Egunotan ospatzen ari diren FANT-Bilboko Fantasiazko Jaialdian Ohorezko Sariarekin omendu dute Zorion Egileor (Mundaka, Bizkaia, 1946) euskal aktore, musikari eta esataria. Fantasiazko generoari egindako ekarpena eta orain arte egindako ibilbidea aitortu dizkiote sari horrekin. Oihartzun zabala eduki duen El Hoyo filma dela eta, oso ezagun egin zen mundakarra han eta hemen. Aurtengo edizioko Sail Ofizialean lehiatuko den Viejos filmean ere ikus daiteke Egileor, protagonistaren paperean sartuta.
Aurtengo FANT jaialdian Ohorezko sariarekin omendu zaituzte. Zer esan nahi du sari horrek zuretzat?
Sariak beti dira ongi etorriak, eta sari honek, zehazki, asko esan nahi du niretzat. Gainera, fantasiazko generoari nik egindako ekarpenagatik saritu naute, eta pozgarria da hori. Nire herrian sari bat hartzea ez da izan inoiz erraza niretzat, eta uste dut oso berezia dela. Ni antzerkiko aktorea izan naiz gehiago, nahiz eta azken urteetan zinean ere aritu izan naizen; aktore nagusi bezala. Bai El Hoyo pelikulan, zein Viejos filmean, gidoi onak izan ditut, eta horrek asko laguntzen dio aktorearen lanari. Zorte ona izan dut, eta nire lana gidoi onekin, gidoilari onekin, zuzendari onekin eta lagun onekin lagunduta egon da.
Aurtengo edizioan sail ofizialean lehiatuko den ‘Viejos’ filmean ere protagonistaren paperean aritu zara. Zeri buruzkoa da pelikula?
Fantasia generoko film bat da Viejos, baina beste osagai batzuk dituena. Nagusien bizitzaz jarduten dugu, zeina fenomeno soziologiko bat bezala ikusten den pelikulan. Gizon nagusi baten bizia kontatzen du: bere emaztea hil egiten da eta gizon nagusi hori bere semearen etxera doa bizitzera, haren emazte eta alabarekin batera. Eta etxe hartan gertatzen diren gorabeherak kontatzen ditu filmak. Ez da beldurrezko pelikula bat, baina bai itogarria, zeinak bukaeran hausnarketarako bidea ematen duen. Lau protagoniston artean oso kimika ona eduki dugu lanean, eta hori nabaritu egiten da pelikula ikustean.
“Sariak beti dira ongi etorriak. Gainera, fantasiazko generoari nik egindako ekarpenagatik saritu naute, eta pozgarria da hori”
Nabaria ‘El Hoyo’ pelikulak izan duen arrakasta da.
Pelikula egiten hasi ginenean ez genekien zer espero film hartaz; ez genekien nolako erantzuna izango zuen. Grabatzeko ahalegin guztiak jarri genituen guztiok, bai aktoreok, bai argiztapenaz arduratzen zirenak, bai makilatzaileek… Eta azkenean espero ez genuen erantzuna izan zuen: sari asko jaso zituen, eta Netflixek beregain hartu zuenean mundu guztian zabaldu zen, eta pelikula ikusienen artean kokatu zen; zoragarria izan zen.
Arrakasta horrek zugan eraginik izan al du?
Pelikula horri esker, nire biziak ez dakit zenbat gradutako buelta eman duen, baina bira asko eman ditu, hori seguru. Mundu osoan ezagun egin nintzen paper hori egin ostean; Parisen, ala Alemanian zein Pakistanen… Nire izena esaten ere badakite leku horietan; badakizu zer den hori aktore batentzat? Pakistanetik gutunak bidaltzen dizkidate, eta argazkiak eskatu. Batzuetan nekagarria izaten da, baina hau egitera etorri gara eta denetarik jasotzen dugu; txaloak bai, baina baita txistu hotsak ere.
