Sobietar Batasunean jaio eta hazia, Estatu Batuetan bizi eta hil zen Joseph Brodsky (San Petesburgo, SESB, 1940 - New York, AEB, 1999) poeta. 1972an egin zuen ihes Sobietar Batasunetik itsasoz bestaldera. Hala ere, Venezia zuen maite, eta urtero, negu partean, bisitatzen zuen Italia iparraldeko hiria. Jaioterriko hiriak kanalak zituen, baita Veneziak ere, eta hori izan zitekeen hain atsegina izateko arrazoietako bat. Are, bertan daude lurperatuta idazlearen errautsak, haren eskariari menez.

Eleanitza izanik, errusieraz idazten zituen poemak, eta hain justu 1991n Literaturako Nobel Saria jaso zuen Brodskyk bere lanetako batengatik. Kontrara, saiakerak eta ez fikziozko lanak ingelesez argitaratu ohi zituen. Hamarnaka liburu kaleratu zituen, 'Ur-marka' da idazleari euskaraz irakurri dakiokeen lehenengo lana, jatorrizkoaren argitalpenetik 30 urtera. Rikardo Arregi (Gasteiz, 1958) poeta eta itzultzaileak izan du Katakrak etxearen bitartez euskaratzeko ardura. Arabarrak azaldu duenez, bere ekimenetik abiatuta egindako itzulpena da kaleratu berri dutena: "Orain dela 20 urte irakurri nuen liburua gazteleraz. Orain dela bi urte, Venezian izan nintzen Angel Errorekin batera bertako unibertsitatean hitzaldi bat ematen. Han ginela, egun berean topatu nituen italierazko eta ingelesezko bertsioak". Ildo horretatik erantsi du egun horretan bertan hasi zela lehen parrafoak itzultzen. "Aspaldiko ametsa nuen Brodsky euskaraz irakurri ahal izatea", aitortu du itzultzaileak.

Saiakera poetikoa

Liburua ingelesez idatzita dagoen arren, italierara itzulitakoak ikusi zuen argia lehenik. Urte batzuk beranduago kaleratu zuten jatorrizko bertsioa. Idazle gisa, sailkatzeko zaila dela dio kritikak, eta hain justu liburu hau bera ere "bitxi" eta "kurioso" gisa deskribatu du Arregik. Saiakera lan hau ez da ohiko saiakera baten modukoa gasteiztarraren aburuz, baizik eta 50 piezatik gora osatzen duten mosaiko bat. Azpimarratu du ez dela Veneziaren inguruko gidaliburu bat ezta bidaia-liburua ere, bai ordea bidaiatu egin daitekeela bertara erreferentzien bila. 'Ur-marka' lanean bilduta daude Brodskyk Venezian bizitako pasarteak, bertako lekuen deskribapenak, sentitutako sentsazioak, ezagututako artistak, jendea -kalekoak zein ezagunak-€ Idazki horiek denak sobietarraren gaitasun poetikoaren adierazle direlarik. Erreferentzia mitologikoak eta biblikoak, bere obra osoan zehar ageri moduan, ugariak dira lan honetan ere, eta umoreak badu, era berean, bere espazioa, itzultzailearen hitzetan: "Venezia eztei-bidaietarako destinoa dela esaten zuten, Brodskyk, berriz, dibortziorako hiria zela zioen".

"Brodskyrentzat Venezia begiradaren paradisua zen", adierazi du Arregik idazleak hiriarekiko zuen miresmenaz. Ez omen zen oporretan joaten, itzultzailearen arabera, baina beti zuen egiteko ezer: poemak idaztea, libururen bat itzultzea€ "Egotera joaten zen".

Hala ere, idazlearentzat Venezia aitzakia bat baino ez zela izan ondorioztatu du itzultzaile arabarrak: "Fijazio berezia zuen urarekin". Hala bada, beraz, urak eta denborak bat egiten duten hirian kokatu zituen Brodskyk bi horien inguruan zituen gogoetak eta pentsamenduak. Bitxikeria modura, halaber, Arregik azaldu du Brodskyk asko maite zuela Gabon zahar gaua ura zuten lekuetan ospatzea.

Handi baten lehena

"Euskarak merezi zuen Brodskyren itzalaren zati bat", esan du itzultzaileak. Orain arte Interneteko Euskarari ekarriak atarian Koldo Izagirrek itzulitako Iparburuko esploratzailea poema baino ez zegoen. Brodsky bezalako "handi" baten ekarpena ezinbestekotzat jo du Arregik. "Ez da bere lanik ezagunena izango agian", esan du itzultzaileak, baina balio du Veneziaren inguruko beste ikuspegi bat izateko eta bere idazkeraren lagin modura, besteak beste.

Itzulpen prozesuari berari buruz, Arregik onartu du uste baino zailagoa izan zaiola egitekoa: "Hasieran sinplea dirudien arren, ez da hain erraza izan". Hari horri eutsita azaldu du liburu laburra izanagatik ere, metaforak eta horien garapenak konplikatuak izan direla, hizkeragatik baino gehiago, pentsamenduen eta esanahien aldetik: "Batzuetan zaila izan da ulertzea zer esan nahi zuen metaforatan". Itzulpena bukatutakoan Katakrak argitaletxekoei bidali zien eta editorearen onespena jaso ostean ekin zioten publikazioari. Brodskyk Veneziari eskainitako hitzez gain, hiru hitzartzek osatzen dute edizioa: itzultzailearena berarena, euskaratzeko ekimenaren nondik-norakoen kronika eginez; Angel Erro idazlearena, sobietarraren jite poetikoaz; eta editore izan den Hedoi Etxarterena, idazlearen testuingurura egindako gerturatze moduko batekin.