Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) 50 urte bete ditu aurten, eta lehen unetik bezalaxe, euskal komunitate zientifikoa trinkotzea du helburu oraindik ere. Euskal Herriko ikerkuntza sendo dabil, eta gero eta gehiago dira euskaraz alor ugaritako jakintza espezifikoetara ikertzera batzen direnak. Horren adierazle argia da maiatzaren 17, 18 eta 19an Donostiak hartu duen IkerGazte kongresua, #Elkar-Ekin lelo eta traolapean. UEUk 2015ean ekin zion euskaraz ikertzen zuten gazteentzako espazio bat osatzeari. Jakintza alor guztiek bat egingo zutena, hain justu. Ordutik, bi urtetik behin elkartu dira Durangon, Iruñean, Baionan eta Gasteizen. Bosgarren aldia izan dute aurtengoa, eta antolatzaileek adierazi dutenez, inoiz baino artikulu gehiago jaso dituzte.

Denak bat

Esker onez ageri dira UEUko kideak izandako harrerarekin. Esker onak, halaber, antolatzaile, parte hartzaile eta laguntzaile guztiei, hau guztia egiteko posible egin duten “lan eskerga” dela eta. Ez baita erraza izaten halakorik antolatzea.

Maiatzaren erdialdean, hiri easoarrean batu dituzte ikerlari euskaldun gazteak. Gazteek beren lanak Kursaal aretoan aurkezteko aukera izan dute, sarri, bulegoetan geratu ohi direnak, edo kontrara, nazioarteko kongresuetan esplikatzeko aukera soilik izaten dutenak. Horixe bera ere bada antolakuntzaren xedeetako bat: ikertzaile euskaldunek, edozein delarik beren esparrua, beste ikerlari euskaldunen aurrean aurkez ditzaten, plaza bat Euskal Herrian finean. Horretarako bi formatutan eskaini dizkiete parte hartzaileei: komunikazioak, guztira 52 lan ahoz egin dituzte; eta bestetik, posterrez lagundutako mikro aurkezpenetan, kasu honetan 99 izan dira. 

Inoiz baino artikulu gehiago jaso dituzte aurten eta lan horiek guztiak IkerGazteren webgunean kontsulta ditzake interesa duen orok.

Giza zientziak, artea, zuzenbidea, gizarte zientziak, ingeniaritza, arkitektura, osasun zientziak, zientzia zehatzak eta natur zientziak. Denak bat baina bost adarretan banaturik. Lan guztiak IkerGazteren webgunean kontsulta daitezke jada, eskuragarri jarri baititu erakundeak.

Horiez gain, hitzaldi eta mahai-inguruak ere izan dira egun horietan zehar, aditu eta arituen eskutik. Unai Pascual, Mari Luz Esteban edo Sophie Scott izan dira gonbidatuetako batzuk. Beñat Garaio eta Eider Saragueta ikerlariek, bestetik, jardunean ari direnen osasun mentalaren garrantziari erreparatu diote.

Lehen aldiak

Batxilergotik argi zuen Eneko Sotomayor Pegok (Errenteria, Gipuzkoa, 1998) ingeniaritzaren bat egingo zuela. Fisika ikasgaia ere oso gustukoa zuen, ordea, eta azkenerako, Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) Fisika eta Ingeniaritza Elektronikoko Gradu bikoitzean bi interesak uztartu ahal izan zituen. Egun, EHUn bertan ikerketako kontratu batekin ari da lanean, aerosorgailu flotagarriak aztertzen.

Sotomayorrek onartu du ez zuela IkerGazte kongresua ezagutzen. Lankideetako batzuk doktoretza egiten ari direla azaldu du, eta aurkeztekotan zeudela gehitu. Berari ere proposatu ziotenean, onartu egin zuen erronka: “Aukera on bat izan zitekeen gure proiektua aurkezteko”. Era berean, errenteriarrak erantsi du ez zutela ondorio nagusirik jendaurrean azaltzeko modukoa, baina kontrara, ordura arteko lanaren nondik norakoak erakusteko baliatu nahi zuten ekitaldia.