Nola lortzen da ‘El Hoyo’ pelikulan izan zenuen moduko paper bat?
Istripuz lortutako paper bat izan zen hura. Huescan telesail bat grabatzen egon nintzen, eta hura bukatutakoan eta Mundakara bueltatzerakoan, nire agenteak deitu, eta hala esan zidan: “Etxean zaude jada? Gidoi bat iritsi zait, interesgarria izan daiteke baina ezingo duzu egin”. Eta nik orduan bidaltzeko esan nion, hala irakurri egingo nuela eta. Ostiral bat zen, eta arratsaldean hasi nintzen gidoia irakurtzen eta pentsatu nuen: “Baina zer da hau? A zer astakeria!”. Baina asko gustatu zitzaidan, eta agenteari galdetu nion ea nik zer paper egitea nahi zuten. Eta protagonistarena zela esan zidanean, jarraian baiezkoa emateko esan nion. Berak, baina, ezingo nuela egin esan zidan, handik hamar bat egunera grabatzen hasiko zirela nabarmenduz. Nik ere hala uste nuen, denbora gutxi baitzen gidoi guzti hura ikasteko, baina baiezkoa eman nahi nien, pentsatuz konponduko ginela datekin. Gauza zen bazutela pelikula hura egingo zuen aktore bat, baina hark huts egin zien azken momentuan eta presa zuten beste bat bilatzeko. Ekoizleak deitu zidan eta gero Galderrek -Galder Gaztelu-Urrutia, pelikularen zuzendaria-. Nire etxera etortzeko esan nien, eta hala egin zuten. Nik baietza eman nien, baina argi utzi nien hain egun gutxitan ezinezkoa zela gidoi hura ikastea, eta egiten joango ginela esan nien. Hala, pelikula ordena kronologikoan grabatzeko eskatu nien, eta hala egin genuen. Eta horrela, egunero, lorik ere egin gabe, eta behin eta berriz irakurtzen eta entseatzen grabatu genuen. Gogorra izan zen, eta hasi nintzenean beldur nintzen, baina laguntasun handiarekin eta lan asko eginez, aurrera atera genuen.
Irrati-esatari, musikari, antzerkiko zein zineko aktore… Ibilbide luze eta oparoa izan duzu.
Egia esan, lanik inoiz ez dut faltan izan. Antzerkian, esaterako, antzezlan bat bukatu eta beste bat hasten nuen jarraian; batzuk, lau pezetakoak eta beste batzuk gehiagokoak, baina beti lanean. 2000. urtean hasita edo, zinemako lanekin uztartzen hasi nintzen. Zuzendari gazteek deitzen ninduten, paper motzak edo bigarren mailako paperak betetzeko. Eta Madrilen egonik, arratsaldetan antzerkia egiten nuen, eta goizetan zinemako edo telebistako lanen bat. Telebistan, Estoy vivo telesail arrakastatsuan lan egin nuen, eta horren ostean ailegatu ziren telesail gehiago. Horien guztien tontorrean jarri zen gero El Hoyo pelikula.
“Istripuz lortu nuen ‘El Hoyo’-ko papera. Gidoia irakurtzen hasi eta pentsatu nuen: ‘Baina zer da hau? A zer astakeria!’. Baina asko gustatu zitzaidan”
Txikitatik egon izan zara arteari lotuta; aita ere musikaria zenuen.
Ni beti artisten munduan murgilduta egon izan naiz. Nire aita musikaria zen, eta antzerkia ere egiten zuen. Beragatik hasi nintzen ni antzerkiarekiko zaletasuna izaten. Aitak afizionatuen antzerkia egiten zuen nire herrian, Mundakan, eta hura eszenatokian ikustea niretzat oso ohikoa zen. Nire etxetik pasatu direnak artearekin lotutakoak izan dira; aitaren lagunak margolariak, musikariak, aktoreak… ziren. Lanbide honetan murgiltzeko, beraz, etxekoen laguntasuna izan dut beti, ez dut inolako burukominik hartu horregatik.
