Alazne Zubizarreta artistak Ilean marra bat egin erakusketa jarri du ikusgai Bilboko Santutxu eta Solokoetxe auzoen artean kokatuta dagoen La Taller grabatuen tailer eta galerian. Irailaren 29an inauguratu zuten erakusketa eta azaroaren 17ra arte bisitatu ahalko da. Bertan, Zubizarretak berak sortutako grabatuez gain, denbora luzez alde batera utzitako marrazkiak ere bildu ditu. Hain justu, bederatzi grabatuz, triptiko handi batez, paretan kokatutako marrazki handi batez eta beste zortzi marrazkiz osatuta dago bilduma.

Natalia Vegas artistak erakusketako liburuxkan azaltzen duenaren arabera, “2022an Ertibilen edota 2020an BilboArten erakutsitakoekin alderatuta, zenbait aldaketa” soma daitezke erakusketa berri honetan. “Lasaiagoak dirudite, lehen begirada batean informazio gutxiago daukatela dirudite”, aipatu du artistak. Abstrakziotik gertuago nabari daiteke Alazne Zubizarreta oraingo honetan; dena den, Zubizarretak Vegasekin izandako solasaldian, bildumaren egileak aipatu zion “euskal arte grafikoan ohikoagoak diren forma sintetikoen abstrakzio hutsera iritsi gabe” lan egin nahi duela.

La Taller Zubizarretaren erakusketa espazioa ez ezik, bere obra gara-tzeko giltza ere izan da: 2022an Ertibil saria jaso zuen Zubizarretak Clotted Cream obrari esker, eta sariaren baitan, Tokion erresidentzia artistiko batean bi hilabetez egoteko aukera jaso zuen. Lan horretan, 24 grabatu txikiz osatutako bilduma jaso zuen. Pieza horien artean, narrazio esperimentala sortzen zen, horien arteko “kohesionatutako iruditeria propio bat”. 

Solokoetxen hasitako lana Tokiora lekualdatu zuen artistak, Japoniako hiri horretan garatu ahal izateko. Hala ere, Japonian hainbat arazo tekniko izan zituen, eta Solokoetxen hasitako lana, berriz La Taller-era bueltan ekarri zuen, hemen “azkenengo ukituak” eman ahal izateko eta obra guztiz bukatzeko. “Arazo teknikoak izan nituen, tailer denak ezberdinak dira eta baldintzak ere ezberdinak dira”, dio Japonian izandako esperientziari buruz.

Kalitateko bilduma erakargarriak sustatzea helburu, iniziatiba bat dute martxan; irudi hau 50 euroan dute salgai Jose Mari Martinez Bubu

Oztopoen onura

Japonian hainbat arazo tekniko izan baditu ere, oztopo horiek ondorio positiboa izan dute, Zubizarreta zuzeneko marrazkira bueltatzea ahalbidetu baitute. Zubizarretak berak azaldu bezala, azken urteetan sortutako marrazkiak plantxa baten egindakoak ziren, gero horiek grabatuak izateko, baina marrazki horien eta berak aipatutako “zuzeneko marrazkien” artean ezberdintasunak egon badaudela jakinarazi du: “Grabatuak egiteko marrazten dut, baina plantxa batean, eta horretan lan egiten dut azidoarekin, ez dut zuzenean zerbait hartu eta marra bat egiten; alegia, prozesu luze bat dago hori hala izatea lortu arte”.

Japonian izandako arazo teknikoak direla eta, ezin izan zuen nahi bezain beste lan aurreratu, eta “frustrazioari aurre egiteko” marrazten hasi zen. Horrela, beste mota bateko marrazkiak egiten hasi zen: espontaneoak, grabatuek erakusten duten beste abiadura bat erakusten dutenak.

Motel eta luze

Alazne Zubizarretak grabatuak zuri-beltzean egiteko erabakia hartu zuen, eta parametro horietan egiten du lan. Horregatik, bi teknika dira nagusi bere lan prozesuan: akuafortea eta urtinta. Grabatuen barruan, mota ezberdinak daude, baina Zubizarretak burutzen dituenak grabatu kalkografikoak dira. Ingelesetik eratorritako Timeconsuming terminoa erabili du Zubizarretak bi teknika horiek deskribatzeko: motelak direlako eta prozesua luzea delako.

Grabatuetan, matrizea ezinbesteko materiala da. Hala dio, behintzat, artistak. Horretan, prozesu baten ondorioz,irudiak agertuko dira, gero torkulu baten bidez paperean grabatuko direnak. Matrizean, Zubizarretak deskribatu dituen azidoen bidezko marrazkiak egingo dira. Bereziak dira horietan egiten diren marrazkiak, buruan duzun ideia bati helduta lan egiten duzulako azken emaitza ikusi arte: “Azken pausora heldu arte, ez dakizu zer gertatzen den matrizean, torkulutik pasatu ostean ikusten duzu estanpazioa, eta hor konturatzen zara non dagoen arazoa, eta berriro ekin behar diozu prozesu denari”.