“Giro polita” sortu zela adierazi du. Bere departamentutik hainbat kide bertaratu ziren, eta ezagutzen zuten beste lagun ugari ere bai, baina, era berean, jende berria ezagutzeko aukera “paregabea” izan dela aipatu du. Esperientziaren balorazioa, beraz, guztiz positiboa egiten du ikerlari gazteak. Kongresuaren izaerak berak laguntzen duela azpimarratu du: “Gutxitan egoten dira horrelako aukerak, alor ezberdinetako ezagutzak transmititzeko”. Ildo horri eutsita gehitu du aberastasunak ekarpen handia egiten duela eta, adibidez, ingeniaritzako kongresuak oso aberasgarriak izaten direla profesionalki. IkerGaztek, berriz, ekarpen handiagoa egiten dio garapen pertsonalari Sotomayorren ustez.

Aerosorgailu flotagarrien kontrol-tekniken garapena energia eolikoaren ekoizpena optimizatzeko. Izen horrekin aurkeztu zuen Sotomayorrek Donostian bere komunikazioa. Ikerlariaren hitzetan, mendian ikusi ohi ditugu elektrizitatea sortzeko haize errota handiak. Hala ere, azaldu du itsasoan, kostatik urrun jartzen diren parkeetan, haizea are egonkorragoa dela, eta beraz, eraginkorragoak ere badirela. Haize errota horiek ordea egonkortasuna behar dute. Hor sartzen da flotagarritasunaren kontzeptua. Azkenean, itsasoaren hondoa ez dago kostan bezain ur-azaletik hain gertu: “Gaur egun, beraz, ez da posiblea horrelakorik, egonkortasuna bermatuko duen sistemarik ez dagoelako”. Horretan dihardu bada gazteak bere iker-taldearekin batera. Ohiko prozedura eraikuntza fisikoa egitea dela kontatu du, eta gerora kontrolatzailea atxikitzen zaiola gerora. Aldiz, aztertzen ari direna zera da: sistema sinpleagoak eta eraginkorrak sortzea, hau da, kontrol-teknikak kontuan hartuko dituen diseinu-teknikak, aerosorgailuak itsasoaren erdian jarri ahal izateko.

Jakintza, sari

Hain zuzen ere, Sotomayorren komunikazio lana sarituetako bat izan da. Ingeniaritzaren alorrean aerosorgailuen inguruko aurkezpenak epaimahaiaren aitortza jaso zuen, eta errenteriarrak sorpresaz eta pozik hartu zuen: “Egindako lanarekin eta aurkezpenarekin gustura geratu nintzen, baina ez nuen inondik inora espero sarituko nindutenik”. Azaroan hasi zen ikerketan, eta esan du errekonozimendu honek horretan segitzeko bultzada bat dela: “Lanean segitzeko motibazio handia dut orain”, erantsi du.

Ingeniaritzako alorrean Eneko Sotomayor nola, beste lau ildoetan ere sari bana eman dute jakintza-esparru bakoitzeko epaimahaikideek. Giza eta arteen alorrean, Mikel Perezen Kode-alternantziaren erabilera euskara-gaztelania gazte elebidunengan izan da garaile. Genero-ikuspegia aintzat hartzen duen Botere Judizial baterantz: bere integrazioa antolakuntza judizialean eta jurisdikzio-funtzioan lanaren egile Sara Arrutik jaso du Gizarte zientzietako adarraren errekonozimendua. Osasun zientzietan, zortzi kidek osatutako talde batek irabazi du saria Kognitiboki hauskorrak diren pertsonengan narriadura kognitiboa eta dementzia prebeni-tzeko esku-hartze kognitibo eta sozio-emozional baten proposamena izeneko lanarekin. Eta azkenik, Jone Amuategiri, Rocio Alonsori eta Helena Ostolazari aitortu diete Zientziak eta Natur Zientzietako saria Mintzeko-kolesterola: bakterio-toxinen aspaldiko laguna komunikazioaren aurkezpenarekin.