Antzerkian lan asko egin izan duzu urte askoan, baina zinean beranduago sartu zinen.
Ez neukan presarik zinean lan egiteko, ez zidan arreta berezirik deitzen. Nire aitak arte zuzendari moduan lan egin zuen Tormenta pelikulan, eta, hortaz, hori ere txikitatik ikusi izan dut, baina antzerkia zen niri interesatzen zitzaidana. Gainera, lehen Madrilen eta Bartzelonan egiten zen zinea, eta estudioetan grabatutakoa, beraz, bertan bizi beharra zegoen. Eta ideia hori ez zen nire burutik pasatzen. Antzerkian, gainera, beti lana izaten nuen. Antzerkiak beste gauza bat dauka; antzokira sartu eta bertako usaina… Telebistak, aldiz, berehalakotasuna dauka. Eta zinean, jendeak eszenek aspertu egiten dutela uste duen arren, niri asko gustatzen zaizkit eszenak; beste gauza batzuk ikusteko aukera ematen dute, teknika aldetik, esaterako. Hala ere, ni ez nintzen berandu hasi zinean, berandu ikusi dute nire meritua. Zerbaitetan ona izatea ez da ondokoarentzat interesgarria izaten; korronteren bat mugitu dezakezula usaintzen dutenean eta aldamenekoari kalte egin diezaioken haize pixka bat mugitzen duzula ikusten dutenean kanporatu egiten zaituzte. Hori ez da soilik gure lanbidean gertatzen, baina gurean are nabarmenagoa da.
Zaila al da ogibide honetan norbere lekua aurkitzea?
Ez da bat ere erraza lekua egitea. Ni ez naiz zakarkeria zalea, ez naiz harrokeria zalea, eta nik antzerkian eta musikan nire mundua topatu dut, eta mundu horretan poztasun handiarekin bizi izan naiz beti. Erori naiz, baina zutik jarri naiz berriz eta aurrera egin dut, eta horrela denbora osoan; erori eta zutundu, erori eta zutundu, inoiz ezertaz damutu gabe. Beti ametsetan egon naiz ni, baina lan egiten.
Zein da sekretua horrela jarraitzeko?
Ogibidea maitatzea, estetika eta gauza politen laguna izatea eta mundua beste modu batera ikustea, ametsetan beti; utopiazko munduan bizitzea, jakinik utopian murgilduta gaudela, baina utopia horretara gerturatzen, egiaztatzeko zenbat duen egiazkotik. Eta beti aurrera egitea, erori arren.
“Ez dago paper askorik gure adineko pertsonentzat. Niretzat, ordea, adin tarte hau zoragarria da, pena laburra dela, eta laster amaitzen dela”
Bada oraindik amestu bai, baina egin ez duzunik?
Beti dago egin ez dudan eta egingo ez dudan zerbait; zoritxarrez, bizitza motza da. Gogoa egiteko beti daukat, baina 30 urte ere ez ditut, eta gabezia batzuk nabaritzen dira, nahiz eta nire pertsonaien paperak egiteko ondo nagoen. Buruz ere fresko nago; beraz, deitzen nauten bakoitzean aurrera egiten dut. Ekoizleak beraiek ere ez pentsa pertsona nagusi zaleak direnik; ez dago paper askorik gure adineko pertsonentzat. Niretzat, ordea, adin tarte hau zoragarria da, pena laburra dela, eta laster amaitzen dela, baina guztia gainetik ikusten da, eta irribarre batekin. Gaur itsusi ikusten dudana bihar politago ikusiko dudanaren pentsamenduarekin egiten dut nik beti aurrera.
Eta orain, baduzu zerbait esku artean?
El Hoyo pelikularen bigarren zatia grabatzen hasiko gara egunotan. Bestalde, beste pelikula bat grabatzen ere banabil Asturiasen, narkotrafikatzaile asturiar baten papera hartuta. Lana badago, eta badaude gauzatxoak.