Zubizarretaren obra sortzeko prozesuan, latoizko edo kobrezko xaflen bidez egindako grabatuak aurki daitezke. Horiek lantzeko bernizaz estaltzen da xafla osoa, eta puntzoi baten bidez horien gainean marrazten da. Puntzoiaren bidez, “berniza altxatzen da eta azidoan sartuz, ikusgai gelditzen den xafla parte horrek azidoa jaten du”. Horrela, azidoarekin kontaktuan egon den partean arrakala bat egiten da eta tinta hor gelditzen da”.

Eraskusketan, 9 grabatu, tripiko handi bat, marrazki handi bat eta beste 8 marrazki daude Jose Mari Martinez Bubu

Horren ondoren, berriz xafla garbitu behar dela azaltzen du artistak; erretxina eta azidoaren bidez, kolore planoak lortuz. Ilean marra bat egin erakusketan, hainbat grabatu ikus daitezke, zeinetan kolore planoek nagusitasuna hartzen duten. Hain zuzen ere, erakusketan bertan ere ikus daiteke Zubizarretak azaltzen duen prozesu hori: azidoaren eraginpean emandako denboraren arabera, kolore-eskala aldatu egin daiteke zuritik beltzagora, eta kolore horiek hainbat tonalitatetan lortzen dira. Aipatutakoa Zubizarretak aurkezten duen obra batean nabari daiteke, non zuritik beltzera egindako ibilbidea begi-bistan gelditzen den. Kolore zuria ikusten den tokia ez da kontaktuan egon azidoarekin. Beltzera bidean, hurrengo kolorea gris argia da, eta atal hori azidoarekin kontaktuan egon da, baina 30 segundoz. Horrela, gris ilunagoa minutu bat egon da azidoan, hori baino ilunagoa dena, bost minutu, eta kolore beltza lortzeko, 20 minutuz egon da xafla azidoarekin kontaktuan. 

Emaitza ezezaguna Adibide hori egokia iruditzen zaio artistari uler-tzeko zelan egiten duten lan graba-tzaileek: izan ere, “koloreen prozesu hori ez duzu ikusten paperean jarri arte”. Hala, paperean koloreen eskala hori jartzen duenean ziurtatu dezake berak bilatzen zuen emai-tza lortu duen edo ez: “Ikusten duzu matrizea, baina ez zer ateratzen den. Grabatuetan denbora guztian lan egiten duzu ideia bati bueltaka: nik espero dudanari bueltaka, hain justu. Baina emaitza ezberdina izan daiteke, eta ikasi egin behar duzu negoziatzen plantxan gertatzen denarekin”. Artistak dioenaren arabera, orduak matrizean ematen dira, plantxan, eta grabatua da ordu horien emaitza, paperean ikusle batek antzeman dezakeena.

Obran elipseak ohikoak dira, beste elementu grafikoen artean. Hain zuzen ere, elipseak egiteko erabilitako erregela bat ere ikusgai dago erakusketan. Lan egiteko materialari ere Zubizarretak balio plastiko bat eman dio: “Elipseen plantilla erabiltzen dudanez, errekurtso bezala erabili dut. Forma gustatzen zaidanez, ondo funtziona zezakeela pentsatu nuen”. Bere obretan sortzen diren espazialitateen artean, hainbat kapa aurki daitezke. Paisaia zabalak dira lehen aldiz begiratzen duzunean ikusten dituzunak, eta horietan gainjarri dira Zubizarretak erabilitako elementuak.

Plantillak erabili ditu eta horiek ere sortu egin ditu obraren konposaketa osoa egiteko: “Klasikoa gustuko duzunean, gakoa da tekniken katalogo bat oinarri izanda lan ez egitea”. Berak diskurtso “poetikoa eta artistikoa” sortu nahi izan du teknika klasikoen bidez, “klasikotasunak, purismo tekniko horrek, eraman zaitzakelako irudi mota bat lortzera”. Irudi mota horren inguruan, lortzen den irudiarekin eroso sentitzen dela eta gustatzen zaiola aitortu du. 

Oztopoak oztopo, Zubizarretak jasotako emaitzak poztasuna eragin diola ziurtatzen du: “Pozik gelditu naiz, baina egon da matrizeren ba nahiko gatazkatsua”. 

La Taller, kokagune

Alazne Zubizarretak La Taller espazioko erabiltzaile moduan dauka bere burua, ia hamar urte luzez bere lana gara-tzeko espazioa izan baitu. La Taller-eko kide Maite Martínez de Arenazak proposatu zion Zubizarretari aipatu erakusketa ikusgai jartzea. Artistak, bere aldetik, “ilusio handiz” bizi izan zuen irailaren 29an egindako erakusketaren aurkezpena. 

Azken urte osoan erakusketan lanean aritu dela aipatu du Zubizarretak:“Iraila oso bizia izan da, buru-belarri lanean ibili naiz dena fin-tzeko, muntaketarekin ere lana izan dut…”. Urduri egon arrean, behin erakusketa prest zegoenean “lasaitasun handia” sentitu zuela aitortu du.