Argazkian, aurtengo Ikergazte kongresuaren irabazleak Donostian. UEU

Udalbiltzak, halaber, seigarren sari bat eman du aurten, kasu honetan Zaintzaren inguruko iruditegiak Zestoako Zaintza Ekosisteman lanaren egileei: Alaitz Uriarte eta Maider Barañano. Horiez guztiez gain, mikro aurkezpenetan bi lan hautatu dituzte parte hartzaileen artean, argitasuna saritzeko: Irati Mendiaren Modelizazioa aurrera-pauso, tren-ibilgailuen esekidura eredu, eta 4 gaztek egin duten Litio-ioizko bateriak kudeatzeko sistemen segurtasun funtzionala.

Errepikatu dutenak ere bai

Lehen aldiz Gasteizko edizioan egon zen Maitane Basasoro (Errenteria, Gipuzkoa, 1992) IkerGazten. Orduan, eskuartean zuen Ikasleen parte-hartzea eskola demokratikoak eraikitzeko giltzarri izeneko tesiarekin aurkeztu zen. Antzuolako Herri Eskolan kasu-azterketa etnografikoa egin zuen, baita aipatu eskolatik pasatako belaunaldietako ikasle-ohien testigantzak jaso ere. Basasorok azaldu duenez, egun, hezkuntzan era teorikoan planteatzen da parte-hartzea bermatu egin behar dela. Praktikan, berriz, errealitatea oso bestelakoa da: “Sinbolikoa”, hala definitu du Basasorok. Hari horri eutsita gehitu du parte-hartze esanguratsua eta aktiboa sustatu behar dela.

Haur eta Lehen Hezkuntzako Graduak egin ostean, masterrari ekin zion, eta jarraian Doktoretzari. Gaur egun Donostiako kanpuseko irakasle atxikia da, barak egin zituen ikasketa horietan bertan. Era berean, doktoretzan irekitako bidea aztertzen tartekatzen ditu dozentzia eta ikerketa.

Basasorok dio euskaraz ikertzea hautu bat dela, eta oztopoak ere izan ditzakeela. Horrexegatik dio babesa eman behar zaiela ikerketa euskaraz egiten dutenei. Gaineratu du sarri ikerketan hastean izaten diren baldintzak prekarioak izan daitezkeela. Baina, kontrara, IkerGazte bezalako ekimenei esker babestuago sentitzen dira ikertzaileak. Horri lotuta, kongresuan izan ziren Garaio eta Saraguetaren hitzaldiaren beharrean azpimarra jarri du, datu adierazgarri bezain kezkagarriak jarri baitzituzten mahai gainean: “Ikertzea ez da beti erraza izaten, eta osasun mentalari ere erreparatu behar zaio. Denok pasatzen gara prozesu horretatik, eta zaintza erdigunean jarri behar dugu”.

Oraingoan, ordea, ez du komunikaziorik ez posterrik aurkeztu. Parte-hartzailetik antolatzailerako saltoa egin du, izan ere, IkerGazteko Batzorde dinamizatzaileko kide gisa aritu da. Aurreko edizioaren harrak bultzatu zuen honetan parte hartzera. “Oso polita izan da, asko disfrutatu dut eta etxean bezala sentitu naiz”, esan du Basasorok. Sotomayorren modura, giroa azpimarratu du: “Oso gertukoa izan da”. Beste begi batzuetatik bizi du, jakina, aurten ez baitu komunikaziorik aurkeztu, eta beraz, urduritasun puntu hori ez du izan. “Kanpotik beste gauza batzuei erreparatzeko balio izan dit: giroa, antolaketa, jendearen inplikazioa…”.

Antolakuntzako kide gisa, baita parte-hartzaile ohi gisa ere, ikertzaile euskaldun gazte oro gonbidatu du ikertzen segitzera era IkerGazten parte hartzera: “Asko dago egiteko eta asko dago eraldatzeko”. Babesa aipatu du berriz ere, eta sareak sortzeko beharra. Gainera, UEUk jada iragarri du, 2025erako edizio berri bat egingo dutela.