO EMANALDIAK
• Bihar: ‘Poltsikorako Poemak’ (Iurreta).
• Otsailak 1: ‘Dorotea’ kontaketa + collage (Oñati).
• Otsailak 5 eta 6: ‘Poltsikorako Poemak’ (Iurreta).
• Otsailak 13: Idazketa eta ilustrazio tailerra (Leioa EHU).
• Otsailak 14: Munduan barrena (Durango).